Albistea entzun

Kongoko Errepublika Demokratikoa. Julienne Baseke Nzabandora. Afemeko koordinatzailea

«Isiltasuna entzun egin behar dugu»

«Ulermen oro gainditzen» duten indarkeriei belarriak eta boza jartzea: hori da Afem Emakume Kazetarien Elkarteak egiten duen lana. Basekeren ustez, «emakumezkoen lidergoak» ekarriko du aldaketa.
TERESA VILLAVERDE MARTINEZ Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2022ko martxoak 20 - Bukavu

Antzerkia eta poemak izan zituen kazetaritzarako eta aktibismorako abiapuntu, eta poesia anitz eta antzerki guti darie haren hitzei. Julienne Baseke Nzabandora (Kinshasa, 1979) Afemeko koordinatzaile eta Mama Radio irratiko zuzendaria luze eta zabal mintzatu da Kongoko Errepublika Demokratikoan emakumeek bizi duten egoeraz. Itxaropentsu: «Esperantza zilegi da».

Zer egoeratan sortu zenuten Afem Hego Kivuko Emakume Kazetarien Elkartea?

2003a errepikapenezko gerrek markatu zuten Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdean, indarkeria sexualak gerrako arma gisa erabilita. Nahitara hautatu zituzten gerrako taktika estrategiko modura, komunitatea suntsitu eta umiliatu behar zelako; eta etsaiak erran zuen: «Emakumeen gorputzetan borrokatuko naiz». Zeren eta, gure kulturan, norbaitek zure emaztea ukitzen badu, zu harrapatu zaitu. Emakumeak talde armatuen jomuga bilakatu ziren, eta indarkeria sinestezinak ezagutu zituzten, ulermen oro gainditzen dutenak.

Ordura arte ez ziren indarkeria horiek salatzen. Zergatik?

Gizonak ziren txostenak egiten zituztenak, eta lotsa zuten aitortzeko euren andreak bortxatzen ari zirela. Gizonentzat, porrota onartzea bezala zen, eta onartzea bezala ezin izan zituztela euren emazteak babestu. Gerraz hitz egiten zenean, ez zen indarkeria sexualez hitz egiten, eta geure buruari galdegiten genion: «Non daude emakumeen ahotsak?». Guk, orduan, erran genuen: «Isiltasuna entzun egin behar dugu».

Afemek puskatu zuen isiltasuna?

Afemek beldurrari aurre egin zion, eta gatazkaren biktima ziren komunitateetara joateari ekin zion. Emakumeek hasieran ezin zuten mintzatu: ahoa irekitzen zutenean negar baino ezin zuten egin. Afemek lan handia egin zuen: lehenik, haien lekuan jartzen, sentitzen zutena sentitzen. Batzuetan elkarrekin ere egiten genuen negar.

Eta nola lortu zenuten askatzea?

Denborarekin, hitz eginez, pixkanaka ausardia hartu zuten, eta emakume kazetariak ikusten zituztenean indartu egiten ziren.

Gizonek zer egiten zuten andreak bortxatzen zituztenean?

Lehenago egiten zuten ihes. Emakumeek, ihes egiteko, segurtatu behar zuten baliabideak zituztela umeekin alde egiteko. Eta hemen familia handiak ditugu: emakume batek hamahiru ume izan ditzake. Talde armatuak iristen zirenean emakumeak eta haurrak bakarrik atzematen zituzten etxeetan; emakumea umiliatzeko ahal zuten guztia egiten zuten, eta bukatzen zutenean ama horren semeei erraten zieten: «Egin ezazue gauza bera». Uko egiten zioten semeak kolpean hiltzen zituzten. Lagundu genuen emakume batek kontatu zigun bere semeari ama bortxatzeko erran ziotenean uko egin ziola: gerlariek esku zati bat moztu zioten haurrari, eta bere haragia amaren ahoan sartu zuten. Semearen haragia mastekatu eta irenstera behartu zuten ama. Geure buruari erran genion: «Hau gelditu egin behar da».

Eta, horretarako, irratia.

Testigantzak dokumentatzen eta irratietan hedatzen hasi ginen, baina irrati batzuetan ez ziguten uzten. Gobernuak ere ez zuen nahi indarkeria sexualez hitz egin genezan, haientzat ere porrota onartzea bezala zelako. Baina bizirik iraun zuten emakumeek aitortza behar zuten. Emakume kazetariak elkartzen eta gure gaitasunak indartzen hasi ginen.

Emakume anitzek umeak izaten dituzte bortxaketen ondorioz. Ezin da abortatu halakoetan?

Kongoko Errepublika Demokratikoak sinatua eta berretsia du Maputoko protokoloa, zeinak eskubidea ematen dien emakumeei, gerra egoeran adibidez, erabakitzeko umea atxiki ala ez, baina legearen aplikazio tasa oso apala da, mediku gehienek ez baitute protokoloa errespetatzen.

