Krasner: ukaziotik aitortzara

Espresionismo abstraktuaren aitzindarietako bat izan zen Lee Krasner artista, baina Jackson Pollock margolariaren alargun izateak gerizpean eduki du denbora luzez. Haren bost hamarkadako ibilbidea aztertu du Bilboko Guggenheim museoak orain, guztira haren 62 margolan batuz.

Erakusketa abiatzen duen Lee Krasnerren autorretratua. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2020ko irailaren 18a
00:00
Entzun
«Oso obra ona da, ez dirudi emakume batek egindakoa». Artean ere ikasle zenean, Hans Hofmann margolari eta irakasleak egin zion aldibereko aitortza eta ukazio esaldi horrek biltzen du Lee Krasner artistak (New York, 1908 - New York, 1984) bost hamarkadako ibilbide artistikoan bizi behar izandakoaren parte handi bat. Hain zuzen ere, horregatik nabarmentzen dute ohar hori sortzaileari eskainitako biografia gehienetan. Gaur egun, gero eta ohikoagoa da bere izena XX. mendeko bigarren erdialdeko AEBetako margolari garrantzitsuenen zerrendetan, eta gutxik ukatuko dute espresionismo abstraktuaren aitzindari izan zenik, baina, ukazioa da aitortza horien guztien abiapuntua. Hasteko, familia judu ortodoxo batean haztearen aukeren aurka hartu zuen pintore izateko erabakia 14 urterekin, eta estualdi ekonomiko bat baino gehiagori aurre eginda burutu ahal izan zituen arte ikasketak. Emakumezko pintore izatea oraindik bitxikeria zen sasoian izan zen Krasner emakumezko pintorea, hori gutxi ez, eta, gainera, urte luzez Jackson Pollock artistaren alargun izatearen itzalpera kondenatu du artearen historiak. Haren figura errekuperatu nahi izan du orain Bilboko Guggenheim museoak, eta sortzailearen bost hamarkadako ibilbidea biltzen duen 62 margolaneko atzera begirakoa eskaini dio: Lee Krasner. Kolore bizia. Urtarrilaren 10era arte egongo da ikusgai.

Europan sekula egin zaion atzera begirakorik sakonena eta osoena da Bilbokoa, eta zor kitatze baten pare aurkeztu du Lucia Agirre komisarioak. «Beharrezkoa zen». 2017an eduki zuten lehenengoz Krasnerren margolan bat ikusgai Bilbon, Guggenheim museoak espresionismo abstraktuari eskainitako erakusketaren barruan, baina Agirrek onartu duenez, lehenagotik zerabilten artistari erakusketa propio bat eskaintzeko ideia. «Oso erakusketa desiratua da hau».

1928ko autorretratu batek abiatzen du ibilbidea, eta kronologikoki antolatu dituzte hortik aurrerako margolan guztiak. Lehen irudi horren garrantzia nabarmendu du komisarioak, ordea. Bertan biltzen baita, haren hitzetan, Krasnerren asmoa. «Printzipio deklarazio bat da». Ikusleari zuzen begiratzen dion emakume bat erakusten du margolanak, pintzelak eskutan, atzean baso bat daukala. «Pintore modura irudikatzen du bere burua». Haren ikasketa ibilbidearen berri ematen dute ondorengo margolanek. Estilo klasikora egindako biluzien ikerketak, Hofmannen eskoletan kubismoaren eraginpean margotutako giza figurak, espresionismo abstraktuan koka daitezkeen lehen margolanak, collageak...

«Krasner ez zen estilo zehatz baten marka pean aritzen zen pintore bat», azaldu du Agirrek. Eta Krasner sorta bat ikus daitezke horregatik sinadura bakar horren atzean. Betiere, erreferentziazko bi artista nagusirekin: Pablo Picasso eta Henri Matisse. Komisarioaren hitzetan, erakusketa osora zabaltzen baita haien itzala.

Erabat uztartuta doaz bizitza eta artea, gainera, bere kasuan. Eskutik, biografia eta pintura. Eta giltzarria da hor Pollocken ispilua. 1942an McMillen Inc. galeriak pintura amerikarrari eta frantziarrari eskainitako erakusketaren harira ezagutu zuten elkar bi sortzaileek, eta ezkonduta zeuden 1945erako. Inpaktu handia izan zuen Pollocken agerpenak Krasnerren pinturan, Agirrek zehaztu duenez, baina haren itzalean gelditzea ere ekarri zuen horrek, erakusketan argi ikus daitekeenez.

Bihitegia eta logela

Peggy Guggenheim arte bildumagileak emandako laguntza ekonomikoari esker, 1945ean, Springs herrira mugitu zen bikotea, baserri batean bizitzera, eta ordukoak dira Irudi txikiak izeneko serieko koadroak. Sorta horren parte diren neurri txikiko hainbat margolan abstraktu ikusi ahalko ditu bisitariak Bilbon, eta, Agirrek zehaztu duenez, Krasnerrek eta Pollockek zuten estatus ezberdintasunaren froga argia ere badira: «Margolan hauek logelan margotu zituen Krasnerrek, eta horregatik dira neurri horretakoak, han sartzeko modukoak izan behar zutelako. Pollockek bihitegian egiten zuen lan, ordea, eta neurri handiko oihalekin lan egiteko aukera ematen zion horrek». Are, neguan, gela bat bakarrik berotzeko beste diru zutenez, bihitegia utzita, logelara joan zen Pollock, eta egongelan jarraitu zuen orduan Krasnerrek.

Zehaztapena ere egin du komisarioak, halere. «Pollockek bazuen arrakasta ordurako, eta, beraz, espresionismo abstraktuaren parte ziren beste artisten emazte askok ez bezala, Krasnerrek ez zuen bere lana eten behar izan bere senarra mantendu behar izateko. Beti margotu zuen, naturala zen harengan, eta bikoteak ez zuen horretaz hitz egin behar izan ere».

Badira Krasnerrek bere margolan zaharren puska apurtuekin osatutako collageak erakusketan, eta, gero, Pollocken eta bere amaren heriotzak dolu sasoi bat hasten du artistaren ibilbidean. Epe ilun horren ostean, ordea, senarraren estudio izandako bihitegian lanean hasten da Krasner, eta neurri handiko margolanak egiteko aukera zabaltzen dio horrek. Indartsuak dira bere mugimenduak. Biziak koloreak. Urteekin neurritsuago izatera joko du sortzailearen arteak, halere, eta ibilbideko lehen aretoko margolanen hondarrekin osatutako collage sorta batek ixten du erakusketa. Hain zuzen ere, Hofmannekin margotutako giza figura kubistaz osatutako hasierara bueltatuz. Gauza bera berriz, baina erabat ezberdin. Buelta oso bat eman ostean.

Feministek berreskuratua

Agirrek esan duenez, feminismoak 1960ko hamarkadan egin zituen Krasnerren figura errekuperatzeko lehen saiakerak, eta hainbat erakusketa antolatu zitzaizkion AEBetan lan horri esker. Europan, 1965ean egin zen Londresen lehen erakusketa erretrospektiboa. Eta komisarioak bigarren berreskuratze moduko bat ikusten du orain martxan.

Londresko Barbican Centre zentroarekin eta bertako Eleanor Nairne komisarioarekin elkarlanean antolatu du erakusketa Bilboko museoak, eta Euskal Herria izango du azken geltokia. Aurrez, Londresen, Frankfurten eta Bernan egon dira margolanak. Seguros Bilbao enpresak babestu du Bilboko irekiera.

«Momentu berezia» izan da erakusketaren irekierarena Juan Ignacio Bidarte Bilboko Guggenheim museoko zuzendariaren hitzetan. Izan ere, Krasnerrena da martxoko itxialdiaren ostean museoak berriz ateak ireki zituenetik prestatu duen lehen erakusketa. Udarako zuten aurreikusita, berez, baina atzeratu egin behar izan dute, koronabirusaren eraginez. Luzatu egin zituzten lehenagotik martxan zituzten erakusketak, baina berriz ere proposamen berriak aurkezten hasteko asmoa du orain museoak. Horregatik, «urratsez urrats» normaltasunera itzultzen hasiko direla erakusten duen ikur bat ere bada Krasner, museoko zuzendariaren iritziz; nahiz eta onartu duenez, erakundearentzat erronka sasoia da egungoa. «Saiatu gara funtzionamenduari eutsiko dion nukleo bat mantentzen, eta programazioari eta geure bideragarritasun ekonomikoari eusten, ahal izan den neurrian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.