Hungariako bozak. Emaitzak

Orbanek gehiengoa berretsi du, Ukrainak markaturiko boz batzuetan

Lehen ministroak bere kabuz bultzatu ahalko ditu oinarrizko estatu erreformak, parlamentuan bi herenen babesa berrituta. Aldaketa politikoaren inguruko beldurra hauspotzen asmatu du kanpainan

Orbanek gehiengoa berretsi du, Ukrainak markaturiko boz batzuetan.
Gorka Berasategi Otamendi - Edu Lartzanguren
2022ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
«Lortu dugun garaipena hain da handia, ezen Ilargitik ere ikus dezakete. Eta, noski, baita Bruselatik ere». Viktor Orban Hungariako lehen ministroak bere burua indartuta ikusi zuen herenegun, EB Europako Batasunaren aurrean. Fidesz bere alderdi ultrakontserbadoreak Hungariako Parlamenturako bozetan gehiengo zabala eskuratu baitzuen, KDNP alderdi demokristauarekin koalizioan. Botoen %53,1 jaso zituen, baina are babes handiagoa izango du parlamentuan. Hungariako Hauteskunde Batzordearen arabera, 135 eserleku izango ditu eskuineko aliantzak, 199 ordezkariko ganberan. Bi herenen babesaren langa aise gaindituko du, beraz, eta aukera izango du konstituzioan egin nahi dituen moldaketak alde bakarrez gauzatzeko.

Ikusi gehiago: LGTBI kolektiboa baztertzen duen legearen galdeketan ez da quorumik izan.

Fideszek tarte handia atera dio oposizioko koalizioari. Botoen %35 bildu ditu Hungariagatik Batuta sei indarreko aliantzak, eta 56 ordezkari izango ditu. Zazpi parlamentari egokituko zaizkio Gure Aberria eskuin muturreko alderdiari, eta eserleku bat MNOO indarrari, zeinak gutxiengo alemaniarra ordezkatzen duen.



Oposizioak kolpe handia hartu du. Lehen ministro izateko haren hautagai Peter Marki-Zayk ez du irabazi ezta bere barrutian ere, Hodmezovasarhelyn, nahiz eta hiriko alkate den 2018. urtetik. Orban ala Europa lelopean egin du kanpaina. Sei alderdiren koalizioko hautagai izan da Marki-Zay: Koalizio Demokratikoa (liberala); Jobbik (kontserbadorea); Hungariako Alderdi Berdea (ekologista); Momentum Mugimendua (liberala); Hungariako Alderdi Sozialista (sozialdemokrata); eta Hungariarentzako Elkarrizketa (ekologista). Alderdiotako buruek bakarrik utzi zuten Marki-Zay porrotean.

Orbanek laugarren agintaldia izango du jarraian. 2010. urtetik dago boterean, eta, ordutik, estatu eredu kontserbadore bat aldarrikatu du. Ildo horrek hainbatetan eraman du EBrekin talka egitera. Bruselak leporatzen dio zuzenbide estatua urratzen duela, adierazpen askatasuna mugatu duelako, sistema judizialean esku hartu duelako, eta gutxiengoen eskubideak murrizteko legeak onartu dituelako. Azken gai horri dagokionez, EBk arau-hauste prozedura bat ireki dio Budapesti, lege homofobo bat sustatzea egotzita. Lege hori berresteko galdeketa egin zuten igandean, bozekin batera.

Horrez gain, EBko herrialdeen artean, bestelako ahotsa hartu du Ukrainako gerraren aferan. «Hau ez da gure gerra, ez dugu sartu behar», adierazi zuen kanpainan. Orbanen esanetan, «hungariarrek ez dute gerraren prezioa ordainduko». EBk Errusiaren aurka bultzatu dituen zigorrak sinatu ditu, baina Ukrainari armak bidaltzearen aurka agertu da. Eta, igandean, garaipenaren berri jaso ostean, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea «aurkari» gisa definitu zuen.

