Albistea entzun

Zea Maysen Frankenstein bat

Azken bi urteetan binaka kaleratuz joandako abestiak bildu ditu Zea Mays taldeak 'Adore, Kemena, Kuraia' diskoan. Bost ekoizlerekin landu dituzte laneko hamar kantak
Ruben Gonzalez, Asier Basabe, Aiora Renteria eta Iñaki Imaz <em>Piti</em> Zea Mays taldeko kideak, atzo, Bilbon.
Ruben Gonzalez, Asier Basabe, Aiora Renteria eta Iñaki Imaz Piti Zea Mays taldeko kideak, atzo, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Olatz Silva Rodrigo -

2022ko azaroak 25 - Bilbo

Kanta bikote bakoitza disko bat balitz bezala landu du Zea Mays taldeak, bakoitza bere azalarekin eta bideokliparekin. Pandemia garaian kontzertuak egitea ezinezkoa zela ikusita, abestiak sortu eta grabatzen hasi ziren joan den urteko martxoan. Binaka joan dira abestiak sareratuz ere, eta orain arte entzun gabeko beste lau abesti gehituta osatu dute Adore Kemena Kuraia diskoa. «Frankenstein disko» bat dela diote. Hamaikagarren lana dute; taldeak berak ekoitzi du, Garden Records zigiluarekin. «Abestiak binaka egin izanak sekulako freskotasuna sortu du», esan du Aiora Renteria abeslariak. Kanta bikote bakoitza lantzeko ekoizle batengana jo dute, gainera. Eta lau estudiotan egin dituzte grabaketak. Aurkezpenean, abestien ibilbideari buruz aritu dira taldeko lau kideak, baita taldearen nortasunari eta izaerari buruz ere.

«Diskoa joan den urtearen amaieran argitaratzekoa zen, baina ez zen posible izan», aitortu du Renteriak. Minbizia zuela jakin zuelako eten behar izan zuten prozesua. Zortzi kanta bazituzten ordurako, eta, Renteria osatutakoan, beste bi gehitu zizkioten zerrendari.

Ricky Falkner, Santi Garcia, Dave M. Allen, Paco Loco eta Aritz Aranburu ekoizleak izan dituzte laguntzaile kantak osatzeko. Baina, taldekideen hitzetan, abesti guztiek dituzte zenbait kontu komun. Diseinua Fortun Fortunek egin du, eta masterizazioa, Victor Garciak. Renteria: «Gainera, gu gaude abesti guztietan».

Oro har, formula horrekin pozik daude. «Oso hunkigarria izan da, itzela», adierazi du Renteriak. Eta Ruben Gonzalez baxu jotzaileak gehitu du «aberasgarria» izan dela hainbeste ekoizle eta estudio ezagutzea: «Zerbait aldatzeko, gauza desberdinak egin behar dira; eta guk lan egiteko modu asko ezagutu ditugu». Konfiantza irabazi dutela nabarmendu du Iñaki Imaz Piti gitarra jotzaileak. «Orain duela gutxi arte, ohiko estudio eta ekoizleekin egin dugu lan; hor oso eroso eta ondo zainduta geunden. Hortik atera eta bizi izandako esperientziari esker, segurtasun handia lortu dugu».

Zea Maysek argi dauka aurrera jarraitzeko denek bat egin behar dutela. «Ikasi dugu gauzak ondo eta baldintza egokietan egiteko laurok batera egin behar dugula lan; ez du balio batek aurrera egin eta beste hirurak atzean geratzeak», azpimarratu du Pitik. Eta gehitu du norbait atzean geratzen bada gainerakoak moldatu egin behar direla. «Itxaron behar bada, itxaroten dugu, eta, aurrera jo behar denean, denok aurrera egiten dugu». Hori da taldearen diskurtso demokratiko eta asanblearioa.

«Artista batzuk gara», esan du Pitik. Eta horixe bera uste du Basabek ere: «Rock-and-rollaren super banda bat gara».

25 urte daramatzate oholtza gainean, Basabek gogoratu duenez. «Musikaren profesionalak gara, baina ez gara horretan bakarrik aritzen». Izan ere, hori izan daiteke bizirik jarraitzeko gakoetako bat, haren hitzetan. «Hipoteka ordaintzen duen» lan bat izateak «askatasuna» ematen die bandarekin nahi dutena egiteko, eta irabazten dutena horretan gastatzeko. «Zorionekoa da astelehenetik ostiralera hipoteka ordaintzen dizun hobby bat izatea, eta profesionala izatea arratsaldeetan, gauetan eta asteburuetan». Bakarrik rockaren profesionalak izango balira dena desberdina izango litzatekeela uste du musikariak. «Bandarekin nahi duguna nahi dugunean egiteko libre egotea puntu positiboa da».

Bizitzaren elikagaia

Taldearen izenaz ere aritu dira musikariak. Zea mays artoaren izen zientifikoa da, baina badu beste esanahi bat ere, Pitik zehaztu duenez: «Bizitzaren elikagaia da». Hori da kideentzat taldea: «Guretzat, Zea Mays gure bizitzako janaria da. Gure lanekin edo dena delakoarekin elikatu gaitezke, baina benetan bizitza honetan elikatzen gaituena Zea Mays da».

Diskoa sarean entzun daiteke osorik, eta Durangoko Azokan aukera egongo da formatu fisikoan erosteko. Eta, horren ostean, dendetan egongo da salgai. Biniloan ere aterako dute. Aurkezpen bira datorren urteko otsailean hasiko dute, Miarritzeko Atabal aretoan (Lapurdi). Besteak beste, Iruñean, Madrilen eta Bartzelonan egongo dira. Eta Europan ere eskainiko dituzte kontzertuak, Zurichen, Frankfurten eta Berlinen. «Disko bat atera dugun bakoitzean, beti nahi izan dugu erosotasun gunetik atera, turismo pixka bat egin, eta jendea eta lekuak ezagutu», nabarmendu du Asier Basabe bateria jotzaileak.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Oier Guillan, Agurtzane Solaberrieta eta Haritz Azurmendi ©Jakin

Idoia Beratarbide eta Oier Guillan dira Joan Mari Torrealdai ikerketa bekaren irabazleak

Isabel Jaurena

'Artxibo biluzia' saritu dute, Torrealdairen artxiboen lapurreta abiapuntu duen proiektua.

Martxan da Durangoko 57. Azoka

Aurten bai: ohiko irudiak ikusi dira Durangoko Azokaren lehen egunean

Paulo Ostolaza

Goizean ireki ditu ateak Landako guneak, eta ikasleak izan dira protagonista han. Arratsaldean egin dute irekiera ekitaldia, Barrexerka antzerki taldearen eskutik.

Langileak Durangoko Landako guneko salamahaietako bat prestatzen, atzo. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Eztanda baten esperantzan

Iñigo Astiz

Gaur hasiko da Durangoko 57. Azoka, eta, azken bi urteetako gorabeheren ondoren, pandemia aurreko itxura berreskuratzeko erronka izango du aurrez aurre igandera bitarte. Musikaren euskarri fisikoen krisiak eta prezioen igoerak eragindako ziurgabetasunari ere erantzun beharko dio.

 ©Aritz Loiola, FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Olatz Silva Rodrigo

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...