urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Gerra Karabakh Garaian

2020ko urriaren 11
00:00
Entzun
Yerevanen armeniar genozidioaren urteurrenaz BERRIArako erreportajea eginda, herrialdeko komunitate kurdua bisitatzeko aukera izan nuen duela urte batzuk. Herri yezidiak daude hiriburutik askorik urrundu gabe, Kaukasoko eta Ekialde Hurbileko ohiturek bat egiten duten lekuetan. Yerevanen bertan badira Turkiatik ihesi iritsitako militante kurdu erbesteratuak ere. Historikoki oso harreman estua izan dute bi herriek, eta XX. mendean kurduera guztiz debekatuta zegoenean Armeniako irrati kurdua zen Turkiako eta beste herrialde batzuetako kurduek euren hizkuntza entzuteko leku bakarra.

Handik gutxira, Karabakh Garaira joan ginen lau lagun kazetari. Bide luzea da Yerevandik, ia Iraneraino iritsita, bidean ezkerrera egin eta Latxingo lurraldea igarota sartzen zara Artsakh deitzen dioten lurraldean. Latxin bera ia hutsik dago gaur egun, baina duela ehun urte Kurdistan Gorri izeneko eskualde txiki bati izena eman zion. Latxingo kurduak, baina, Bakun, Azerbaijango hiriburu ederrean aurkitu nituen duela lau urte. Kaspioaren ertzean kontatu zizkidaten euren arrangurak, armeniarrek kanporatuta etxeak utzi beharra eta hizkuntza ukatzen zien eta geroz eta militaristago ziharduen herrialde baten bizitzea.

Ez dira kurduak bakarrik. Bakea, lana, osasuna, justizia ahalbidetzen dien herrrialde batean, armeniarrek zein azeriek nekez ez lukete gerra deirik onartuko. Horiek guztiak ukatzen direnean, beti da interesgarria boteretsuentzat lur zati batengatik borroka egitera deitzea. Aste bi dira gaur Karabakh Garaiko gerra berpiztu zela. Ostiralean alde biek adostu zuten su-etena Moskun. Ezin jakin, ostera ere gerra betean izango diren dagoeneko, ala astiro-astiro eta han-hemenkako borrokak apaldu ahala egoera horretan geratuko den egoera.

Hori da, gutxi asko, 1994an gertatu zena: dozenaka mila hildako, ehunka mila etxegabe, eta frontea hondoratu zenean, Moskuren abaroan su-etena adostu zuten. Hala geratu dira gauzak orain arte: su-etena soilik, gerra ez zen sekula amaitu, erabateko bakerik ere ez, eta etengabe zornatzen egon den zauria. Armenia pobretuan erabateko eragina zeukan Karabakheko elite batek herrialdearen norabidea etengabe baldintzatu du, eta Azerbaijanen gerra hondoratutakoan boterea lortu zuen —berreskuratu, sobietar garaiko jukutriak leheneratuz— Aliyev klanaren autoritarismoa gailendu da. Herrialdearenkontraesan guztiekin: askatasun demokratiko eskaseko autoritarismoa baina gasak eta petrolioak aberastutako hiriburua. Eta luxuzko Baku distiratsu horren inguruan, Karabakhetik eta inguruko probintzietatik kanporatutako 400 mila lagun, etengabe erakutsiz sendatu gabeko zauri hori. Nazioarteko mapetan Karabakh Garaia Azerbaijanen barruan agertu den arren, egiaz ez da sekula Azerbaijango errepublikaren menpe egon 1991n independentzia lortu zuenetik.

Azken mende laurden honetako porrota eta egungo egoeraren gakoetako bat «dena ala ezer ez» estrategia, bakegintzan urratsik ezin ematea izan da. Karabakh Garaiaren estatusa adibidez azken unerako utzita, eta lurralde hori baino askoz handiagoa den eta armeniarrik bizi ez ziren lurraldeetan urratsak egitea, 1993ko garbiketa etnikoan handik kanporatutakoak itzul zitezen.

Errusiak inperioaren rola jokatu du urteotan, elkar joka ari diren bi ume bereizten dituen irakaslea legez, oreka ezinezko horri 26 urtez eutsi bai baina zauria konpondu gabe. Azerbaijanek autosufizientzia lortu du eta eskualdeko gobernu gehienekin dauzka harremanak (eta negozioak, bistan da): Israel, Turkia, Iran, Errusia, EB zein AEB.

Azerbaijanek Armenia zapaltzeko askoz diru, biztanle eta arma gehiago ditu aspalditik, baina 2008an ikusi zuen behin baino jokatu ezin duzun karta dela. Georgiak Hego Osetia konkistatzeko ahalegina galduta, behin betiko galdu zituen eskualde hori eta Abkhazia. Eta Azerbaijanek ere badaki erabateko kolpean irabazi ezean berdin gerta dakiokeela Karabakh Garaian.

Orain arte indarkeria piztu izan denetan, Moskuk laster samar lortzen zuen Armenia eta Azerbaijango agintariak mahai bueltan eseriaraztea. Oraingo honetan desberdina izan da: aste bi, ehunka hildako, lurraldearen kontrolean aldaketak eta arma berriak agertzea, droneek Armenia armadan egindako txikizioa adibide.

Turkiaren beso luzea ez da ezkutatu ere egin: Siriako eta Irakeko Kurdistanen nahieran ibilita, Zipren esku hartuta, barne-oposizioa espetxean Turkian eta, bereziki Libian Errusiak babestutako miliziei nagusituta, Recep Tayyip Erdoganek argi utzi du ez diola inori utziko bere politika baldintzatzen. Politika neo-otomano islamista, panturkikoa baino gehiago. Gogoan hartu Azerbaijanen zati handiena ez dela independentea, Irango lurraldean dago. Herrialdeko bigarren talde etnikoa dira pertsiarren ostean, eta biak ere xiitak izanik, estatuaren gidaritzan egon izan dira, azerbaijandarrak turkiarrak eta irandarrak indoeuroparrak izan arren. Iran Armeniaren arnasbide garrantzitsuenetakoa bihurtu da, horratik. Geopolitikan nork bere interesak ditu, eta herritarrak dira interes horiek sufritzen dituztenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.