Albistea entzun

LEKU-LEKUTAN

Groenlandiako korapiloak

Urtzi Urrutikoetxea -

2021eko apirilak 18

Herri bat gara, eta elkartuta egon behar dugu Groenlandian, kanpoko munduaren foku handiaren pean baitago gure herrialdea». Mute Bourup Egederen hitzak dira, herenegun, gobernu akordioa lortu zutela iragarri zuenean. Ondorioz, 34 urteko ezkerreko politikari hori izango da Groenlandiako lehen ministro.

Sare sozialetan begiratu dut, twitterren aurrerantzean jarraitu beharreko pertsona izango delakoan Egede. 334 jarraitzaile ez ditu; azaroaren 3an idatzi zuen azken txioa, AEBetako hauteskundeen bezperatan, Joe Bidenen garaipenaren alde. Haren aurrekoak, 2019ko txio pare bat baino ez (Donald Trumpek uhartea erostea proposatu zuenekoa), baina etorkizunaren iragarle halaber: «Trumpen ateraldiak erakusten du zeinen garrantzitsua den Groenlandia Danimarkako Erresumarentzat. Orain dio, erosi ezin duenez, atzera egiten duela proposamenean, zentzugabea da. Nazioak ezin dira saldu. Hala ere, atzera egiteak ez du Artikoa eta Groenlandiarekiko interesa murrizten. Hau hasi besterik ez da egin. Lan handia dago aurretik».

Esan eta egin. Ez dakit beste inoiz izan den horrelako ikusminik 56 mila biztanleko nazio horretako hauteskundeetan, ezezkoan nago. Inuit Ataqatigiit (IA, Herriaren Komunitatea inuiteraz) ezkerreko alderdi independentistak bigarrenez lortu du gobernua, herrialdeak 1979an autonomia lortu zuenetik; gainontzeko urte guztietan Siumut sozialdemokrata egon da agintean. IAren aurreko agintaldia 2009an izan zen, herritarrek erreferendumean Groenlandiaren autogobernua handitzea eta subirano bihurtzea bozkatu eta segidan. Kuupik Kleist bihurtu zen lehen ministro, eta ordutik inork ez du zalantzarik Groenlandiako biztanleen gehiengo handi batek independentzia nahi duela. Kopenhagek ez dio eragozten: groenlandiarrek nahi dutenean dei dezakete erreferenduma, eta independentzia aldarrikatu.

Arazoa da menpekotasun koloniala oso handia dela oraindik: barne produktu gordinaren laurdena eta gobernuaren aurrekontuaren erdia baino gehiago dator metropolitik. Independentistek behin eta berriz nabarmendu dute, ezinbesteko dela ekonomiaren dibertsifikazioa, turismoa, arrantza eta Kopenhageren ekarpenetik haratago joateko. Eta hor agertu dira uharte erraldoiaren lurzoruak dakartzan aukerak eta arriskuak. Trumpen AEBetatik Txina eta Australiako meatze konpainietara, begi-puntuan dituzte Groenlandiako lur arraroak.

Meatzaritza ekimenei atea zabaltzeak, subiranotasun politikoa daukan nazioari burujabetza ekonomikoa ematea ekar lezake, zenbaiten ustez. Baina hondamendi ekologikoa ere bai. «Diruak eros ezin dezakeen zerbait daukagu, eta Kvanefjeld egitasmoa geldiarazteko ahal dugun guztia egingo dugu» errepikatu du asteon Mute Egedek, gobernu akordioa iragartzerakoan.

Naleraq alderdiarekin egin du hitzarmena Egedek; 2014an Siumut alderdi hegemonikoa utzi, eta independentziaren alde era argiagoan joateko proposamena daukaten kideek osatzen dute. Aukeran, aldarrikapena bi hilabete barru gertatzea nahiko lukete: ekainaren 21ean 300 urte beteko dira Danimarkaren kolonia bihurtu zirenetik. Data biribila, lotura kolonial horiek eteteko ere.

Beste eremu batzuetan, ekin diote etete horri: inuitera da hizkuntza ofizial bakarra 2009tik, baina izendapen ofizial batek ez du berehalakoan mendeetako minorizazioa ezabatzen. Herritar gehienek inuiteraz jakin arren, eremu jasoan, idatzizkoan batez ere, danierak oso leku garrantzitsua dauka oraindik. Duela urte pare bat, inuiterazko hezkuntzarekin batera, danieraren lekua ingelesak hartzea proposatu zuen gobernuak. Ezin ahaztu, Ipar Amerikan dagoela Groenlandia. Bidenabar, kalaallisut edo groenlandierari buruz gehiago jakiteko, aukera paregabea etzidamu, Gasteizko Oihanederren Txerra Rodriguezek eta Eider Palmouk egingo duten hitzaldian, Hitz Adina Mintzo programa bikainaren barruan.

Ahalduntze bide interesgarria erakusten du Groenlandiak, zalantzarik gabe, munduko lekurik bakartuenetako bateko herri indigena baten eskutik. Edozelan ere, ekainaren 21ean gertatuko den gauza bakarra udaren hasiera da, Groenlandian, Danimarkan zein Euskal Herrian. Independentistek osatuko dute gobernua, eta erabateko gehiengo independentista egongo da Parlamentuan ere, baina kointzidentziak horraino iristen dira: Naleraqek aldebakartasunez ahalik bizkorren estatu propioa eratu nahi du. Egedek eta IA alderdiek berriz, Danimarkarekin elkarlanean jarraitu nahi dute, independentzia buruan, baina orain bertan horretarako baldintza ekonomiko edo sozialik ez dagoela jakitun. Eta baldintza horiek ezin direla lurraldea pozoitzearen kontura sortu. Zalantzarik ez: aspaldi ez bezalako interesa piztu du Groenlandiak, eta ez da berehalakoan itzaliko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Lurrikarak Ekialde Hurbilean

Giza laguntza iritsi da Siria ipar-mendebaldera, lurrikara gertatu eta lau egunera

Arantxa Elizegi Egilegor

Turkiatik Siria iparralderako pasabide bakarra dago zabalik. Damaskok ohartarazi du bere eskuetatik igaro behar duela laguntza orok «terroristengana edo talde armatuengana» iritsi ez dadin, horrek, ordea, kanpoan uzten ditu oposizioak kudeatutako eremuak. Azken datuen arabera, 16.000tik gora dira hildakoak.

Boluntarioak hondakin artean harrapatuta daudenen bila, Idliben, Siria. ©KARAM AL-MASRI / EFE

Sirian egoera «jasangaitza» dela ohartarazi dute nazioarteko GKEek

Mikel O. Iribar

Erbesteratu kurduek eskatu dute giza laguntza Kurdistango Ilargi Gorriaren bitartez emateko. Turkiako presidentea kaltetutako eremuetan izan da

Kasko Zuriak, erreskate lanean, atzo gauean, Idliben, Siria iparraldean. ©YEHYA NEMAH / EFE

Dagoeneko 15.000tik gora dira Ekialde Hurbileko lurrikaretan hildakoak

Mikel O. Iribar

Askok autoetan eta kalean lo egin dute, etxera itzultzeko beldur. Milaka dira kaltetuak, eta lurrikarak are gehiago okertu du Siria iparraldeko eta Kurdistango egoera. Erreskate taldeak hondamendi eremuetara iritsi ezinik dabiltza.

AEBetako presidente Joe Biden, Kongresuko agerraldian. / ©Jacquelyn Martin, EFE

Biden: «Txinak gure subiranotasuna urratzen badu, geure burua babestuko dugu»

Arantxa Elizegi Egilegor

Estatuaren egoerari buruzko agerraldia egin du AEBetako estatuburuak. Besteak beste, Ukrainako gerraz eta droga trafikoaz aritu da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...