Militarismoaren eta autodefentsaren artean

2022ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Miresten ditut intsumisoak, injustizien aurka altxatzeko modu dotoreena iruditzen zaidalako. Miresten ditut desobediente zibilak, besteak beste militarrek ezin dutelako desobediente izan. Miresten ditut antimilitaristak, militarismoa eta totalitarismoa esku beretik oratuta doazelako. Miresten ditut bakezaleak, hobe bakegile badira. Baina ideologiak oro bere kontraesana bizi du, eta aurreko horiek ere bai, denak zaku berean sartzerik ez dagoen arren.

Gerrak eta armagintza arbuiatzen dituzte antimilitaristek, «armak fabrikatzeko sosik ez» izan ohi dute goiburu, armak fabrikatzen xahutzen den dirutza beste zeregin duinagotan inbertitzeko eskatzen dute. Ezin da eskalada militarrik areagotu, industria militarrari babesa eman, ezin gerrari zilegitasuna eskaini.

Korolario gisara dirudi, gerra jasaten duen herri bati armak bidaltzea militarismoa haztea dela, egon ba omen daudelako beste modu batzuk gerra amaitzeko (quod est probandum).

Segurutik antimilitaristek ere aitortuko diote herri bati autodefentsarako eskubidea; halaxe baietsi du egunkari honetan bertan Centre Delas d'Estudis-eko Nora Mirallesek (BERRIA, 2022-05-05). Erreportaje horretan bertan antimilitarista ezagun batek dio euren egitekoa ez dela armak bidaltzea, antimilitarismoari eutsi eta gerraren negozioa salatzea baizik.

Jakina. Ados. Bakoitzak bere papera du, eta ahalik eta egokien bete behar du. Beti da onuragarria, gerra garaian ere bai, behar bada gehiago, gerraren aurkako eta bakearen aldeko ideiak sustatzea, praktika belikoen gorakada ez justifikatzea, arma artean ezkutatzen diren negozio ilunak desestaltzea.

Alabaina, gerran dagoen herri bati, batik bat inbaditua izan bada, edo auzo indartsuago batek armez makurtu nahi badu, hari aurre egiteko armak eskuratzea ukatzen bazaio, hutsean geratzen da haren autodefentsa-eskubidea, aldez aurretik porrotera eta menderakuntzara kondenatuta baitago. Printzipioek errealitate gordinarekin egiten dute topo, eta konfrontazio horretan ikusten da printzipioak errealitateari egokitzen zaizkion ala ez; maiz, ustez gure printzipioak direnei lotuta, ekidin nahi den injustizia baino handiago bat bideratu ahal baita.

Hau botikekin gertatzen den bezalakoa da. Zu industria farmazeutikoaren aurka zaude, lizunak iruditzen zaizkizu haien mozkin gehiegizkoak. Baina izurriteak harrapatu zaitu, eta sendatu beharra daukazu. Pilulak hartzen dituzu, laboratorioei aberasten lagunduz. Gainera ondo irizten diozu txerto-kopuru handiak erosi eta Afrikara doan bidaltzeari, laboratorioak aberastuko diren jakitun.

Adin bat daukagunok ederki asko gogoratzen dugu Nikaraguara, El Salvadorrera, Guatemalara, Hegoafrikara, eta beti Palestinara, armak bidaltzea zilegia ez ezik bidezkoa iruditzen zitzaigun garaia. Herrialde haietako iraultzak ez ziren soilik armekin amaitu, baina armarik gabe ere ez. Beste gauza bat da auzo-lotsarekin kontenplatzea herri haiek orain nola dauden, eta zergatik.

Orain zailagoa ematen du jarrera horrek, batik bat ezkerreko hainbatentzat, Errusia ustez komunistaren, AEBen mamuaren, kaltetan-edo.

Munduan autoritate zalantzabakorik ez dagoenean, ezein estatuk sinesgarritasunik ez daukanean beste edozein alde bakera erakartzeko, negoziazio-mahaiek nekez eta patxada amorragarriz funtzionatzen dutenean, herri inbaditu batek armaz defendatu beste irtenbide justurik ez dauka, gauzak behar diren tokira eraman arte: elkarrizketa ireki eta zintzora, alegia.

Egia da Ukrainaren kasuan ezin dela ezkutatu bertoko gobernuak ez duela zuzen jokatu errusofonoekin eta Ukraina izan nahi ez duten lurraldeekin, ez zaiela euren autodeterminazio-eskubidea kontuan hartu, ez errespetatu, lurralde-batasunaren izenean. Estatuen barruko gauza horietaz zerbait badakigu hemen. Kanpotik etorritako inbasioak ez luke tokirik eduki behar XXI. mendean, are gutxiago usain espantsionista daukanean.

Horrek dena aldatzen du. Guztion erantzukizuna izan daiteke lehenago ez konturatzea han gertatzen ari zenaz, eta pasatzen uzteagatik. Edozein moduz, ez esan barregarria ez denik etxeko gatazka garaian bizitzaren balio absolutua eta armen zikinkeria goratzen ibili direnak, orain enbarazurik ez ikustea urrunagoko beste gerra honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.