Udalari presio isunen bitartez

Gasteizko udaltzainek lan baldintza hobeak eskatzen dizkiote udalari. Greba eskubiderik ez dutenez, beste protesta mota bati ekin diote: seikoiztu egin dira kaleko isunak.

Normalean zigortzen ez diren ekintzengantik isunak jartzen dabiltza egunotan udaltzainak. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Kerman Garralda Zubimendi.
Gasteiz
2017ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Badira bi aste Gasteizko udaltzainak normalean baino zorrotzago jokatzen ari direla. Udalarekin lan gatazka bat dute, baldintza hobeak eskatzen baitituzte. Zehazki, soldata hobeak eskatzen dituzte, egutegi malguagoa izatea eta lantaldea handitzea. Greba eskubiderik ez dutenez, segurtasun agenteek arretazko greba bati ekin diote presio egiteko, hau da, hiriko arautegia muturreraino eraman dute. Egunean 250 isun inguru jartzen dituzte, normalean baino sei bider gehiago. EH Bilduren esanetan, hirukoiztu egin da egunotan isunen bidezko diru bilketa.

Teknikoki, ordea, udaltzainak ez daude greban. Segurtasun indarrek ofizialki debekatuta daukate eskubide hori, ustez bizitza publikorako arriskutsuegia izan daitekeelako euren jarduna etetea. Gainera, araudiak argi dio arretazko grebak legez kanpokoak direla. Horregatik, udaltzainek ez dute ofizialki onartu greban daudenik, eta, beraz, zaila da jakitea egoera noiz itzuliko den normaltasunera.

Baliteke egun gutxiren buruan izatea, sindikatuak eta udala negoziatzen baitabiltza, eta udalak aurreratu ditu jada proposamen batzuk. Carlos Zapatero Gasteizko Udaleko Segurtasun zinegotziak iragarri duenez, udalak hamar egunetan hamabost udaltzain kontratatzeko asmoa du, eta sindikatuei bi neurri proposatu dizkie: jaiegunak hartzeko malgutasun handiagoa, eta %1,5eko igoera soldatetan. «Erantzun positibo bat espero dugu. Berandu baino lehen konpondu beharda egoera hau, inori ez baitio mesede egiten, eta kalte, berriz, askori: lehendabizi herritarrei, eta baita ere udaltzainei beraiei».

Zapaterok onartu du udalak 31 udaltzaineko defizita duela. Aurreko udalari egotzi dio errua, ez zuelako lan eskaintzarik zabaldu. Halere, gogoratu du aurten 32 plaza eskaini dituztela, eta datozen hilabeteetan ahalik eta kopuru handiena izango duen beste lan eskaintza bat egingo dutela. Era berean, udaltzainen lan zama arintzeko, segurtasun pribatua kontratatzeko aukera iradoki du zinegotziak, besteak beste Gabonetako apaingarriak edo herriko eraikinak zaintzeko garaian.

Lan karga handiaz gain, atseden hartzeko aukerarik ez dutela kexu dira udaltzainak, egun jakin batzuetan derrigor joan behar dutelako lanera, jai hartzeko aukerarik gabe. Hori dela eta, segurtasun beharren arabera, derrigorrezko egunak kendu eta bi agentek batera libratzeko aukera proposatu du udalak. Udaltzainen soldatei dagokionez, berriz, «aurrekontuek ahalbidetzen badute», 2018rako %1,5 haziko direla argitu du.

Neurriak «aski ez»

Sindikatuek iragarri dutenez, udalaren neurriak ez dira nahikoak, eta ez dituzte onartuko. «Gorka Urtaranen gobernu taldeak ez ditu serio hartzen gure eskakizunak», salatu dute sindikatuek. Kexu dira eskainitako neurriak ez doazela arazoaren errora, eta «langile faltaren eta eskubideen galeraren arazoak bere horretan» jarraituko duela.

Protesten lausotasunagatik, ez dago argi neurri zigortzaileekin jarraituko duten presio egiten. Bitartean, Gasteizko sindiko Martin Gartziandiak erregutu du isunak ez tramitatzeko. Gartziandia erakundeen aurrean Gasteizko herritarren defendatzailea da, eta,haren hitzetan, udaltzainak erabiltzen ari diren ahalmen zigortzailea «agintea desbideratzea» da. Horregatik, isunak kontuan ez izateko eskatu dio administrazioari. Kargu hartu dio udalari, esanez ez dela bidezkoa isunak ezer gertatuko ez balitz bezala tramitatzea, azken finean, kaltetuak herritarrak direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.