Lehen pausoa eman dute

Kataluniako Parlamentuko presidente aukeratu dute Laura Borras. Independentistek zazpi eserlekuetatik bost izango dituzte mahaian. CUPek adostasun falta kritikatu du

Laura Borras, Kataluniako Parlamentuko presidente hautatu berritan, atzo, Bartzelonan. QUIQUE GARCIA / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Kataluniako Parlamentuaren «duintasuna berreskuratzeko» eta hura «instituzio burujabe bat bihurtzeko» lan egitea. Eginbehar horiek izango dituzte independentistek legealdi berrian. Hala adierazi zuen atzo Laura Borras parlamentuko presidente izendatu berriak. XIII. legealdian erdietsi duten lehen akordio handiak parlamentuko mahaiko zazpi eserlekuetatik bost eman dizkie independentistei. Halere, ez da denen gustuko adostasunik izan, eta CUPeko Laia Estrada diputatuak lehen abisua eman du: «CUP batzeko dago, eta ez inposizioak betetzeko». Lana dute, beraz, aurretik, Kataluniako Gobernuaren osaera adosteko.

Parlamentuko presidente kargua hartu berritan, Borrasek «politikarenjudizializazioari» aurre egiteko asmoa adierazi zuen, eta gaineratu parlamentuko eztabaidetan ezarriko diren muga bakarrak «demokraziak» ezartzen dituenak izango direla: «Gure betebeharra da parlamentu honen bortxaezintasuna eta independentzia mantentzea, ez baimenduz beste botere batzuen esku hartzeak». Hala, JxCko kidearen esanetan, legealdi berriak «inflexio puntu bat ezarri behar du Kataluniaren independentziara bidean».

Borrasekin oso kritiko agertu ziren alderdi unionistak. Voxek «onartezintzat» eta «sektariotzat» jo zuen haren hitzaldia; PPk, «eredugarritasun falta» kritikatu zion, haren aurka martxan den prozesu judizialagatik; eta Ciutadanseko diputatuek, zuzenean, auditoriumetik martxa egin zuten hitz egiten hasi zenean.

PSCko zerrendaburu Salvador Illaren hitzak ez ziren adeitsuagoak izan. Espainiako Osasun ministro ohiak «tamalgarritzat» jo zuen parlamentuko presidentearen lehen hitzaldia, eta gaineratu zuen haren gidaritzapean Kataluniako egoera politikoak «kroniko bihurtzeko arriskua» duela.

En Comu Podemeko buru Jessica Albiachek, berriz, ERC kritikatu zuen, «1980tik egon den parlamentu ezkertiarrena dagoenean» Borrasen aldeko hautua egiteagatik.

Gobernu akordioa, airean

Independentismotik ere ez zen iritsi Borrasek esperotako babesik. ERCko buru Pere Aragonesek zoriondu zuen, baina burua hurrengo eginbeharrean jarrita, gobernuaren osaeran: «Gaur, berreraikuntza ekonomiko etasoziala bultzatzeko, eta autodeterminazioaren eta amnistiaren alde borrokatzeko gobernu indartsu bat izan behar duen legealdi bati eman diogu hasiera».

Akordio hori, ordea, oraindik ixteko dago. Hala esan zuen atzo, Kataluniako presidente ohi eta JxCko buru Carles Puigdemontek, Punt Avui egunkariak eginiko elkarrizketan: «Ezin dugu jakintzat jo gobernua osatzeko elkar ulertuko dugunik».

Bien arteko akordioa erdietsita ere, beste baten beharra dute. CUP, baina, kritiko agertu da orain arte ERCk eta JxCk izan duten jarrerarekin. Izan ere, azken egunetan, alderdiak jakinarazi zuen parlamentuko mahaiak gehiengo independentista izatea erraztuko zuela, baina inolaz ere ez zuela bozkatuko Borrasen alde.

Behin hark Kataluniako Parlamentuko Presidentetza eskuratuta, Albert Botran CUPen Espainiako Kongresuko diputatuak JxCko kidearen jarrera kritikatu zuen. Zehazki, hitzaldian Roger Torrent Parlamenteko presidente ohia eta CUP «nahita» ez aipatu izana leporatu zion: «Batasuna ez da lelo bat; eraiki egin behar da». Antzera mintzatu zen Laia Estrada parlamentaria ere, eta adierazi legealdia «Parlamentuko Presidentetza adosterik lortu gabe hastea kezkagarria» dela.

Vox mahaitik kanpo

ERCren eta JxCren artean 64 boto eman zizkioten Borrasen hautagaitzari, PSCko Eva Granadosek jasotakoak baino hamalau gehiago. Izan ere, independentisten artekoa ez zen izan eguneko akordio bakarra. Granadosek, sozialisten babesaz gain, En Comu Podem, Ciutadans eta PP alderdietako diputatuena ere jaso zuen. Boto horiek nahikoa izan ziren bigarren presidenteordetza eskuratzeko. Lehena, berriz, ERCko Anna Caudarentzat izan zen, independentisten akordioa tarteko.

Lehen bi bozketetan CUPek zuri bozkatu arren, idazkariak izendatzeko garaian, ERCk eta JxCk haren hautagaitza babestu zuten. Hala, CUP lehen aldiz sartu da mahaian. Mugimendu horrek, gainera, Voxek eserleku bat izatea ere eragotzi du. Horiek hala, idazkariak, lehenengotik laugarrenera, ondorengoak izango dira: Ferran Pedret (PSC), Jaume Alonso Cuevillas (JxC), Pau Juvilla (CUP) eta Ruben Wagensberg (ERC).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.