'Zomorro' ilara luzea Arriagan

Klasikoen 9. Irakurketa Jarraitua egin dute Bilboko Arriaga antzokian. Laurehun lagunek baino gehiagok irakurri dute, pasarteka eta etenik gabe, Franz Kafkaren 'Metamorfosia'.
Amparo Badiola dantzariak <em>Metamorfosia</em>-ren pasarte bat irakurri zuen atzo, Bilboko Arriaga antzokian.
Amparo Badiola dantzariak Metamorfosia-ren pasarte bat irakurri zuen atzo, Bilboko Arriaga antzokian. L. JAUREGIALTZO / ARP

Pello A. Zuazo -

2016ko ekainak 10

Goiz batean, Gregor Samsa amets nahasiak izanda esnatu zenean, zomorro beldurgarri bat bihurturik aurkitu zuen ohean bere burua...». Anton Garikanok hasi du Klasikoen 9. Irakurketa, 08:00etan, Bilboko Arriaga antzokian. Garikanok berak egin du Kafkaren Metamorfosia eleberriaren euskarazko azken itzulpena, eta haren bertsioa aukeratu dute aurten irakurketarako. Haren ondotik etorri da Andres Urrutia euskaltzainburua, eta, haren ostetik, arlo bateko eta besteko pertsona ezagun ugari. Bakoitzak dagokion pasartea irakurri du, bizpahiru minutuz, ganoraz.

Arriaga plazara hurreratu ahala, irakurleen ahotsak ozen entzun daitezke bozgorailuetatik, elkarren segidan, etenik gabe. Pantaila handi bat ere badago atarian, antzokiaren barrualdean gertatzen ari dena entzuteaz gain ikusi ere egin ahal izateko. Pantailaren alde batean, momentuan momentuko irakurlea agertzen da, eta, pantailaren beste aldean, ekitaldiaren antolatzaileek minutuero bidaltzen dituzten Twitter mezuak. Mezu horietan, irakurle bakoitza nor den azaltzen da, baita hurrengoa nor izango den ere.

Antzokiaren atean, mahai batean eserita daude Jon Ibarrondo eta Jabi Ibañez de Aldekoa. Bilbo Zaharra euskaltegiko irakasleak dira biak, eta parte hartzaile guztiei irakurri behar duten pasartea ematea da haien egitekoa. «Oraintxe hartu dugu erreleboa. Txandakatuz goaz. Bi orduko txandak egiten ditugu euskaltegiko irakasleok, binaka». Eguna luze joango da: goizeko zortzietan hasi da irakurraldia, eta 19:00etan bukatzea da asmoa. Ongi ordenatuta dauzkate pasarte guztiak, lau multzotan, bakoitza bere zenbakiarekin. Izan ere, parte hartzaile guztiek aurretik eman behar izan dute izena, eta zerrenda batean dituzte guztien ordu tarteak. «Batzuek huts egin dute, baina, oro har, dena primeran doa; arin topatu ditugu ordezkoak». Ibarrondo eta Ibañez de Aldekoa kontzentratuta daude, zerrendatik begirada altxatu barik. Azaldu dutenez, parte hartzaile gehienek euren pasartea etxetik inprimatuta ekarri dute, baina bakan batzuk esku hutsik agertu dira, eta haiek eman diete zegokien zatia. «Etorri diren politikari guztiek etxetik inprimatuta ekarri dute, badaezpada», esan dute, irribarrez.

Dagoeneko politikari andana igaro da irakurralditik. Joera askotakoak, eta bizkaitarrak gehienak. Kultur eta kirol arloko pertsona ezagunak ere igo dira oholtza gainera. Horien guztien artean, besteak beste, liga irabazi berri duen Athletic taldeko Jone Guarrotxena eta Eztizen Merino.

Euskal etxeak ere, bertan

Arriagako eskaileretan gora eta behera dabiltza jada irakurri dutenak eta oraindik irakurtzeko daudenak, eta mugimendu handia dago antzokiaren atondoan. Han dago oholtza, eta han atrila. Eta haren atzean irakurleen etengabeko joan etorria. Ur botilak ere nonahi, eztarria sikatu ez dadin, eta Metamorfosiak aurrera jarrai dezan.

Laurehun lagunetik gora pasatu dira 19:00ak izaterako Arriagatik. Eta parte hartzaileen erdiak, gutxi gorabehera, Bilbo Zaharra euskaltegiko ikasleak izan dira. Horiez gain, 28 euskal etxeetako kideak ere streaming bidez ikusi ahal izan dira irakurtzen, bai antzoki barruko pantailan eta baita kanpoaldekoan ere: Valladolideko (Espainia) Gure Txokoa, Bartzelonako Centre Cultural Euskal Etxea, Parisko La Maison Basque de Paris, San Frantziskoko (AEB) Basque Cultural Center eta Vancouverreko (Kanada) Zazpiak bat Basque Club, besteak beste.

Arriagan ez da inor zomorro bihurtu. Baina, zomorro batzuek egiten duten legez, ilara edo kate bat eratu dute handik igaro diren irakurleek. Eta kate horren katebegiak, hitzak, Franz Kafkak duela ehun urte idatzi zituen.

Bestalde, jardunaldiari amaiera emateko asmoz, Klasikoen Irakurketa Jarraituak bederatzi urteotan izan duen ibilbideari buruzko erakusketa egingo dute Bilboko metroan, ekainaren 15etik uztailaren 15era.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

 ©PEDRO PUENTE HOYOS / EFE

«'Pandemiaren urteak', esan nuen. Urteak izango direlakoan: urteak»

Arantxa Iraola

Aurrera urratsa egin, eta hedabideetan naro-naro dabilen zientzialarietako bat da Del Val; txertoa lortzeko prozesuak oso azkar doazela onartu du, baina uste du une aski zailak eragin ditzakeela oraino ere izurriak.

 ©Juan Carlos Ruiz / Foku

COVID-19ak hiru hildako utzi ditu Nafarroan

Berria

13.012 PCR egin dituzte Hego Euskal Herrian, eta horietatik 842k positibo eman dute. 

Protesta bat Gasteizen. ©E.PORTILLO/ FOKU

Arabako zahar etxeak ere, grebara

Erredakzioa

Hiru lanuzte egingo ditute, ELAk, LABek, UGTk eta CCOOk deituta, «prekarizazioa» salatzeko

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna