Hilketa argitzeko protesta artean lurperatu dute Haitiko presidentea

Moiseren emazteak «traizio» egin ziotela salatu du. «Justizia» galdegin du, baina «mendekua» baztertzeko eskatu die herritarrei. Istiluak izan dira Cap-Haitien hirian

Beilatokia. Soldaduak Jovenel Moiseren hilkutxaren aurrean, atzo, Cap-Haitienen. J.M.H.A. / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Estatu ohoreekin eta protesta artean ehortzi zuten, atzo, Jovenel Moise Haitiko presidentea, haren hilketatik bi astera. Uztailaren 7an hil zuten tiroz, bere etxean. Argitu gabe jarraitzen du kasuak, eta «justizia» eskatu dute ehunka herritarrek kalean. Presidentearen kontrako erasoak are gehiago sakondu du herrialdeak bizi duen krisi politikoa. Moise bere jaioterritik gertu lurperatu dute, Cap-Haitienen, Iparraldeko Departamenduko hiriburuan.

Presidentea agurtzeko ekitaldian izan dira Ariel Henry lehen ministro izendatu berria eta haren gobernua, eta beste estatu batzuetako ordezkaritzak.

Martine Moise presidentearen alargunak, uztailaren 7ko erasoan zauritua izan zenak, hitz batzuk egin ditu ekitaldi zibilaren ostean. Senarrari «traizio» egin ziotela ziurtatu du. «Oligarkak» jo ditu haren heriotzaren erantzuletzat. Hilketagatik «justizia» galdegin du, baina «mendekua» baztertzeko eskatu die herritarrei.

Ekitaldia hasi denerako manifestariak kalean ziren. Moiseren hilketa argitzeko eskatu diete agintariei. Leon Charles poliziaburuari «kriminala» deitu diote, presidentearen kontrako erasoa ez eragozteagatik. «Zergatik gaur segurtasun hau guztia? Non zegoen Polizia presidentea hil zuten egunean?», oihukatu dio manifestarietako batek.

Protestan ari ziren talde batzuek barrikadak jarri dituzte. Liskarrak izan dira, eta Poliziak negar gasa erabili du manifestarien aurka. Zenbait hedabideren esanetan, tiroak entzun dira inguruan.

Segurtasun neurri zorrotzak ezarrita zeuden, protestak espero zituztelako. Herenegun ere ehunka herritar irten ziren kalera, Cap-Haitienen. Moiseren aldeko elizkizuna egin zuten ostegunean, eta tentsioa hiriko katedralean ere sumatu zen. Hainbatetan eten zuten ekitaldia eliza barruan egindako protesta oihuek.

Kanpoan, manifestazioa egin zuten ehunka lagunek. Atentatuaren egile intelektualak aurkitzeko exijitu zieten agintariei. Askok eskatu zuten Moiseren gorpua ez ehorzteko, harik eta erasoaren erantzuleak aurkitu arte.

Presidenteak jasan zituen «torturak» ere salatu zituzten. Moisek hamabi tiro jaso zituen, eta erasotzaileek ezkerreko begia atera zioten, Haitiko Poliziak jakinarazi zuenez. «Begi bat atera zioten gidatu egin nahi gintuelako. Beso bat apurtu zioten lagundu egin nahi gintuelako. Herriaren alde ari zelako hil zuten», esan zion Rose-Marie protestan ari zen herritarrak Haitiko Le Nouvelliste egunkariari.

Istiluak izan ziren Poliziaren eta herritar taldeen artean, eta manifestariek hiriko hainbat kale moztu zituzten barrikadekin.

Moiseren kontrako erasoan, DEA AEBetako Drogaren Aurkako Agentziako agente gisa jantzita sartu ziren erasotzaileak presidentearen etxera. Poliziaren esanetan, horrek modua eman zien segurtasun indarren erresistentziarik gabe iristeko harengana.

Erasoaren ostean, Kolonbiako soldadu izandako 18 gizonezko atxilotu zituen Poliziak —horietatik sei AEBetan entrenamendu militarra jasotakoak—, eta beste bi haitiar-estatubatuar ere atxiki zituen. Horietako bat DEAko informatzaile gisa aritutakoa.

Haitiko Poliziaren azken hipotesiaren arabera, Joseph Felix Badio Justizia Ministerioko funtzionario izandakoak eman zuen Moise hiltzeko agindua, eta haren bila ari da, baina, herritar askoren ustez, zalantza ugari dago oraindik.

Hauteskundeak

Moiseren hilketak ziurgabetasun handiagoa eragin du lehenagotik ezegonkortasun handikoa zen agertoki politikoan. Henry lehen ministro berriak gobernua eratu zuen joan den asteazkenean, eta elkarrizketa eskaini zion oposizioari herrialdearen «era askotako krisiari» aurre egiteko. Konponbideak ezinbestean «haitiar guztiak inplikatu» behar dituela adierazi zuen. Bozak iragarri zituen, datarik zehaztu gabe.

Moisek bozetarako data ezarria zuen: irailaren 26a. Konstituzioa berritzeko galdeketa ere egun berean finkatu zuen. Ikusteko dago Henryk egun berari eutsiko dion.

Oposizioko alderdiek eta hainbat gizarte eragilek mesfidantza agertu dute gobernu berriarekiko. Oposiziotik «kontsentsuzko gobernu bat» eratzeko eta bozetara deitu aurretik «bide orri bat» adosteko eskatu diote Henryri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.