Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak. Osasun Saila

Osakidetzan egiturazko beste 919 postu sortuko ditu Eusko Jaurlaritzak

Osasun Sailak 4.638 milioi euroko aurrekontua izango du, aurtengoa baino %5,9 handiagoa. Osakidetzaren diru saila %6 igoko da. Oposizioak kritikatu du lehen arreta aski ez indartu izana

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, artxiboko irudi batean. L.RICO / EFE.
Edurne Begiristain.
2022ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Osakidetzan egiturazko beste 919 lanpostu sortuko dituela iragarri zuen atzo Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Datorren urteko aurrekontu proiektuaren xehetasunak eman zituen sailburuak Eusko Legebiltzarrean, eta han eman zuen lanpostu berri horiek egituratzeko asmoaren berri. Urrian, Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak onartu zuen Osakidetzan egiturazko 2.467 lanpostu sortzea —2.109 postuak egonkortzeko izango dira, eta beste 358 lehen arretan sortuko dira—. Beraz, Sagarduik atzo egindako iragarpena aintzat harturik, Osakidetzak 30.992 egiturazko postu izango ditu denera. Lanpostu horiek hainbat lan eskaintza publikoren bidez beteko dira.

Osasun Sailaren aurrekontuari lotutako kopuru nagusiei dagokienez, 4.368,9 milioikoa izango da datorren urteko aurrekontua, aurten baino 256,90 milioi gehiagokoa; %5,9 igoko da. Sagarduiren hitzetan, igoera horri esker Osasun Sailak 2.114 euro inbertituko ditu biztanle bakoitzeko; COVID-19aren pandemiaren aurreko azken urteko batezbestekoarekin alderatuta, %25 gehiago. Osasun Sailaren aurrekontuaren helburua «desberdintasunik gabeko osasuna» erdiestea da, eta, horretarako, «osasunarekin eta ongizatearekin lotutako politika publikoak» bultzatuko dituzte, Sagarduik azpimarratu zuenez.

Osasun departamentuaren aurrekontuaren zatirik handiena Osakidetzarako izango da: 3.733 milioi izango ditu Osakidetzak, aurten baino %6 gehiago. Sagarduiren arabera, igoera hori lehen arreta indartzeko erabiliko da, batez ere. Osakidetzan egingo diren inbertsio berrietarako, berriz, 117 milioi euro jarriko dira: hamalau osasun zentro eta ospitaletan egin asmo dituzten obretarako, instalazioetarako, eta ekipamendu berrietarako baliatuko da diru hori nagusiki. Inbertsio berrien atalean, Sagarduik iragarri zuen ZIU zainketa intentsiboetako unitateko hirugarren anbulantzia martxan jarriko dutela Araban.

Ikerketari dagokionez, terapia aurreratuak garatzeko eta ezartzeko lan egingo du Osasun Sailak, eta, guztira, 2,4 milioi jarriko ditu ikerkuntzarako. Arreta soziosanitarioan, berriz, apalagoa izango da igoera: soilik %0,8koa, hain zuzen ere. Hala ere, Sagarduik nabarmendu zuen «ahalegin handia» egin dutela foru aldundiekin batera postu soziosanitarioak sortzeko. Osasun publikoaren atalaren diru sailak %1,3 egingo du gora 2023. urtean, eta farmaziako gastuak, berriz, %5,6.

«Apustu ausartik ez»

Oposizioko taldeak nahiko kritikoak izan ziren Osasun Sailaren aurrekontuaren harira, eta lehen arretarako eta osasun publikorako diru nahikorik ez jartzea aurpegiratu zioten Sagarduiri. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, Osasun Sailak ez du «osasun sistema publikoaren aldeko apustu ausartik egin», eta aurtengo aurrekontuen «jarraipen hutsa» dira datorren urtekoak. Elkarrekin Podemos-IUren izenean, Jon Hernandezek kritikatu zuen lehen arretarako diru saila ez dagoela zehaztuta aurrekontuetan, eta itxaron zerrenda laburtzeko neurririk ere ez dagoela jasota. Halaber, eskatu zuen kendu dezatela osasun zentro pribatuekin hitzarmenak egiteko zehaztutako 241 milioi euroko diru saila. Bestalde, PPko legebiltzarkide Laura Garridok salatu zuen lehen arretarako aurreikusitako lanpostu berriak ez direla «aski».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.