Lurraldearen aniztasuna kolokan

Julia Marina Goñi Montero
2023ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Klima aldaketaren afera 2009. urtean Johan Rockström zientzialariak eta bere ikerketa taldeak mundua orekan mantendu ahal izateko zehaztu zituzten bederatzi mugetako bat besterik ez da, eta gainera, ez da okerren dagoena, nahiz eta soilik muga hori gainditzearekin jada Lurreko bizitza gaur ezagutzen dugun moduan arriskuan legokeen. Gainezka egitetik gertuen dauden beste bi mugak, fosforo eta nitrogeno bidezko kutsadurarena eta biodibertsitatearena dira. Komunitate zientifikoak dio azken hau dela okerren dagoena: azken mundu-muga hau jada arrisku handiaren eremuan dago. Arazo hau aditzera emateko eta gure gertutasunean ardazteko, Sustrai Erakuntzatik Biodibertsitatea Nafarroan, agortzen ari den baliabidea txostena argitaratu dugu.

Ikuspuntu pragmatiko huts batetik, gizakiok ezinbestean kontserbatu behar dugu biodibertsitatea, gure espezieak biziraungo badu. Biodibertsitatea elikagaien, ur edangarriaren, materialen zein erregaien horniduraren bermea da, baita airearen, uraren eta lurrazalaren erregulazioarena ere, izurrite, gaixotasun edota hondamendi naturalen kontrolarekin. Bestetik, biodibertsitatea elikagaien zikloaren, landareen mantenuaren, animalien eta aniztasun genetikoaren zaindaria ere bada. Eta klima aldaketa arintzean ere laguntzen digu, ekosistema naturalek CO2 isuriak finkatzen laguntzen baitute, uholdeak leuntzen eta desertifikazioa gelditzen lagunduz. Biodibertsitatea, beraz, giza bizitzaren ongizatearen eta garapenaren oinarria da.

Natur aniztasunaren kontserbazioaz ari gara biodibertsitateaz dihardugunean. Eta Nafarroa oso askotarikoa da ekosistemei dagokienez: berdin defendatu behar ditugu mendialdeko pagadiak zein erdialdeko sastrakadiak edota hegoaldeko estepak, ekosistema anitzen kontserbazioan baitago gakoa. Beraz, habitat mota guztiak mantentzea garrantzitsua da, sekarral bezala mespretxatzen ditugun horiek ere bai. Aniztasun honek balio handia ematen dio lurraldeari, baina haren zaurgarritasuna ere uzten du agerian: aniztasunak dakar berarekin muga ekosistemikoen afera. Mugan bizi diren espezieak zaurgarriagoak dira, ez baitaude haien distribuzio area zabal batean.

Nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboak, Erdizko eta Zangozako Muga meategiak edo AHTak eta gisako makroproiektuek biodibertsitatean duten eragina ezaguna da. Hala ere, energia berriztagarrien makroprodukzioak ere inpaktu latza du. 2020an Nature aldizkarian argitaratu zen artikulu baten arabera, klima aldaketari aurre egiteko energia berriztagarriak ezartzeko dauden plan guztiak martxan jarriko balira, hauexek biodibertsitatean izanen luketen inpaktua klima aldaketarena baino larriagoa izanen litzateke. Eta azken hilabeteetan administrazio guztiak plan hauek bete daitezen jo eta su lanean ikusi ditugu, esaterako, Europako Parlamentuak adostu berri dituen energia berriztagarrien azelerazio zonak, zeinetan onarpen prozesuen luzera erdira murriztuko baita.

Azken urteetan energia berriztagarrien kolonizazioa izan da Nafarroan, batez ere Erreniega menditik behera hegoalderaino doan lurraldea estaliz, eta iparraldera zabaltzeko mehatxupean gaude. Askotan, poligonoak KBE Kontserbazio Bereziko Eremuen ondoan geratzen dira. Tamalez, masifikazio honek KBEak biodibertsitatearen irla bihurtzea eragin lezake, edota, kasurik latzenetan, zona hauen balio naturala galtzera eraman lezake.

Haize-errota eta goi-tentsioko linea proiektu handien ezarpenek habitataren galera, zatiketa eta zuzeneko hilkortasuna eragiten dute. Nafarroan, haize-errotak instalatzen hasi zirenetik 2021eko irailera arte, 8.961 hegaztiren gorpuak aurkitu ziren, haize errotekin talka eginda, eta ordutik zifra hori hazten joan da. Horrez gain, harraparien kasuan, jakina da hauek korronte atmosferikoak zein mendi-hegalen korronteak erabiltzen dituztela hegaldietarako. Beraz, gailurretan jartzen diren poligonoek heriotza asko eragiten dituzte. Hala ere, arazoa ez da bakarrik harrapari handiena, baita hegazti txikiagoena eta saguzarrena ere. Tamalez, erroten kontra talka egiten duten hegaztiek ezin dute haien akatsetatik ikasi eta haien jokabidea aldatu, ordurako jada hilik baitaude.

Eguzki-plaka poligonoek biodibertsitatean duten eragina ere oso kezkagarria da. Berriki jakin dugu Serena Solar 1 eta 3 eta Amaya Solar 4 eguzki-poligonoek ingurumen inpaktu positiboa jaso dutela. Hasierako proiektuak 348 hektarea hartzen zituen 487 futbol zelai Adios eta Muruzabalgo nekazaritza lurzoru zein muinoetan (orain ematen du gutxiago direla). Geroz eta ebidentzia gehiago dago esan ahal izateko honelako proiektuek badutela inpakturik elektrokuzio bidezko heriotzaz haraindi, batez ere, instalazioek laborantza edota landaredi naturala zegoen lurzoruetan espazio izugarriak okupatzen dituztenean. Izan ere, biak ala biak espezie askoren habitata dira, basoilo edota mirotz urdinarena. Gainera, noizbait neurri konpentsatzaile gisa ezarri izan diren habia-kutxek ez dute basoilo txiki, ganga edo mirotz urdinen kasuan balio, haiek zoruan jartzen baitituzte habiak. Baina intsektuz edota karraskari txikiz elikatzen diren hegaztientzat ere eguzki-plakak oztopo handia dira.

Noiz arte presiona ditzakegu espezieak? Noraino jarrai dezakegu hazkunde dinamika honekin bizitokia partekatzen dugun espezieen bideragarritasunean eraginik izan gabe? Izan ere, biodibertsitatea kontserbatzeko lehen pausoa berau ez deuseztatzea baita, eta honek erlazio zuzena du Administrazioak duen paperarekin naturaren kontra doazen proiektu eta aktibitate ekonomiko jakin batzuk ahalbidetzeko orduan. Ekosistema guztien elkarrekintza hain da estua eta konplexua, ezen beharrezkoa baitzaigu berau zaintzea. Gizakiok biodibertsitatearenen oreka mantentzeko benetako ahaleginak egin behar ditugu, eta, ustez arrazoidun animaliak garen heinean, akatsetatik ikasi behar dugu; bestela, haize-erroten kontra talka egiten duten hegaztien moduan, lezioa ikasita dugunerako jada berandu izanen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.