«Hegan egiteko eskubidea»

Transexuala izateagatik eskolan izandako jazarpenak bultzatuta, bere buruaz beste egin du Bartzelonan 17 urteko mutil batek. Chrysallis elkarteak protesta egin du Donostian, eta «umeen identitateak babesteko» eskatu du.

Transfobia bukatzeko eskatu zuten herenegun, Donostian. J.C.RUIZ / ARP.
2015eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Mikel Laboaren Txoriak txori abestiak aireratu zituen bertaratutakoen ahotik irten ezinda zeuden hitzak. Eta kandela gorriekin egindako bihotzak adierazi zuen Alanenganako maitasuna. Transexuala izateagatik eskolako kideek egindako jazarpenak itota, bere buruaz beste egin zuen aurreko astean 17 urteko gazteak Bartzelonan. Heriotza horrek eragindako «mina» adierazteko, Euskal Herriko adingabe transexualen familiak hartzen dituen elkarteak, Chrysallisek, elkarretaratzea egin zuen herenegun, Donostian. Ordu erdiz, «haur eta gazte transexualek hegan egiteko eskubidea» dutela nabarmendu zuten 200 lagun inguruk.

Chrysallis elkarteko Aingeru Mayorren iritziz, «norberaren izaera ez dago hanka artean, buruan baizik», eta hori onartzeko eskatu zieten herenegun botere publikoei, hezkuntza eta administrazio publikoei, erregistro zibileko arduradunei, alderdi politikoei eta gizarte osoari: «Adingabe transexualei babesa ematea, haien sexu identitatea aintzat hartua eta errespetatua izan dadin». Nafarroako Parlamentuak eta CCOO sindikatuak ere gaztearen heriotza salatu dute.

Gizarteko esparru guztietan transfobia «ezabatzeko» ahalegina egin dezatela ere eskatu du Chrysallisek. «Transexualek eta familiek egunero bizi dituzte gizarte mailako zein erakunde mailako mikrobiolentziazko ekintzak», eta horiek sortzen dituzten eragozpenek pertsonengan «zama jasangaitza» sortzen dutela berretsi du taldeak.

«Triste» daude Chrysallis elkartekoak, «min horri erantzuteko hitzik gabe», administrazioarekin «suminduta, etsita eta lotsatuta». Erakundeak «ume eta gazte transexualen beharren atzetik» doazela esan dute, eta eskola sistemaren konpromisoa eskatu dute, «umeen identitatea babesteko». Haur batek «sentitzen den bezalakoa izateko eskubidea» duela gogorarazi du Mayorrek, eta, hori hala izan dadin, «gizarte guztiak» egin behar duela «ahalegina».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.