urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Arrazismoaz

2020ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
AEBetako Minneapolis hiriko gertakariek, polizia zuri batek George Floyd itota hiltzeak, mundu osora ekarri ditu protestak. Arrazakeria arazo larria dute Estatu Batuek; euren iragan hurbilari eta herrialdearen beraren oinarriari behar bezala begiratu ezinik, eta horrela nekez uler daitezke egungo joerak, izan arrazismoa, izan armen garrantzia, zein bi elementu horiek lotutakoan sortzen duen psikosia.

2015eko Baltimoreko gertakarietatik Poliziak hildako lagunen zenbaketa hasi zuen Washington Post egunkariak: mila inguru urtero. Aurtengo ekainerako iazko epe berean baino 49 gehiago ziren. Larria da egoera. Baina eguneroko ogia ere bada: hiru lagun hiltzen dituzte egunero. Zergatik protesten eztanda hau orain, orduan? Alde batetik, ez da «orain» soilik gertatu: 2014an Obama presidente zela egin zen ezagun I can't breathe (ezin dut arnasa hartu) esaldia, New Yorkeko polizia batek Eric Garner itotzeraino estutu zuenean. Hurrengo urtean Freddie Grayren heriotzak ekarri zituen Baltimoreko protestak, eta ziklikoki Poliziaren indarkeriak eztanda soziala ekarri du.

Pilatutako amorrua eta nekea daude alde batetik, noski. «Aski da» esateko beharra. Baina ezin uka eskuin mutur arrazistenaren aldamenean egon den presidente baten jarduna ere, Poliziaren indarkeria babestu eta sustatu dituena, manifestariei mehatxu egin diena. Eta hori guztia, Trumpen amesgaiztoa amai litekeen urtean, azaroko hauteskundeak oso ilusio gutxi pizten duen Joe Bidenek irabaziko balitu. Trumpen porrotaren perspektiba da kitzikagarria, Biden Etxe Zurian ikustea baino gehiago, zalantzarik ez.

Zelan heldu da haserre hori protesta global izatera, duela astebete Euskal Herriko hirietako irudiak horren adibide? Fenomeno globalen segida dago alde batetik -zer esanik ez Estatu Batuetatik badatoreta unea bera, pandemia eta itxialdi baten shockean dakarren elkartasun beharrak. Arrazakeria hor dago, gaiari heldu behar zaio, baina garrantzitsua da mundukoa izan litekeen olatua norbere errealitatera egokitzea ere. Europan iragan koloniala aztertu beharko da, Afrikan kolonialismo horren ondorioak, Ameriketan kolonialismo horren indarkeriazko eragina. Nork beretik abiatuta besteen errealitatera iristeko. Gaiak ekarri du eztabaida txikiren bat gure artean ere, zein leku egin behar zaien gure herri eta hirietan Espainia, Frantzia edo beste inperio kolonial batzuen zerbitzura nabigatu eta arpilatu zuen jendeari? Eta, bestetik, herri zapaldu eta hizkuntza ukatuko kideok, gure egin behar ote ditugu gu zapaltzen gaituzten potentzien alde gure herrikideek egindakoak?

Badago errealitate ukaezin bat: kolonialismo eta arpilatze hartatik elikatu zen mundu ordenan iparralde aberatsean gaude. PEN Internationaleko kongresuetan sarritan agertu zaigun dilema izan da: errentari dagokionez Europako talde aberatsen artean egotea, Asia edo Afrikakoekin alderatuz, baina talde horiek gehiegitan euren lan asistentziala baino gehiago gurean gertatu izan diren hizkuntza-eskubideen eta adierazpen-askatasunen urraketekin joatea: kazetarien atxiloketak, egunkarien itxierak, torturak... Europako edo Ipar Amerikako taldeek beste kontinente batzuetako herrialdeei buruz hitz egiteko zerabilten. Iran, Somalia eta Kurdistango ordezkarien salaketak berehala hartzen dira aintzat, euskaldunok bestelako ibilbidea egin behar dugu, teorian eskubideak zainduago dauden mundu txoko batetik goazelako. Teorian. Baina lanak eman izan zuen fruiturik, eta hala egiten jarraituko dugu: euskarazko hedabideak ezin ikustea, umeei euskaraz ikastea galaraztea, edo poliziak kalean ezin duzula grabatu esatea, behin eta berriz salatuko ditugu. TV3n salatu du Aladdin Azzouzik: «Askok uste dute kalean moro de mierda esatea dela arrazakeria. Eta ez. Moro de mierda esanez mehatxu edo jo egiten zaituen horretatik katalanez hitz egin nahi ez dizuneraino doa arrazakeria». Gurera datorrenari euskara ukatzea ere bada bazterketa —zer da, ba, espainieraz ikastera lehendabizi eta sistematikoki behartzea?—.

2016an poliziak atxilotuta hil zen Adama Traore dute gogoan Parisen. Leopoldo erregearen krimenen memoriari egin behar diete aurre Belgikan. Iragan esklabistari Erresuma Batuan, baina baita Winston Churchilli ere: nazien garaile ala kolonialismoaren kriminala? Euskal Herriko protesten onena afrikar jatorriko hainbat lagun ikustea izan da. Baina ez dadila munduko olatuaren kopia hutsean gera. Arrazakeriarekin batera, Polizia indarkeria salatzen da, eta, lehenetik bezainbat, bigarrenetik ere badago zer hausnartu eta zer goitik behera aldatu. Poliziaren indarkeria tabua da oraindik, 1975ez gero ari bagara. Minneapolisen bideoa egon delako ikusi ahal izan da krimena. Estatubatuarrek ondo ezagutzen dute adierazpen askatasuna, ahaldunduta daude behar denean mugikorra atera eta grabatzeko. Gurean lehen ere zaila zen, eta teknologiaksalaketa erraztu duen bezala zaildu dumozal legeak eta parametro demokratikoen oso urrun dauden kolore guztietako poliziek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.