Albistea entzun

Herriko bozak Ipar Euskal Herrian

Uraren kudeaketa, eztabaida ahantzia

Hauteskunde kanpainako eztabaidetan leku urria du ur edangarriaren kudeaketak. Alta, Euskal Elkargoan deliberoak hartzekoak dira ondoko urteetan; kudeaketa enpresa pribatuei azpikontratatu zaien herrietan, publikora pasatzeko parada badute, guti aipatzen bada ere.
Baionako ur konpainia publikoaren kudeaketa Euskal Elkargoaren esku gelditu da.
Baionako ur konpainia publikoaren kudeaketa Euskal Elkargoaren esku gelditu da. HITZA Tamaina handiagoan ikusi

Joanes Etxebarria -

2020ko martxoak 7 - Maule

Urtarrilean pasatzekoak ziren Euskal Elkargora, Notre legearen arabera, uraren kudeaketa herrien eskutik, nahiz eta Euskal Elkargoaren kasuan herri gehienek 2018 hastapenetik eskumen transferentzia egina zuten. Elkargoaren aitzinkontuak badu beraz uraren lerroa —ur edangarriarena eta ur zikinena—, baina eztabaidarik abantzu ez du eragiten kudeaketa motaz aldatzeko paradak.

Ur edangarriaren kudeaketa mosaiko konplexua dela argiki erakusten du artikulu hau ilustratzen duen infografiak: ur konpainia publikoa duten herriak, herrien arteko sindikatuak, eta zerbitzua enpresa pribatuei azpikontratatzen dieten herriak badira lurraldean zehar. 72 herri dira ur konpainia publikoa dutenak (osoki publikoa ala zerbitzuaren parte bat azpikontrataturik) eta 60 kudeaketa enpresa pribatuen esku utzia dutenak; horiek, nahi balute, kudeaketa publikora pasatzeko hautua egin lezakete lehendik izenpetu kontratua bukatzera doalarik.

Luzeak badira ere, Euskal Elkargoa sortu aitzineko herri elkargoek, sindikatuek ala herriko etxeek enpresa pribatuekin sinatu kontratuek iraungitze data badute. Zazpi sektoreetako hautetsiek (lehengo herri elkargoak), kudeaketa kontratuak bukatzean, Ipar Euskal Herriko ur konpainia publikoaren kudeaketaren hautua egin lezakete. Kontsultatuak izanen dira gutxienez beren iritzia eman dezaten, joan den urte bukaeran Zuberoako hautetsiek egin zuten bezala 25 herritako ur edangarria kudeatzen duen Lagun enpresaren kontratua agortzera zihoalarik.

Baina hautetsi gehienak, Zuberoan argi gelditu zen bezala, ez dira uraren gaiaz jabetu edo bereziki informatu. Beren iritzia emateko bozkan, adibidez, hautetsiek ez zuten kasu egin Elkargoak berak Espelia kabineteari manatu zion azterketaren emaitzari; txosten horren ondorioek ur konpainia publikoaren aldeko hautua gomendatzen zuten, eta azpikontratu pribatu bidezko kudeaketa «gutien egokitua» zela gehitzen zuen. Horren alde jo zuten, halere, hautetsi gehienek. 128 boz izan ziren enpresa pribatu baten esku uztearen alde, 16 kontra eta 28 abstentzio. Beren ur konpainia duten herriek gisa berean segituko dute, baina aldaketarik ez da izanen enpresa pribatuak kudeatzen dituen herrietan ere.

Interes apalaren beste seinalea da Elkargoko uraren batzorde iraunkorreko azken bilkuretan hiru auzapez baizik ez zirela bildu, hauteskundeen ondorioz omen. Hauteskundeak izan aitzin ere, ez ziren trumilka joaten. Batzorde horretan biltzen dira hainbat elkartetako kideak ere, CADE ingurumenaren defentsa elkartekoak horien artean. Pascal Burgues elkarteko kidearen ustez deliberoak aitzinetik hartuak bezala dira: «Ohartzen gara azpikontratu pribatuez iritzia eskatzen zaigula deliberoa jadanik hartua delarik. Hori ikusi dugu kasu batean eta pentsatzen dugu sistemak horretara jotzen segituko duela». Haren erranetan, «usaintzen» hasiak dira enpresa pribatuekin kontratuak bukatu arau, sistema horren alde egiten segituko dela.

