Noiz sortua: 2019-04-04 00:30:00

21. Korrika

Ekiteko lekukoa

Gaur abiatuko da 21. Korrika, Garestik: 2.560 kilometroko bidea egin ondotik, Gasteizen amaituko da. 'Klika' izango du leloa: konpromisoak hartzeko deia. Elkarlana irudikatuko dute aurten ere
Korrikaren ikur nagusia: lekukoa. Barruan joango da amaierako mezua.
Korrikaren ikur nagusia: lekukoa. Barruan joango da amaierako mezua. GAIZKA IROZ Tamaina handiagoan ikusi

Garikoitz Goikoetxea -

2019ko apirilak 4

Egotetik egitera, esatetik ekitera. Mezu hori zabaltzeko asmoarekin abiatuko da Korrika gaur, Garestik (Nafarroa). Garai berezian dator 21. Korrika, izan ere: lehenbiziko Euskaraldia amaitu berritan, euskalgintzaren jiran mugimendua handitzen ari den garaian, eta euskararen erabilerari buruzko ezinegona hazten ari den unean. Klika izango du lelo gisa aurtengo Korrikak, euskararen aldeko jokabideak hartzeko deia. «Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea, hautua egitea». Euskararen aldeko ekintza masiboa da Korrika, baina aldekotasun hori ekimen bihurtzea jarri du erronkatzat AEK-k: hitzetatik ekintzetara pasatzea. «Konpromisoak hartzeko garaia da». Hori izango da aurtengo ardatza.

Garesko plazan izango du abiapuntua Korrikak: 17:00etan hasiko da. Horren aurretxoan egingo dute lasterketaren aurreko ekitaldi berezia: lekukoa zabalduko dute, eta barruan sartuko dute aurtengo mezua, azken egunean Gasteizen irakurriko dutena. Orduan argituko dute noren mezua den. Hilaren 14an izango da hori.

Horren aurretik, 2.560 kilometroko bidea egingo du lekukoak, eskuz esku. Garesen abiatuko du gaur bidea, eta Lizarra aldera joko du. Nafarroan ibiliko da larunbatera arte: Iruñera etzi arratsaldean iritsiko da. Igandean Zuberoatik, Nafarroa Beheretik eta Lapurditik igaroko da —Baionatik, igande arratsaldean—. Astelehenean Nafarroan izango da berriro, iparraldean; asteartean, Araban; asteazkenean, Bizkaian, Txorierrin eta Uribe Kostan. Ostegun-ostiralean, bi hiriburu: ostegunean, Bilbo, bazkalondoan; ostiralean, Donostia, arratsaldean. Larunbatean Gipuzkoa barnealdea eta Durangaldea igaroko ditu Korrikak. Igandean Gasteizen izango da goizetik.

Euskaraldiaren ondoren

Udazkenean aurkeztu zuten Korrika, Euskaraldia hastear zegoela, eta nabarmena da bien arteko lotura. Lehen Euskaraldian herritarren hizkuntza ohiturak izan ziren oinarri: erdarara jotzeko inertziak apurtzea, eta euskararen aldeko hautua egitea. Datorren urtean izango da bigarren Euskaraldia, entitateak ardatz hartuta: euskaraz eroso aritzeko aukerak eta lekuak sortu beharko dituzte.

Tartean iritsi da Korrika, eta bi ildoak uztartu nahi dituzte: herritarren konpromisoak, eta entitateenak. Hala azaldu dute Korrikaren aurkezpen gutunean: «Hautua da euskara ikastea, erabiltzea, inplikatzea, jauzia ematea. Klika egitea da euskaraz ahalduntzea, euskaltegietan matrikulatzea. Klika da herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak hartzea». Izatez, Euskaltzaleen Topaguneak eta AEK-k dei egin dute Korrikako egunetan ere hizkuntza ohiturak aldatzera: berriro ahobizi eta belarriprest txapak jartzera, konpromisoak hartzera, erdararako joera uztera.

