Eskozia. Alba

Beste abiadura bat galdeketari

Alba alderdi independentistak lehen konferentzia egin du; hartan, Eskoziako Gobernuari eskaera bat egin dio: erreferendumerako negoziazioak lehenbailehen martxan jartzea

Albako 600 bat ordezkari elkartu ziren Greenockeko udaletxeko areto nagusian. BERRIA.
jon olano
Greenock
2021eko irailaren 14a
00:00
Entzun
Helburu berarekin bada ere, aski posizio diferenteetatik begiratzen diote bigarren independentzia erreferendumari SNPk eta Albak, Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohi eta SNPko buru ohiak 2019an sortutako alderdiak. Bi alderdiek asteburu berean egin dute nork bere konferentzia, baina aldartean presente daude duela apenas lau hilabeteko emaitzak: Eskoziako Parlamenturako hauteskundeetan SNPk 64 eserleku lortu zituen, eta ia gehiengo absolutua; Albak, berriz, ez zuen eskuratu ordezkaririk. Egoera horren jakitun, Albako 600 ordezkari inguru elkartu ziren larunbatean eta igandean Greenockeko udaletxeko areto nagusian. Glasgowtik 40 kilometro pasatxora dagoen kostaldeko herri bat da Greenock, eta 45.000 bat biztanle ditu; lekuaren hautaketa ez da kasualitatea, badu mezua: 2020an, Eskoziako eremu txiroena izendatu zuten. Albaren helburua, beraz, pobreziaren eta desberdintasun sozialen aurkako borroka alderdiarekin lotzea da, batez ere 2022ko udal hauteskundeei begira.

Alderdiaren sorreratik, independentzia erreferenduma ez atzeratzea izan da Salmonden mezu nagusietako bat, eta SNP hortik estutzea. Hala adierazi dute independentziaz konferentzian onartutako mozioan ere: independentzia «premiazko lehentasuna» dela eta «gero eta kezka handiagoarekin» ikusten dutela Eskoziako Gobernuak herritarren mandatu hori ez betetzea. Mozio horretan, eskari bat onartu du Albak: Eskoziako Parlamentuak gobernuari agintzea independentziari buruzko negoziazioak abia ditzala Westminsterrekin. Erresuma Batuko Gobernuak uko egiten badio horri edo erreferenduma bera onartzeari, Albak proposatu du «alderdien arteko ekintza parlamentarioa, herri mobilizazio baketsua, barneko eta nazioarteko auzitegietan lege mugimenduak eta iniziatiba diplomatikoak» egitea «eskoziarren borondate burujabea betearazteko».

29 aldiz «independentzia»

Greenocken batutako ordezkariek klima aldaketari, arma eta energia nuklearrei, Afganistani, artilearen industriari eta beste zenbait gairi buruzko mozioak onartu zituzten, baina, oroz gain, Eskoziaren independentzia izan zen konferentziaren gai nagusia, baita Salmonden hitzaldian ere; ordu erdiko hizketaldian, 29 aldiz aipatu zuen independentzia hitza. Alderdiko buruak bereziki jo zuen Nicola Sturgeon lehen ministro eta alderdikide izandakoaren aurka, independentzia erreferendumari buruzko negoziazioak hasteko luzamenduetan aritzea egotzita. Harrera beroa egin zioten kideek Salmondi, eta grinaz txalotu zituzten gobernuaren aurkako kritikak.

Eskoziako mugimendu independentistan buruzagi bat baino gehiago izan da Salmond, baina badirudi haren kapital politikoak eman duela eman beharrekoa; Opinium etxeak egin eta ostegunean argitaratutako inkesta baten arabera, Salmond da herritarren artean sinesgarritasun gutxien duen buruzagi politikoa; %69k diote ez diotela sinesten. Eta jazarpen sexualagatik haren aurka eginiko akusazioek, artxibatu badira ere, arrastoa utzi dute haren figuran. Hala ere, Salmond ez dago bakarrik: bi urtean, 6.000 kideko alderdi bat sortu du, bi parlamentari ditu Westminsterren eta hamabost udaletan gobernatzen du; helburua da datorren urtean horiei eutsi eta beste bospasei eskuratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.