Baiona adibide

CADEko kidearen arabera, entzun ohi dute «ez dugula gaitasuna zerbitzu publiko gisa aritzeko eta kudeaketa talde pribatuen esku utzi behar dela», baina Baionako konpainia publikoak kontrakoa frogatzen du, bere ustez: «Eskualdeko ur edangarri unitaterik handienetarikoa da Errobiko lantegia. Bada gaitasuna». Eskala handiko konpainia bat sortzekotan, gainera, Ipar Euskal Herriko eskola desberdinetan aski ingeniari formatzen direla gehitzen du, «gaitasuna dutenak ur edangarriaren koadroan misio bat asumitzeko». Bestalde formazio sistemaren «ekosistema aberasteko» balioko luke, Burguesen arabera, kudeaketa publikoaren alde jotzeak eskolen garapena ekarriko lukeelako.

Hauteskunde garaiko neurri zorrotzekin, ardurak dituzten hautetsiek ez dute beren agintaldiko lanaz hitz egiteko zuzenik; horregatik ez da mintzatu oraingoan Serge Arcouet, Elkargoaren esku izan aitzin Baionako ur konpainia publikoaren ardura zuen hautetsia. Baina Hitza-ri 2017an egin adierazpenekin argitu zuen lurraldeko kudeaketa desberdinak elkartzearen beste zailtasun bat: «Hitz garrantzitsua, aldaketa honetan, elkartasuna da. Baionan, herri elkargo handi honen alde bozkatu dugu, nihaurek sostengatu dut, kostaldeko ala barnealdeko lurraldeek zerbitzu berak ukan ditzaten. Ez da erraza, diferentzia handiak daudelako prezioan, adibidez. Barnealdean, ur kontsumitzaile anitz laborariak dira; horiek kontsumitzaile handiak dira, eta prezioari zinez atxikiak dira. Prezioen bat-egitea eztabaida garrantzitsua izanen da, eta kasu egin behar dugu barnealdekoak ez daitezen zigortuak izan». Prezioak orekatu beharra aipatzean, Jean-Rene Etxegarai Elkargoko buruak argi utzi zuen «prezio apaltzeak nekez» gertatuko direla, ur sareen mantentze gastu handia delako.

Gaur egun diferentzia handiak dira prezioetan, eta, harmonizazioa aipatzen bada ere, ez da gai zerrendan oraino. Mauleko adibide bat aipa daiteke, hiri berean ur konpainia publiko bat eta enpresa pribatu bat baitira kudeatzaile, sektoreka: 150 metro kubiko kontsumitzeagatik, pribatuan 450 euro pagatzen dira eta publikoan 276 euro.

Gastuetan, berriz, Pascal Burguesentzat pribatuena da garestiena: «Kolektibitateak enpresaren esku uzten duelarik sareen kudeaketa, ohartzen gara usu ez direla behar bezala zainduak, zerbitzuaren kalitate aldetik ez dela kudeaketa publikoan baino hobea eta gastua handiagoa dela, garestiago dela. Eta azken finean kontratua bukatzean inbestitu behar da zeren eta enpresak kolektibitateari kargu hori uzten dio ez duelako ur sarea behar bezala zaindu».

Baionako ur konpainiak arrazoi ematen diela uste du CADE elkarteko kideak, «zerbitzu hobea eta merkeagoa» eskaintzen duelakoan. Parisko adibidea ere aipatzen du Burguesek kudeaketa pribatuaren eragina aztertzeko: «Kuriosoa da hemen interesik ez izatea. Parisen interesa eragin du, eta izan daiteke adibide bat. Frantziako herririk handienetarikoa da, ordezkaritza pribatua utzi eta konpainia publikora pasatu dena. Deigarria izan behar luke hautetsientzat, baina ez». Haren ustez, sinple da konprenitzea logika: «Enpresek kontuak lehen lehenik akziodunei eman behar dizkiete, ez administratuei, logika ekonomiko bat da. Baina ura bezalako ontasunekin ez litzateke logika ekonomikorik izan beharko».