Entitateekin ere hasi dira lanean Korrikaren bueltan. Duela bi aste, Aro berriari klika agiria sinatu zuten 30 eragilek Albaolan (Pasaia, Gipuzkoa): tartean daude alderdi politikoak, sindikatuak eta askotariko gizarte taldeak. Adierazpenean ohartarazi dute euskararen indarberritzea ez dela herritarren ekimenez bakarrik lortuko: «Normalizazioa ez da etorriko soilik norbanakoen konpromisoetatik, baizik normalizazioaren ikuspegi hori gizartearen atal guztietan modu transbertsalean txertatuta». Eragile bakoitzak sinatuta utzi du zer neurri hartuko dituen. Hala nabarmendu dute: «Argi dugu euskararen alde egoteak, besterik gabe, ez gaituela eramango normalizaziora».

Azken hilabeteetan berritasunak izan dira euskalgintzan. Euskaraldia izan da nagusia, baina aipatzekoak dira euskarazko komunikabideen arloan sinatutako ituna, Euskal Herri osoko erakundeen arteko lankidetza hitzarmena... Abiapuntuko argazki bat izan zuten aurreko Korrikan: euskalgintzako eragileetako eta erakundeetako ordezkariak, elkarrekin lasterka, Santiagoko zubian, Lapurdi eta Gipuzkoa artean.

Aurten ere izango da horrelako kilometro esanguratsu bat. Kostaldean ez, barnealdean izango da, mahasti aldean: Bastidan (Araba) egingo dute kilometro bateratua, hilaren 9an, asteartean. Argazkia izango da, baina harago joan nahi du AEK-k; orain bi aste beste eragile batzuekin egin bezala, konpromisoak hartzeko eskatu die eragile horiei ere. Bastidan emango dute horien berri.

Nafarroako aldaketa

Ez da hori izango, hala ere, Korrikako argazki esanguratsu bakarra. Gaur, adibidez, lehenbiziko kilometroetan, Nafarroako eremu ez-euskaldunetik mistora pasatu diren herri batzuetako alkateek eramango dute lekukoa; etzi, Iruñean, erakundeetako ordezkari gehiago ere bilduko dira. Nafarroako maiatzeko hauteskundeen atarian dator Korrika, aldaketaren agintaldiaren amaieran.

Eta, haiekin batera, herritarrak izango dira errepidean lasterka, kaleko herritarrak: gazteak eta adinekoak, emakumeak eta gizonak, bertan jaioak eta kanpotik etorriak, euskara etxean jaso dutenak eta euskaltegian ikasten ari direnak... Hain justu, Klika hori ere bultzatu nahi dute Korrikan: euskararen erabilera ez ezik, ezagutza hedatzea, kontuan hartuta euskal herritarren erdiak baino gehiago erdaldun elebakarrak direla. Normalizazioaren «erritmoa azkartzea» eskatu du AEK-k.

Erritmoak azkartu zituen pertsona bat izango dute gogoan aurten: Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi. Joan den udazkenean ospatu zuten Arantzazuko biltzarraren urteurrena, euskara batua onartu zutenekoa, eta horretan Txillardegik egindako ekarpena gogoratu dute Korrikaren atarian. «Egundoko lana egin zuen, eta euskaldunon historian egin den gauzarik inportanteena ziur aski Txillardegiri zor diogu». Klika egin zuen. Ekin. Lekukoa hartu.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 1ean eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan ez da inor hil COVID-19 gaitzaren eraginez. Bost positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta 11 gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.309 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Guardia bat pertsona bezero bati tenperatura hartzen, saltoki baten sarreran, Panama Hirian. ©Bienvenido Velasco / EFE

Munduan sei milioi pertsona baino gehiago kutsatu ditu birusak

Berria

375.000 pertsona hil dira COVID-19aren eraginez. Horien artean 105.000, Ameriketako Estatu Batuetan.

Gallartako agerraldiaren irudia, Josu Erkorekaren Twitter kontuan agertua ©@Jerkoreka

Urkulluk Euskal Herri osoan ibiltzea baimentzeko eskatu die Frantziari eta Espainiari

Gotzon Hermosilla

Jaurlaritzak espero du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hirugarren fasera pasatuko direla astelehenetik aurrera.

Adegiko zuzendaritzako kideak, gaurko agerraldian. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Adegi bat dator ELArekin erregulazioan daudenen soldata osatzeko

Xabier Martin

Osatze horiek egin ahal izateko finantzaketa, ordea, ez du nahi "bakarrik enpresaren bizkar uztea". Ekonomia %7 eta %10 artean uzkurtuko dela aurreikusi du Gipuzkoako patronalak, eta azken bi urteetan sortu diren 12.000 enpleguak galdu egingo direla.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna