Trantsizio ekosozialista eta feministaren alde

Miriam Diaz de Tuesta eta Endika Perez
2023ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Beranduegi da pesimistak izateko. Horixe irakurri diogu Daniel Tanuro sindikalista ekosozialistari. Eta horrela da, bai. Erregai fosilen agortzeak, klima larrialdiak, material kritikoen erreserba urriek edo ekosistemen degradazioak gure ekonomia eta gizarte antolaketa kolokan jartzen dute, eta, beraz, sindikalismoan (ere) praktikak (ber)asmatzeko tenorean jartzen gaitu. Inori zer egin behar duen esan baino gehiago, gurean zertan gauden partekatu nahiko genuke gaurkoan.

Trantsizioaren norabidea eta nolakotasuna disputan dagoela uste dugu. Batetik, Kapitala. Lobby eta botere korporatiboen bidez etekinen metaketari eutsi asmoz birmoldaketarako bide orria diseinatzen eta garatzen ari da, askotan instituzioen laguntzarekin: Next Generation funtsak, Tapia legea bezalako politika publiko antidemokratikoak, edota Munduko Bankuaren eskutik maiatzaren 23tik 25era BECen burutuko den Innovate 4 Climate gailurra adibide gisa. Greenwashing edo ekofaxismoa, helburu bera duten bide elkarren osagarriak.

Bestetik, langileon interesak eta bizimodu duinak erdigunean jartzeko proposamena. Guk oinarri ekosozialista eta feministetan bultzatu nahi duguna: ehun sozioproduktiboaren eraldaketa eta enplegua, zaintza lanak eta aberastasunaren banaketa. Ekonomia eta gizartea irizpide ekologikoen arabera antolatzeko borroka eta langileon bizi-baldintzen aldekoa bat eta bakarra behar du izan gure ustez.

Globalki pentsatu eta lokalki ekitea badagokigu, Euskal Herria da gure joko zelaia. Kapitalaren mesedetan antolatutako ekonomia, honen menpeko botere politikoa, eta eskumen mugatuekin juridiko-administratiboki zatikatua dagoen Herria. Dugun indar korrelazioaren araberakoa izango denez, egin nahi dugun sakoneko eraldaketa ez da prozesu lineala izango, eta aldaketa guztiak ezin aldi berean gauzatu. Horrela, burura datozkigu hainbat gako zabalik diren eztabaida batzuei begira:

Energia zein material kontsumoa murriztea eta ekonomiaren deskarbonizazioa. Proposatzen dugun trantsizioak bi helburu horiek bete behar ditu. Sozialki beharrezkoak eta ekologikoki jasangarriak diren lanak lehenetsi eta sustatu eta eredu sozioekonomikoa berrantolatu beharra dago. Sektore estrategikoen jabetza eta kontrol publiko eta soziala ezinbestekoak dira.

Eraldaketok Euskal Herriko ehun produktiboan eta enpleguan eragin zuzena izango dute. Ikuspegi eraldatzaile batetik, honek langileriaren baldintza material eta subjektiboei dagokienez izan daitezkeen ondorioei ezin zaie ezikusia egin, are gutxiago eskuin muturra (ekofaxismoa) zein prekarizazioa hazten ari diren honetan. Beharrezkotzat dugu enpresa eta sektoreen bidezko eraldaketa ekosoziala bultzatzea, baita langileon bizi-baldintza duinak ziurtatzen dituzten politika publikoen alde borrokatzea ere. Planifikazio ekonomiko eta sozioproduktibo publiko sendoa, sozialki beharrezkoak eta ekologikoki jasangarriak diren sektoreetara mugikortasuna ahalbidetzeko formakuntza eta bermeak, (eko)zaintza eremuko lanen aitortza, duintzea eta hazkundea, soldata galerarik gabeko lanaldi murrizketa, erretiro adinaren aurreratzea, gainbalioaren legezko mugapena, gutxieneko soldata minimo duina eta soldata maximoa ezartzea, langileon hitza eta parte hartzea ziurtatzeko Bidezko Trantsiziorako Batzordeen eraketa... Negoziazio kolektiboan trantsizio ekologikoa erdigunean ezarriko duen ekintza soziosindikala marraztea eta imajinatzea dagokigula sinetsita gaude, eta saiakera horretan gabiltza.

Erregai fosilekiko dependentzia eta kanpotik energia inportatzeak sortzen dituen menpekotasun zein inpaktuak ahalik eta gehien murriztu behar ditugu. Horretarako, energia berriztagarrien azpiegitura berriak behar ditugu Euskal Herrian. Ez dago inpaktu ekologiko eta sozialik gabeko energia azpiegiturarik, baina ekintzarik ezagatik oraingo egoera luzatzeak inpaktu larriagoa du (kolonizazio energetikoa, berotze globalak jarraitzea, espekulazioa...). Ez dugu nahi energia berriztagarrien garapenerako nagusitzen ari den eredua (enpresa transnazionalen eskutik datozen makroproiektuak, etekin pribatuak lehenesten dituztenak eta inolako kontrol publiko eta komunitariorik gabekoak), baina alternatiba bat izendatu soilik ez, eraiki behar dugu.

Horretarako nahitaezkoa da gure borrokaren ardatz izan behar duen ikuspegi integral, estrategiko, burujabe eta demokratikotik garatutako planifikazioa. Baina planifikaziorik eza ezin da bilakatu immobilismoan gotortzeko aitzakia; eguneroko bataila anitzen bidez, izan makroproiektu zehatzen aurkako borrokak, enpresetako eraldaketa zehatzetako bide orriak, edo tokiko proiektu energetiko komunitarioak garatuz mamitu, norabideratu eta ezaugarrituko dugu. Diskurtso erradikala bezainbeste behar ditugu beraz praktika erradikalak, eta, gure ustez, geldi geratzeko tentazioak trantsizioa kapital eta enpresen mesedetan garatu dadin erraztu dezake. Gu ez gaude horretarako prest.

Horregatik, aliantza soziosindikalen eta agenda sozial konpartituaren alde egiten dugu. Entzun, ikasi, elkarren kontraesan eta korapiloak landu, elkartzen gaituen horretan arreta jarri eta geuretik zintzotasunez emateko prest gaude. Langileon bizi-baldintza duinen aldeko borrokak, borroka ekologistak eta burujabetzaren aldeko borrokak elkar topatzea ezinbestekoa da eta horretan jarraituko dugu. Sindikalismoan erronka handiak ditugu eta ekarpen handia egin dezake. Motzean, hilaren 20rako —gaur bertan— lurraren defentsan Gasteizen eta Munduko Bankuaren gailurraren aurrean erantzuteko antolatu gara, beste hainbat eragile sozial eta sindikalekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.