78ko erregimenaren blindajeak

Xabier Elizalde, Aingeru Ezkerra, Gotzon Garmendia, Pilar Pingarron eta Juan M. Sansinenea
2022ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak, 2006. urtean, Rodriguez Zapateroren lehendakaritzapean, memoria historikoaren lege-proiektu bat aurkeztu zuen legebiltzarrean. Ekimen horren aurreko urteetan, gizarte-mugimenduek interpelazio instituzionaleko dinamika sendoa bultzatu genuen errepresaliatuen memoria aldarrikatzeko, eta, aldi berean, 1936ko estatu-kolpe militarrak eta ondorengo hamarkadetan burututako gizateriaren aurkako eta genozidio krimenen biktima gisa ditugun eskubideak defendatzeko, jarduera-agenda bizia garatzen jardun ginen. Hori guztia nazioarteko testuinguru onean gertatu zen, Nazio Batuek gizateriaren aurkako krimenen eta genozidioaren biktimen eskubideak modu zehatzago batean definitu zituztelako.

Lege-proiektua 2007ko urrian onartu zen, botoen gehiengo estuarekin. Bere edukiekin bat ez zetozen alderdi antifrankisten artean ERC egon zen, lege honen edukiaren aurkako ezezko botoa arrazoitzerakoan, legea Nurenbergeko epaiketetatik sortutako nazioarteko arauekin kontrajartzen zela adieraziz. Memoriaren aldeko gizarte-erakunde gehienok haren onarpena aukera galdutzat jo genuen, 78ko errregimenak eraikitako zigorgabetasun egoerarekin behin betiko hausteko.

2010eko apirilean, gizarte-elkarteok lan partekaturako gune bat sortzea lortu genuen, Argentinako zigor-auzitegietan kereila bat jarriz. Ekinbide honek agerian utzi zituen 2007ko legea onartu zutenek ezarri zizkiguten mugak. Gizarte-ekimen bateratu horrek mugitzera behartu zituen beraien immobilismoa justifikatzeko lege hura erabiltzen ari ziren alderdi politikoak, kereilari babes instituzionala emateko proposamenak onartzeraino, baina gure eskubideak osorik eta eraginkortasunez betetzeko urratsik eman gabe. Horrez gain, Nazio Batuetako errelatore bereziek (Christof Heyns, Jasminka Dzumhur, Ariel Dulitzky eta Pablo Greiff) 2013-2020 urteetan egindako txostenak aipatu behar dira, gure aldarrikapenen arrazoi diren gaietan erakunde publikoek egindako ez-betetze nabarmenak salatzen zituztenak. Gizarte-presioaren testuinguru horretan aurkeztu zuen Espainiako Gobernuak, 2020ko irailean, Memoria demokratikoaren lege-aurreproiektua, eta, ondorioz, berriz ere aitortzen zen jasaten ari ginen eskubide-urraketa etengabea. Legea izapidetzen emandako bi urteetan, egiaztatu da PSOE dela 78ko erregimenari eta Espainiako monarkiari lotutako botere-taldeen gotorleku nagusia, azken hori izanik puntarik ikusgarriena. Alderdi horrek ez du inolako eskrupulurik belaunaldi-denbora bere interes politiko partikularren arabera kudeatzeko, gizartearen eta nazioartearen presioetara moldatuz, baina, betiere, gure senideen borrokaren zentzu soziopolitikoaren transmisio-hariaren desagerpenarekin konpontzeko asmoarekin; izan ere, belaunaldi haien borroka-idealez gabetutako kontakizun historikoa hedatu nahi da, trantsizio eredugarri eta berradiskidetze teoriaren oihalpean benetako asmo hauek ezkutatuz. Horrekin guztiarekin, PSOE gai izaten ari da bere ideiak hegemonizatzeko, eta parlamentu-babes nahikoa lortzeko (ERCren botoak izan ezik), hainbat eratako transakzio politikoen bitartez. Espainiako Kongresuko eztabaida 2022ko uztailaren 15ean egin zen, eta orain Senatuaren bozketa behin betiko onartzeko dago.

Gure erakundeak aktiboki parte hartu du Euskal Herrian eta Estatu osoan sortutako ekinbide baterakorretan. Plataforma unitario horiek egindako presioaren ondorioz, aurrerapen handiak lortu dira 2007ko legearekin alderatuta. Beraz, gure helburuei heltzeko aukera emango diguten ekintza-batasunak bultzatzen jarraitu behar dugu, Euskal Herriko errealitate politiko eta lekukoetara egokitutako jarduera zehatzekin, eta, nazioarteko komunitateak eskatzen dituen aldaketa juridiko eta administratibo estrukturalak exijituz, honako hauek bereziki: 1977ko amnistia-legearen artikuluen deuseztapena (gizateriaren aurkako krimenen eta genozidioaren zigorgabetasun-egoeraren oinarri juridikoa baita); auzitegi frankistak legez kanpokotzat jotzea, eta zigor-epai guztien benetako deuseztatzea (ondorio sozioekonomiko eta patrimonialak barne); sekretu ofizialen legearen pean gordetako informazio-iturriak mugarik gabe aztertu ahal izatea; eta behartutako desagertuak lurpetik ateratzeko lan prozedura guztiak modu urgentean judizializatzea (delituaren froga-izaera baliogabetzen edo kaltetzen duten ihesbideak behin betiko ekidinez). Aldaketa hauek jasaten ari garen eskubide-urraketak frogatzeko elementu dokumentalak eta materialak biltzeko aukera emango ligukete, berauek Estatuko eta nazioarteko instantzia juridiko eta politiko eskudunetan aurkeztu ahal izateko. Horretarako, funtsezkoa da gure senideen borrokaren identitate soziopolitikoari buruzko kontakizun historikoa bizirik mantentzea, haien eskubideen aldeko gizarte-mobilizazioaren bidez presioa egiten jarraitzea, eta haien oroimenezko aldarrikapen ekitaldietan parte hartzen jarraitzea, hala nola irailaren 13an Donostian egingo den ekitaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.