urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Azken gizona Etxe Zurian

2020ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Joe Bidenek Donald Trumpek baino milioika boto gehiago eskuratuko ditu etzi. Bere merituz baino gehiago presidentearen gehiegikerien ondorioz, baina ez litzateke harrigarriademokratak bost milioi botoko aldea izatea egungo presidentearekiko. Hillary Clintonek ere hiru milioi boto gehiago lortu zituen, baina Estatu Batuetako hauteskunde-sistema anakronikoan horrek ez dizu garaipenik ematen.

Sistema hori ez da berehalakoan aldatuko, eta hauteskunde-kolegioaren arabera jokoan dauden 538 botoetatik erdiak baino gehiago lortzen dituena da presidente. 270 da zenbaki magikoa beraz. Demokratentzat dira jendetsuenak, Kalifornia eta New York, baina errepublikanoak dira nekazari estatu txiki gehienak. Eta azkenean, lau urtean behin gertatzen den legez, estatu gutxi batzuetan gertatzen denak baldintzatzen du guztia. Swing state garrantzitsuenak zeintzuk diren eztabaidan zentratu dira asteotan adituak eta hedabideak, eta bi hautagaien kanpainak ere horietan jarri ditu indarrak -eta milioika dolar: ez da kasualitatea Pennsylvanian izatea bai Trumpek bai Bidenek asteburu honetako ekitaldi gehienak.

Rust Belt (Uherraren zerrenda) aipatu izan da Trumpen 2016ko garaipenaren gako legez. Botereak umezurtz utzitako milioika langile zuriren matxinada izan omen zen, aldeak alde Frantzian Fronte Nazionalerantz jotzen zuten langile auzune pobretu eta behinola ezkertiar horien antzera. Orduan ere bazegoen Donald Trumpen garaipena eragotzi beharraren sentipena, baina ezkerrean bazen bestelako eztabaidarik, eta ez ziren gutxi Hillary Clintonen alde inola ere bozkatuko ez zutela argi esaten zutenak. Besteak beste, alderdi demokrataren barneko ustelkeria eta Bernie Sanders ezkertiarraren aurkako joko zikina konbentzioan bertan nabarmen gelditu zirenetik. Sandersen zale batzuk etxean geratu ziren, eta zati txiki batek Trumpen alde ere bozkatu omen zuen. Ezker eraldatzailearen ikuspegitik, ezin esan Bidenen alde egiteko motiboak Clintonen alde bozkatzekoak baino gehiago direnik. Trump kanporatu beharraren garrantzia da ezinbesteko bihurtu dena, kosta ahala kosta, sudurra estalita bozkatu arren.

Kezka dago, duela lau urte bezala inkestek kale egingo ote duten; Clintoni baino alde handiagoz iragartzen diote Bideni garaipena bai Pennsylvanian, bai Wisconsinen zein Minnesotan. Ezinbestean irabazi beharreko estatua da Pennsylvania Bidenentzat, tarteka hamar puntu baino gehiagoko aldea izan baitu inkestetan: huts egin badute, ziur da gainontzekoetan hondamendia handiagoa izango dela demokratarentzat. Irabazita ere, litekeena da oso Trumpen aldeak auzitara jotzea posta bidezko botoengatik eta azken emaitza ofizialerako luze itxaron behar izatea.

Inkesta guztietan estuago ageri dena Florida da. «Zuek duzue giltza. Florida urdin (demokrata) bihurtzen bada, kito», esan die Bidenek jarraitzaileei. Estatu horren soziologiak (jubilatu askoren erretiro lekua da) Trumpen alde egingo luke ziur aski, adinekoetan batez ere sekulako triskantza egiten ari den pandemiarik ez balego. 1928tik birritan baino ez da aurkakoa gertatu, presidente hautatu dutenak Floridan galtzea; bietan Floridak errepublikano eta AEBek presidente demokrata hautatuta: Kennedy 1960an eta Bill Clinton 1992an. Beraz, arrazoi eman behar Bideni: Trumpentzat ezinbesteko da Florida; hura gabe, Etxe Zuririk ez. Bideni ere konplikatuko litzaioke Floridarik gabe, baina Rust Belt-ean nagusituz gero aukera handia luke oraindik ere. Parte hartzea historikoa izango da, zalantzarik ez horretan, eta aurretik emandako milioika boto horiek sekulako presioa dira Donald Trumpentzat. Polarizazioren jokoari heldu dio presidenteak, baina zubiak lehertzen dituzunean, erdibiderik ez uzteaz gain, zure aldean jende gehiago dagoela begiratu behar duzu: litekeena da Florida irabazita ere, Georgia galtzea errepublikanoek (demokraten amets hezea Texas urdin ikustea da aspalditik, ordea, boto latinoak lagunduta).

Ezin uka, edozelan ere, Joe Bidenen presidentetzak ez duela ilusio handirik pizten, mundua Trumpez libratzeaz harago. Faxismoaren aurrean, beharrezkoa da antifaxista izatea, azken batean. Ez da gutxi, baina ez da aski, zenbait zerga igo, herritarrei osasun-babes handiagoa emanda ere. Presidenteaz gain, 35 senatari ere hautatuko dituzte: egungo gehiengo errepublikanoa amaitzeak sekulako garrantzia izan dezake politika aurrerakoiak edo arrazismoaren aurkakoak egiteko. Ordezkarien Ganbera ere berrituko da: demokratek gehiengoari eusteaz gain, ordezkari aurrerakoi gehiago egon litezke, Alexandria Ocasio-Cortezen (AOC) profileko hautagai gehiagok aulkia lortuta. Ez litzateke gutxi, Trump garaituta ere trumpismoak sustrai sakonak dituela aintzat hartuta.

Izan ere, Bidenen adina ere bada itxaropenerako giltza, agintaldi bakarra egiteko irabaziko duelakoan: urtarrilean kargua hartzen badu, 82rekin amaituko luke lehen agintaldia. Gero, utz diezaiola Kamala Harrisi lekua, edo lehiatu dadila AOCrekin berarekin eta ezkerretik distira egiten hasi diren gainontzeko ordezkariekin. Trumpen giro toxikorik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.