Hemendik aurrerakoari begira

EAEko PPk «nortasun propioa» finkatzeko konbentzio politikoa egingo du gaur eta bihar, Gasteizen. Estrategia politikoa birdefinitu nahi du alderdiak, izandako boto galera eteteko

Alfonso Alonso EAEko PPren presidentea, joan den ekainean, Donostian egindako agerraldi batean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2019ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Lema galdu duen ontziaren norabidea finkatzeko konbentzioa egingo du gaur eta bihar EAEko PPk, Gasteizen. Hay razones (Badira arrazoiak) leloa hartuta, azken urteotan galdutako esparru politikoa berreskuratzen saiatuko dira popularrak Europa Jauregiko batzarrean.

Erronka ez da makala. Alfonso Alonso arabarrak gidatzen duen alderdia boto galera etengabean murgilduta dago azken urteotan, eta euskal politikan tokia topatu ezinda dabil. Bazterrean geratzeko zorian daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako popularrak aspaldi. Azken udal eta foru hauteskundeetan 35.000 boto, 24 zinegotzi eta sei batzarkide galdu zituzten. Espainiako Gorteetarako bozetan, berriz, botoen %36 galdu, eta eserleku bat bera ere ez zuten lortu Kongresuan. Beraz, beharrezkoa dute norabidea aldatzea. Gero eta botere instituzional txikiagoa izateak euskal politikan eragiteko gaitasuna nabarmen mugatu dio Alonsoren alderdiari, eta ezinbestekoa dute «mezua gaurkotzea» eta «nortasun propioa» finkatzea. Gasteizko konbentzioaren helburua horixe dela esan du EAEko PPk.

Datozen urteetarako estrategia politikoa zehazteko eta bide orria marrazteko batzarra izango da asteburukoa. Boto emaileen «konfiantza» berreskuratzekolehen pausoa, asteon Amaia Fernandez EAEko PPko idazkari nagusiak azaldu duenez. Horretarako, hainbat ponentzia landu dituzte, eta horiek aurkeztuko dituzte gaur eta bihar artean. Eztabaidarik eta bozketarik gabe onartuko dira txostenak konbentzioan, aurretik jaso baitituzte afiliatuen ekarpenak.

Gaur, besteak beste, arlokako sei txosten aurkeztuko dira: Berdintasun barneratzailea; Ekintzailetza; Kontakizun demokratikoa; Erradikalizazioa nola aurreikusi; Euskal naturgunearen defentsa; Erronka demografikoa eta Hezkuntza. Bihar, berriz, txosten ekonomikoaren eta politikoaren berri emango dute, 10:30etatik aurrera. Ana Moralesek eta Iñigo Marco-Gardoquik egin dute ponentzia ekonomikoa, eta Amaia Fernandezek eta Esteban Goñik politikoa.

Pablo Casado PPko presidentea egongo da konbentzioaren amaiera ekitaldian, eta Alonsorekin batera eskainiko du bukaerako hitzaldia, bihar.

Koalizioez jarrera hartzeko

Espainiako blokeo politikoak eta hauteskunde giroak bete-betean eragingo du EAEko PPren batzarrean. Uda aurretik, popularrek konbentzioa prestatzeari ekin ziotenean, ezinezkoa zirudien Espainiako Gorteetarako bozak berriro errepikatzea, baina aukera hori ia ziurra da orain. Hortaz, hauteskunde berri posibleek baldintzatuta egingo da konbentzioa, eta berebiziko garrantzia izango du alderdiaren norabide politikoa definitzerakoan.

Ciudadanosekin eta Voxekin koalizioa egiteko Genovatik egindako proposamenaren aurrean zer jarrera hartuko duen definitu beharko du Alonsoren alderdiak. Orain arte errezeloz jaso du Espainia Sumaren gisako formula Araban, Bizkaian eta Gipuzkoanerrepikatzea: Ciudadanosekin bat egiteko aukerari atea irekita utzi dio, baldin eta «foralitatea» eta kontzertu ekonomikoa errespetatzen baditu, baina Vox alderdiarekin bat egiteko aukera erabat baztertu du. Eskuineko eremu kontserbadore «moderatua» berreskuratzeko lehian, ultraeskuinetik urrundu nahi izan du, batzeko aukera beti «PPren proiektuaren inguruan» egin beharko dela argi utzita.

Hauteskunde aliantzen inguruko eztabaidak agerian utzi ditu, beste behin, Madrilgo zuzendaritzaren eta EAEkoaren arteko desadostasunak. Eta, horrekin batera, edo horien ondorio gisa, EAEko PPren barruko buruzagien arteko tirabirak ere bai. Ez baitaude erabat itxita duela urte batzuk barne zatiketak irekitako zauriak. Maria San Gilek 2008an zuzendaritza utzi zuenetik, bere horretan jarraitzen dute alderdi barruan botere kuota lortzeko borrokek.

Duela lau urte, Alonsok Arantza Quirogaren tokia hartu zuenean, hitzeman zuen alderdiaren batasunaren alde lan egingo zuela eta proiektua «sendotuko» zuela. Baina EAEko PPren barruansentsibilitate ezberdinak daude, eta denak ez dira Pablo Casadoren sektorekoak. Primarioetan Soraya Saenz de Santamariaren alde egin zuten Alfonso Alonso presidenteak eta haren gertukoek, eta Casadoren alde Bizkaiko sektorekoek, Raquel Gonzalez Bizkaiko PPko presidenteak barne. Konbentzioak, beraz, estrategia politikoa birdefinitzeko ez ezik, Madrilgo zuzendaritzarekiko duten distantzia handitzeko edo txikitzeko ere balio izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.