Euskara jakiteko betebeharra, Estatutura!

2023ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Izenburu piperdunak ez omen du harridura-ikurrik behar. Nolatan ez jarri, ordea, euskararen aurka altxarazi duten haizete honen erdian?

Oinarri demokratikoaren gainean taxututako Euskararen Legea hankapean darabilte orain epaileek. Egundo horrelakorik! Nortzuk eta epaileak lege-urratzaile! Etxenike Kultur sailburu ohiak berripaper honi argi adierazi zionez, bi alderdi oso garrantzitsu ditu bere garaian hitzartutako lege horrek: bata da erakunde publikoetara mugatzen dela euskararen normaltzea, eta bestea, berriz, gaztelania hutsean eta elebitasunari bizkar emanda bizi nahi duenari ez zaiola inolako betebeharrik bizkarreratzen. Laburbilduz: Euskararen Legea ez da herritarren edo pertsonen arteko hizkuntza-bizikidetzarako gizarte-itun, baizik eta erakunde publikoekiko harremanetan euskaldunoi hizkuntza-eskubideak aitortzeko neurri juridiko huts. Oso da garrantzitsua, aurrera ezer lortzekotan ere, abiapuntu maltzur hori zein den gogoan izatea.

Eta garrantzitsua da jakitea, hala berean, hain justu juridikoki eta politikoki hitzartutako normalizazio-prozesu horren kontra jo dutela erauntsia epaileek azkenaldian. Oinarrizko eskubideak urratu izanaren aitzakiatan, sinesteak lanak baditu ere. Ideia bat egin dezazuen, herri honek dituen berariazko eskumen guztiei erantsi lekizkieke atzaparrak argudio horri helduta: Ekonomia Ituna bera ere kendu daiteke, konparaziorako, espainiar guztien berdintasunerako oinarrizko eskubidea urratzen duela arrazoituta. Urruti gabe, Ciudadanos-en programan dago hori... Nortzuk eta juezak euskaldunok kontsentsuz geure buruari emandako lege bati egurrean!

Zer egin daitekeen

Etxenikek zioen, lehen aipatu dudan elkarrizketan, justizia epaitegietako giroa ikusita ez duela berak euskararen aurrerabidean porru-hazi handirik ateratzeko modurik ikusten. Beharbada arrazoi du, baina, nire ustez, guztiz kontrakoa da jarraitu beharreko estrategia. Eta ez dagokigu eustea soilik, saila aurrerago eramatea baizik.

Herri honetan, hezkuntza arautuari eta helduen euskalduntzeari esker, gora egin du nabarmen euskararen ezagutza-mailak, erabileraren datuak esperantzagarriak ez izanik ere. Euskara jakiteko betebeharra Estatutura eraman beharra dago, hori da herri honek, une honetan, behar duen eskumenik behinena. Hori politikoki lortu behar da, epaitegietatik ez baitator ezer onik. Hori politikoki lortuenean, zakurraren putza balioko lukete epaitegietako sententziek, ez lukete-eta euskararen aurka jotzeko zirrikitu legalik. Justizia zaunkari da, politika hozkari.

Herri honek sekula ez du hitzartu erdaldunen eta euskaldunen arteko kontratu sozial zinezkorik, pertsonon artekorik, eta egin daiteke, egin daitekeenez. Zein da egungo errealitatea? Euskaldunoi ezin ase zaizkigu gure hizkuntza-eskubideak erdaldunek, gutxien-gutxienik, gu ulertzeko betebeharrik ez izatera. Ez dago eskubiderik betebehar gaberik, eta hori ulertu egin behar du gizarteak edo ulertarazi egin behar zaio. Noren kaskezurrean sartzen da berrogei urtean hizkuntzaren aurrerapenean egindako gastuari eta giza ahaleginari jarraipenik ez ematea? Euskarak hiztunak irabazi eta eskubideak galdu behar al ditu? Marka da gero! Eta gu, abaroan, sega-potoak baino lasaiago. Bejondeigula!