Abortu klandestinorik bada?

Bai, eta arazo bat da: anitz hil egiten dira, bakarrik egiten baitute, jakintzarik gabe... Batzuetan oihaneko hostoak hartu eta edaten dituzte umea aterarazteko, eta intoxikatuta hiltzen dira.

Zer baldintzatan ari dira lanean meategietako sexu langileak?

Ez daude babestuak, eta euren prostituzioa ez da segurua, gizonek erabakitzen dutelako nola egin. Adibidez, eskatzen diete preserbatiborik gabe aritzeko. GIB-hiesaren prebalentzia handia dago, eta emakume eta ume anitz daude eri. Detekzio testik ere ez dute egiten. Emakumeen zaurgarritasuna handitzen du horrek, behartuak baitaude euren gorputza ematera, batzuetan baita edateko ura lortzeko ere.

[Elkarrizketaren erdian bi gizon hurbildu zaizkio Basekeri, «gogorregi» ari delakoan: «Izan zaitez moderatuagoa»].

Jarraitu nahi duzu?

Bai, bai. Ikusten? Gizonek ez dute nahi guk gauzen egiazko bertsioa ematea. Mehatxatuak sentitzen dira.

Zein da meategietan lan egiten duten andreen umeen egoera?

Benetan kritikoa, amek irabazten dutenak ez baitie ahalbidetzen haurrak eskolara eramatea. Prostituzio handia dagoenez, preserbatiboak lurrean uzten dituzte maiz, eta umeak horiekin jolasten dira, globo gisa, sustantziak oraindik barnean dituztela. Neskatilen bortxaketa kasu anitz ere badira. Ikusi dituzue etxeak: ez daude ongi eraikiak.

Baroneren txostenak jaso du gero eta neska gazteagoak bortxatzen dituztela, gizon batzuek uste dutelako hartara ez dutela GIB birusa hartuko.

Bai, bai, hori ere aipatu nahi nuen. Ezagutu genuen emakume bat gizon armatuak bere etxera sartu zirenean 2 urteko alaba edoskitzen ari zena, eta, batek, handienak, erran zuen: «Neska hau oraindik purua da. Hartu eginen dut, bere boterea eman diezadan». Bortizki hartu zuen, eta hantxe abusatu zuten. Umea ez zuen bizirik irten: kolpean hil zen.

Migrazioen kausa indarkeria da, baina migrazio prozesuan zein indarkeria jasaten dute?

Izugarria da. Andreak aterperik gabe egoten dira, umeekin, eguraldi txarrarekin... Eta, dirua lortzeko, edota bideko langak igarotzeko, horiek zaintzen dituzten poliziek erraten diete haiekin oheratu behar dutela. Indarkeriatik egiten dute ihes, baina zeharkatzen duten leku bakoitzean jasaten dute indarkeria.

Egoera iluna da arlo anitzetan. Nola ikusten duzu etorkizuna?

Gaur egun emakumeen erresilientzia ospatzen dugu: jasan duten sufrimendutik anitzez ere indartsuago ateratzen dira haien eskubideak aldarrikatzeko. Isiltasuna puskatu da. Bertzalde, emakumeak elkartuta gaude, eta probintzia arteko sare bat sortua dugu, emakumeen egoera salatzeko. Badira legeak ere: orain horien aplikazioa da kontua. Erremediorik onena paradigma berri bat litzateke. Emakumezkoen lidergotik etorriko da aldaketa, gehiago sentitzen baitugu gatazka eta injustizia horien mina.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

«Euskarak izan behar du hezkuntza sistemako hizkuntza normalizatua»

«Euskarak izan behar du hezkuntza sistemako hizkuntza normalizatua»

Imanol Magro Eizmendi - Arantxa Iraola

Euskalgintzako eta kulturgintzako pertsona ezagunak batu ditu Euskalgintzaren Kontseiluak eta aldarrikatu dute euskara eta euskal kultura ardatz izan behar dituela Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako ontzen ari diren Hezkuntza Legeak

 ©Gorka Rubio

Miren Dobaran: «Euskararentzat esparru gehiago irabazi behar ditugu; hori da gure obsesioa»

Julen Aperribai

Eusko Jaurlaritzak kirola, aisialdia eta eremu sozioekonomikoa ditu lehentasun nagusi. Hamarkada honetako hizkuntza politikaren oinarriak Euskara Sustatzeko Ekintza Planean zehaztu nahi ditu.

Abenduaren 3ko elkarlaneko TBsaioa

Euskalgintzaren prekaritateari aurre egitea «zaila» izanen da energiaren kariotze garaian, Kurutxarriren ustez

Oihana Teyseyre Koskarat

Ipar Euskal Herriko Euskal Hedabideek emankizun berezia egin dute goizean, Baionan. Euskaraldiaren biharamunean, bilana egin dute, eta euskalgintzaren prekaritatea ere izan dute aipagai.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...