Hautetsien hautuak, gainera, epe luzeko ondorioak dituela begi bistakoa da elkarteko kidearen ustez, duela urte anitz enpresa pribatuekin izenpetuak izan diren kontratu gehienak, aurten eta 2027 artean bukatuko direlako. Pascal Burgues: «Erran nahi du kolektibitatea eta jende guztiak engaiatuak direla agintaldiaz harago doan epe batentzat. Hautu horrek ondorio larriak ditu. Baina hautetsi gehienek nahiago dute pribatu bati azpikontratu bat sinarazi hogei bat urterentzat eta horren ardura ez hartu».

Aldaketarako parada

Erran bezala Zuberoako hautetsien gehiengoak, Euskal Hirigune Elkargokoen gehienek ere, 25 herri zuberotarrentzat kudeaketa azpikontratu bidez luzatzea deliberatu zuten. Hego Lapurdin ere berdin, Agur enpresari utziz ur edangarriaren kudeaketa eta Suez enpresari ur zikinena.

Aurten, beste eskualde batzuetako kontratuak bukatuko dira: Errobi-Aturri poloko hamabost herriren ardura duen Suez enpresarena edo Bidaxune inguruetako zazpi herrietako ura kudeatzen duen Saur enpresarena besteak beste. Gehiago ere izanen dira Lapurdin aurten, 2023an Amikuzen eta 2027an Ospitalepea herriko azpi-kontratu pribatua.

Aldi oro, hirigune elkargoan deliberatuko da kontratuak berrituko direnez edo —posible baita— Ipar Euskal Herriko ur konpainia publikoaren esku utzi nahi denez uraren kudeaketa. Epe desberdinek lurralde bakoitzera eramanen dituzten eztabaida zatikatuak tempo ona edo txarra ekarriko dutenez argitu gabea da Burgues, baina argi du «ura libre» izan behar litzatekeela «nornahirentzat». Ondoko belaunaldientzat ere: «Gaur egungo administratuek badute ur on eta merkearen zuzena, baina biharkoek ere».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Alonsotegiko (Bizkaia) udaletxea. ©Monika del Valle / Foku

Fiskaltzak zazpi urteko espetxe zigorra eskatu du Alonsotegiko alkate ohi Aitor Santiestebanentzat

Iosu Alberdi

Prebarikazioa, dirua bidegabe erabiltzea, dokumentuak faltsutzea eta diru laguntzetan iruzur egitea egozten dizkio fiskaltza Santiestebani.

Espeleologoak Lezetxikiko sistema karstikoaren barruan aurkitutako tunelaren alboan. ©LEZETXIKIREN LAGUNAK

Adifek eta Gipuzkoako Aldundiak txostenak egin zituzten galeria kaltetuaren inguruan

Xabier Martin

Espainiako Garraio ministro Raquel Sanchezek ziurtatu du Lezetxikiko aztarnategiak ez duela «inolako katerik» izan AHTaren tunela dela eta.

Inma Jurio PSNko parlamentaria, atzo, Nafarroako Parlamentuan. ©IÑIGO URIZ / FOKU

PSNk ontzat eman du Nafarroako torturen eta tratu txarren txostena

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Navarra Sumak esan du Poliziari «oso eskertuta» dagoela: «Baina torturatu duena ez da gutarra». PSE-EEk ez zuen PSNren iritzi bera izan duela sei urte; «gatazka baten teoria elikatzen» zuela iritzita arbuiatu zuen txostena.

Torturari buruz «oraindik asko» dagoela ikertzeko nabarmendu dute

Laura Pego eta Jeanette Ruiz Kriminologiaren Euskal Institutuko kideak, iaz landutako txostena eskuetan, Nafarroako Parlamentuan. Atzo eman zuten haren edukiaren berri. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Torturari buruz «oraindik asko» dagoela ikertzeko nabarmendu dute Nafarroako Parlamentuan

Joxerra Senar

Kriminologiaren Euskal Institutuak bere txostena aurkeztu du Nafarroako Parlamentuan. Laura Pego ikerlariaren arabera, kasu kopurua «garrantzitsua» da, eta azterlana «amaitu gabe» dago oraindik

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Joanes Etxebarria

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...