Albistea entzun

Ofizialtasuna bai, lurraldetasuna ere bai

Iñigo Santxo Uriarte eta Martxel Toledo Garmendia - ESAITeko kide ohiak

2022ko abenduak 2

Bizkaitarrak, gipuzkoarrak, arabarrak, nafarrak, lapurtarrak, xiberotarrak edota Nafarroa Beherekoak izan, guztiok nazio bereko herritarrak baldin bagara, guztiontzako eskubide berdinak aitortzea dagokigu, baita euskal pilotaren alorrean ere, eta bereziki, nazioartean aritzeko aukeraren bat aurreikusten hasten den honetan.

ESAIT Euskal Selekzioen Aldeko Iritzi Taldetik hamarkadak eman izan ditugu federazioak animatzen, euren konpromisoak bilatzen, ofizialtasunari begira aurrena plangintza bat diseinatzeko eskatzen, modu ordenatuan, euskal kirol federazioek nazioarteko federazioetan sarrera eska dezaten. Tarte horretan, inpotentzia handiz, gure begien aurrean aukera ugari igaro izan direla ikusi dugu.

Agian mingarri edo garratzena futbolekoa izan zen, Lizarra-Garaziren garaian, 1998an, Gibraltarrek hartu zuen trenari hemendik ihes egiten utzi zitzaion edo genionekoa. Orduan Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Futbol Federazioak ez baitzuten sarrera eskatzea bideratu, oraindik garaia ez zela argudiatuz. Denborak, aldiz, kontrakoa erakutsi du, eta hala egin balute —Euskadin, kirolaren gaineko eskuduntza esklusiboa izanik—, Gibraltarren kasuan bezala, TAS Nazioarteko Arbitrai Auzitegiaren bidez UEFAn onartua izango zen. Zalantzarik ez dago onarpen horrek, herri bezala, beste eszenatoki batean jarriko gintuela.

Esperientziatik ikastea oso inportantea den arren, uste dugu une honetan aurrera begiratzeko garaiak bizitzen ari garela, eta horren ondorioz, eta igarotakoa ahaztu gabe, uste dugu zabal daitezkeen eta zabaltzen ari diren aukerarik txikienak baliatu behar ditugula.

Izapideak ondo bidean, 2023ko uda baino lehenago onartua eta indarrean egongo da estatuko Kirol Lege berria. Badakigunez, hor Euskal Pilotako Federaziorako aukera-leiho bat irekiko da, ahalik eta azkarren —gero azalduko dugu zergatik— baliatu behar dena.

Onartuko den emendakinaren bitartez, Nazioarteko Federazioan integratu ahal izateko, Euskal Pilotako Federazioak Espainiako Federazioaren babesa izango du, bi baldintza betetzen badira:

a) Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak haren parte hartzea aurreikusten badu, eskabidea aurkeztuko duen erkidegoan euskal pilotak errotze historikoa eta soziala duen kirol-espezialitatea izateagatik.

b) Euskadiko Federazioak, Nazioarteko Federazioan sartu ahal izateko, Estatuko Kirol Kontseilu Gorenarekin (CSD) aldez aurretiko akordioa erdietsi beharko du.

Esan beharrik ez dago lehenengo baldintza betetzeko Nazioarteko Federazioaren estatutuak aldatu beharko dituztela, eta gero, bigarren baldintzan agertzen den akordioari begira, ezin dugu ahaztu Estatuko Kirol Kontseilu Gorena organo politiko-administratiboa dela, izaera guztiz presidentzialista duena, bere lehendakariak —Ministroen Kontseiluak ipini eta ken dezakeena— finean, ia bertako ordezkari guztiak izendatu behar ditu eta. Esan beharrik ez dago, beraz, honako gai honetarako CSDko lehendakariak Espainiako Gobernuak ezarriko dion irizpidea bere egingo duela, guztiz... eta datorren urtean, 2023an, estatuan hauteskundeak izango dira.

Bide hori jorratzen den bitartean, galdera bat sortzen da: Euskadiko Federazioaren balizko nazioarteko aitortze edo ofizialtasun hori baliagarria izango da Nafarroa edota Iparraldeko pilotarientzat?

Borondatea egonez gero, eta zuzenbide asoziatiboan oinarrituta, guk uste dugu baliagarria izan daitekeela, eta izan beharko litzatekeela.

Zentzu horretan, lurraldetasunaren alorrean saiakera txalogarriak gauzatu izan dira Hegoaldeko federazio desberdinetan, bereziki Mendi eta Herri Kiroletakoan, Nafarroa eta Iparraldeko kirolariak Euskadiko Federazioan, Euskadiko kirolariek dituzten eskubide eta betebehar berdinekin, integratu ahal izateko. Eusko Jaurlaritzak, aldiz, saiakera horiei ez die biderik eman nahi izan, eta hortxe dugu 2009an Herri Kiroletako Federazioan eragin zuen zapuzte kezkagarria.

Legeak eta arauak interpretatuak izateko sortzen dira. Alde horretatik, egunotan, estatu espainolean ikusten ari gara lege berri bati buruz Lurralde Auzitegi desberdinak ebazpen kontrajarriak ematen ari direla, eta ebazpen guztiak oinarrituta daudela.

Kirolaren araubideak ere interpretatu beharko dira, eta interpretazioa egin behar duenak aintzat hartu behar du, nazio zatitua izanik, zuzenbidearen tresnak eta baliabideak jarri behar dituela herritarren interesen mesedetan, nazioartean aritu ahal izateko, euskal kirolari guztiei dagokien eskubidea bermatzeari begira, maila bereko integrazioak sustatuz.

Urteak joan eta urteak etorri, segitzen dugu sinesten ofizialtasunaren aldeko aldarrikapena herri aldarrikapena dela, eta horregatik, alderdikeriei ihes eginez, herri gisan landu, kudeatu eta gauzatu behar dugula.

Horren haritik, bihar, larunbatarekin, Makean (Lapurdi), bertako gazte taldeak antolatuta Euskal Selekzioaren Aldeko Eguna ospatuko da, eta, besteak beste, mahai-inguruak, hitzaldiak, pilota partidak, txosnak eta kontzertuak izango dira, arratsalde eta gau partean.

Gu bertan izango gara, eta iritzi artikulu xume hau ere Makeara joateko deia zabaldu eta animatzeko baliatu nahi dugu, merezi duelako, oraindik, euskal gizartearen gehiengo handi batek amesten duen, amesten dugun Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasunak; etxetik hasita, oztopoz beteriko bide luze eta neketsua izango badu ere. Beraz... Ofizialtasuna bai, Euskal Herria ere bai!

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arrosarioa
 ©BERRIA

Garai konplexuei aurre egiteko kazetaritza bat

Beatriz Zabalondo - BERRIA Taldeko lehendakaria / Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

Iaz BERRIA Taldeak egindakoaren errepasoa duzu hau. Kazetaritza da gure eginkizuna, euskarazko kalitateko kazetaritza; erreferente informatiboa izatea helburu. Beraz, hortik hasi dugu errepasoa, gero arlo ekonomikoari, komunitateari eta erronka berriei leku egiteko.

Irautea iraultzea denean

Estitxu Garai, Naiara Pinedo eta Zuriñe Rodriguez

Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritzia gutxiestea. Gizonen maiztasuna handiagoa izatea. Gizonak finkoak izatea, zu aldakorra. Mahaiko emakume bakarra izatea naturalizatzera iristea. Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea.

Zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.