Sanchez eta Urkullu: antzeko mantra!

2019ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Aulkiari itsatsita kosta ahala kosta elkarrizketari eustearen aldekoak biak ere, elkarrizketa politikoaren premiaren aldeko sutsuak. Espainola, 1978ko Konstituzioaren barruan asper-asper eta neka-neka egiteraino hitz egitearen aldeko, baina Kataluniaren eta Euskadiren autodeterminazioaren aurkako sutsua, Espainia batu eta zatiezinaren apostolu; eta euskalduna, euskal autodeterminazioaren aldeko bai, baina aldekotasun hori bereziki adierazpen hutsaletarako; eta praktika politikoan errealista, Espainiako Konstituzioaren meneko otzan, eta Espainiako Gobernuarekin eskumenen tirabiran aritzearen aldeko apostolu, beti elkarrizketa lehenetsiz, baina Espainiako Gobernuaren legitimitatea sendotuz aldi berean.

Estatu burujabe batek autodeterminazio erreferenduma antolatzen duenean, Eskozian eta Kaledonia Berrian berriki egiaztatu den bezala, irabazteko aukerak gehiago ditu galtzekoak baino; hedabideak alde ditu, elite ekonomikoak ere bai, estatukoak bezala menderatutako herrietakoak ere hein handi batean; hau da, ez litzateke batere samurra izango autodeterminazio erreferendum lotesle bat irabaztea, ez Katalunian eta ez Euskadin, baina ez dugu horren kezka eta kuidadurik ez, ez daukagunez, ezin baita horrelakorik gertatu Espainia bezalako estatu zentralista-esentzialistan, eskuindarrak baino zarata gutxiagorekin bada ere, ezkertiarrak ere nazio bakarraren eta subjektu politiko bakarraren soldadu diziplinatu eta setatsuak ditugunez gero.

Tamalez, Europa estatuen kluba da, eta gurea bezalako nazioen edo nazio-nahien aurkari gehiago lagun baino; alabaina, estatuen Europa utzita, EAEra etorrita orain: zergatik ez du bat egiten Urkulluk Torrarekin autodeterminazio eskubidearen defentsan? Zergatik ez du aldarrikatzen lau haizetara eskubide demokratiko hori onartzen ez duen estatua antidemokratikoa dela, inperialista? -Orain ez dago ETAren aitzakiarik, baina berdin jarraitzen du Espainiak-, Espainiako demokrazia guretzat ez dela demokrazia, demokrazia bakarrik espainolentzat dela, politikoki -linguistikoki eta kulturalki eta identitarioki eraginik ez balu, gaitzerdi litzateke-, espainol izatera behartzen gaituenez gero?

EAJren buruzagien praktika politikoa ikusita, pentsa liteke egun ezinezko den autodeterminazio erreferenduma biharkoren batean antolatuko balitz, ez luketela independentziaren alde egingo, halako estatu hibrido eusko-espainol baten alde baizik.

Sanchez Espainian dena, demokrata espainol elkarrizketazalea, Urkullu da Euskadin, aldeak alde; demokrata, baina demokrata espainol, Euskadin besterik ezin baita izan, gehiengo zabala behar delako aitzakiapean -gure egoeran ezinezkoa den %70 edo %75 alde izanda ere, ez litzateke gehiengo aski zabala espainolentzat-, autodeterminazio erreferendum loteslearen bideari ekin nahi ez diona, elkarrizketaren bandera samurragoa altxata.

Aulkiari itsatsita urteak elkarrizketaren alde emateko gertu, eta Eusko Legebiltzarraren ehuneko hirurogeitik gora izanik ere, inoiz momentu onik ez autodeterminazioaren bideari heltzeko; eskumen autonomikoetan katramilaturik gozoroago, Euskadi gero eta Euskadiago dela saltzen. Antzeko mantra, eta jokabidea ere!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.