Nola egin daitekeen

Ondo aztertu behar dira datu soziolinguistikoak, eta lehenik EAEko alderdien artean eta gero dagokion Espainiako Gobernuarekin zerok hitzartu: zein belaunaldi-koskatik edo noiztik aurrera jarriko den indarrean betebehartasuna; zer joko den euskara jakitea (ulertzea gutxienez, maila jakin bat trebetasun denetan?...); doakotasuna euskara ikasteko eta abar. EAEn erroldatutako norbanako orok pasatu beharko luke euskaltegitik premia horretan gertatuz gero, entzuten duzuen bezalaxe, harik eta bizikidetzaren eta, ondorioz, hiritartasunaren baldintza linguistiko ezinbesteko hori lortu artean.

Nola iritsi da orain artean, euskarari dagozkionetan, herri honetan iritsi den aurrerabide apur edo handia, begiradaren arabera betiere? Ez gaitezen engaina: motiboak ez historikoak ez etikoak dira, politikoak baizik. Legeaeuskarritzeko moduko ordezkaritza politiko-ideologikoa (dagokion babes sozialaren agergarri) zegoen bere garaian, eta horregatik ondu zen legea. Indar politikoa baliatu izan da hemen euskararen berreskurapenean urratsak egiteko. Aurrera ere, hala beharko du. Indar korrelazioak, EAEn, politikoki erreparatuta, alde dauzkagu. Indar politiko hori euskararen alde egiteko aprobetxatzen ez badugu, jai daukagu.

Egun, ostera ordea, badirudi alderdi abertzaleetan (konstituzionalistetan zer esanik ez) badagoela nolabaiteko beldurra euskararen alde benetako neurri duinak eskatzeko eta betearazteko. Euskarri-jendeak, oinarriko boto-emaileak, euskalduna ez bada, onartu egin behar ditu, bai alderdiaren posizionamendu linguistikoa, bai berak hartu beharreko konpromiso indibiduala ere. Gutxieneko edo minimo bat iruditzen zait. Horregatik da oso inportantea gorago aipatzen nituen hitzartu beharreko baldintzak ahalik eta egokienak eta partekatuenak izatea. Mitxelena handiak aspaldi salatu zuen laissez faire zinikoarekin ez goaz inora. Gizarte osasuntsu bat pertsonen arteko hitzarmenean oinarritzen da, nahiz hitzarmen hori politikariek ordezkatu.

Estatus-berdintasunik ezaren astotik ez daukagu jaisterik, eta ez jada estatus-berdintasunari, ezpada koofizialtasunari zuzenean eraso egiten zaion testuinguru honetan ezinbestekoa da euskal alderdi politikoek eta instituzioek jendeari kalera ateratzeko eskatzea.

Kontratu sozialaren abantailak

Euskarak egun prestigioa duela esan ohi da. Ez da egia. Estatus-berdintasunik ezean, ez da prestigiorik.

Estatus-berdintasunak, eguneroko komunikazio-egoeretarako, benetako babes psikologikoa emango lioke herritarrari, ezbairik gabe. Euskaraz egingo luke askok eta askok lehen hitza, solaskidearen ezaugarriei batere erreparatu gabe. Zergatik? Bada, badagoelako gizarte-itunean oinarrituko konpromiso bat.

Ez naiz atzo goizean jaiotako koitadua. Euskararen betebeharrak ez luke, ziurrenik, derrepenteko iraulirik ekarriko hizkuntza-ohituretan, baina, hori bai, benetan euskaraz bizi nahi duenari duintasun eta erraztasun handiak emango lizkioke. Are gehiago: besteren hautuan muturrik ez sartzen ez ezik, bestek gure hautua baldintzatzerik ere ez duela ikasiko genuke. Gizarte aberatsagoa eta asertiboagoa, dudarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.