Budapest da Kremlinek EBn daukan aliatu nagusia; neurri batean, Hungariak Errusiarekiko duen energia menpekotasunagatik: kontsumitzen duen gasaren %80 eta petrolioaren %64 Errusiatik inportatzen ditu.

Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenean, otsailaren 24an, irauli egin zen Hungariako kanpaina. Orbanek Putinekin dituen loturak direla eta, pentsatzekoa zen egoerak ataka zail batean jarriko zuela, Moskutik urruntzera behartuko zuela nahi baino gehiago. Baina lehen ministroak asmatu egin du gerra bera oposizioaren aurka egiteko baliatzen. Herritarrei ohartarazi die ezen Marki-Zayk, irabaziz gero, Mendebaldeko herrialdeekin bat egin, Ukrainara armak bidali, eta Hungaria gerran sartzeko arriskuan jarriko zuela. Oposizioko burua prest agertu zen NATOk eskatuz gero Ukrainara tropak bidaltzeko.

Orbanek Errusiaren inbasioa gaitzetsi du, baina baztertu egin ditu Bruselak eta Washingtonek Moskuri ezarri dizkieten zigorrak ere, Hungariaren interesen kontrakoak direla iritzita. «Hungariaren subiranotasuna eta askatasuna babestu ditugu», esan zuen garaipenaren osteko hitzaldian.

Oposizioak aitortu du Orbanen alderdiak «boto gehien-gehienak» jaso duela, baina salatu du bozak ez direla «demokratikoak eta askeak» izan, iritzita gobernuak hedabide garrantzitsuenak kontrolpean dituela eta propagandaren bozgorailu izatera behartzen dituela. «Bagenekien jokaleku desorekatua izango zela». Oposizioak salatu du ezin izan dutela kanpaina baldintza beretan egin. Gobernuz kanpoko erakunde batzuk osatutako txosten batek dioenez, oposizioak gastatutako dirua halako zortzi gastatu du Fideszek publizitatean; eta kopuru horrek legeak ezarritako mugak gainditu ditu.

ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeak hauteskundeak ikuskatzeko misio bat bidali zuen, eta, atzo jakinarazi zuenez, hauteskundeak modu «profesionalean» antolatu baziren ere, ez zuen errespetatu aukera berdintasunaren printzipioa. «Gardentasun faltak gobernuari egin zion mesede, eta eztabaida faltak zaildu egin zuen erabakia».

Egoera ziurgabea

Hungaria alderdi bakarreko agintera azpiratzea egotzi diote kritikoek Orbani. Horretarako, konstituzio erreforma eta hauteskunde araudiaren moldaketak bultzatu ditu, oposizioaren esanetan. Eta aginte horren sostengurako, hedabide gehienak kontrolpean hartu eta enpresariak estatu kontratu handiekin limurtzen dituela salatu dute. Hala, Marki-Zayk herritarrei hitzeman zien ustelkeriaren aurka borrokatuko zela presidente bihurtuz gero, osasun eta hezkuntza zerbitzuak indartuko zituela, eta konpromisoa hartuko zuela Mendebaldeko estatuekin harremanak hobetzeko.

Baina herritarrek gaur egun duten ziurgabetasuna bere mesederako erabiltzen jakin du Orbanek, aldaketa politikoaren inguruko beldurra baliatuz oposizioaren eskaintza gainditzea lortu baitu. Energia lortzeko zailtasun globalek, langabezia handiak eta inflazioaren gorakadak egoera ekonomikoa makurtu dute Hungarian.

Orbanek landa eremuan izan du arrakastarik handiena, balio kristau tradizionalek indar handiena duten biztanleen artean, eta, bereziki, adineko boto emaileen artean. Sektore pobretuek ere sostengu handia eman diote. Baliabide ekonomiko urriko familia askok jasotzen dituzte zerga hobariak eta erregaia eta zenbait elikagai erosteko laguntzak. Hiriguneen eta landa eremuen arteko zatiketa horren erakusgarri, Fideszek barruti guztietan irabazi du, Budapesten eta beste bi hiritan izan ezik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.