Albistea entzun

KONTRAKANPAINA

Leloak mintzo

Samara Velte -

2023ko maiatzak 25

Ezer ez esan eta guztia iradokitzearen artea omen da eslogan politiko on bat sortzea. Gogoratu Obamaren 2012ko Yes we can famatuarekin: zehazki zer ahal zuen elipsatuz, edonori nahi zuenarekin osatzeko moduko gonbidapen oso efektibo bat egiten zion. Nolanahi ere, euren labur eta sotilean, hainbat esanahi biltzen edo berraktibatzen dituzte hauteskunde leloek, erabiltzen diren unearen eta moduaren arabera. Udaberri honetako kanpainako esloganekin ere, bizi garen garaiko eta tokiko gizartearen erradiografia bat egin genezake.

Aurrera da, esaterako, EAJren aurtengo leloa. Bere horretan, nora doan esaten ez duen eslogan bat da: aurrera eta aurrera jarrai dezakezu luzaroan inora heldu gabe. Inplizituki ulertzen da aurrera horren norabidea orain arteko garapenaren ildo berbera dela, azken mendeko «aurrerapen» teknologikoaren eta hazkunde ekonomikoaren bidearen jarraipena, alegia. Baina krisi sozio-ekologiko globalaren puntu honetan, ez ote da hain zuzen ere balazta behar duguna? Betiko bideetatik «aurrera» egiteak Pinocheti egozten zaion esaldi famatua dakar gogora: «Amildegi ertzean geunden, eta pauso bat aurrera eman dugu».

Gainerako alderdien artean, lelo gehienak bigarren pertsonan mintzo zaizkigu: zu, bai, zuri buruz ari gara. Maite duzun herria diosku EH Bilduk, halako patriotismo lokal bat aktibatu nahirik edo. Maitasuna, indar motore gisara. Maitasuna, balio politiko gisara. Orain arte ezagutu ditugun zaintza eta gizarte politiken oinarrian dagoen maitasunaren ideia hori berpizten da ezinbestean, esplotazioa ustezko altruismo onbera baten izenean apaintzen duen konstruktu hetero-patriarkal hori, Mari Luz Estebanek maistraki deskribatu zuena: «Gatazkaz eta desorekaz betetako mundu batean desinteresatu modura aurkezten den maitasun bat, talde oso minoritarioen interes ekonomikoek gidatutako mundu batean». Maitasuna ote da erakundeen partetik nahi duguna? Gogoratu, esaterako, Jaurlaritzako Garraio sailburu batek nola esan zuen AHTaren kilometroak «bihotzarekin» kalkulatu zituztela. Nik ez dut behar gobernatzen duten politikariek maita nazaten, eta ez nago prest administrazioarentzat ezer maitasunaren izenean egiteko. Ziur: denok gara feministak, baina maitasuna arrosaz irudikatzen jarraitzen dugu.

PSE-EEk ere zuzenean interpelatzen gaitu: Zurekin, dio. Nirekin? Nirekin, zer? Edo, areago: Bozkatu zeurea, nolabait iradokiz badugula zerbait, jabetzaren bat edo geure sentitzen dugun zerbait. Nork bereari baino begiratzen ez dion gizarte batean, kutsu kontserbadorea hartzen du esaldiak. Areago: Iruñeko markesina batean ikusi berri dut Voxen hauteskunde kartel bat, Zaindu ezazu zurea dena dioena (gaztelaniaz, noski). Nonbait, aintzat hartzen dute boto-emaile bakoitzak baduela berea den zerbait, mehatxatuta egon litekeena, eta, beraz, ondasun indibiduala dela babestu behar dena. Zaindu ezazu zeurea dena. Eta denona?

Finean, gizarte erromantizatzaile, indibidualista, kontserbadore eta arduragabe baten irudia osatzen dute udaberri honetako hauteskunde leloek. Ezin esan oker daudenik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Cintruenigoko planta horretan piztu da sutea eta ke toxikoa. ©Guardia Zibila

Birziklatze lantoki batean piztutako suak ke toxikoa eragin du Cintruenigon

Joxerra Senar

Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuak etxean egoteko gomendatu die herritarrei, «segurtasun arrazoiengatik».

Garbiñe Aranburu, atzean Irati Tobar duela, gaur goizean. ©Jon Urbe / Foku

Hezkuntza sistema publikoko plantillei eustea adostu dute LABek eta Eusko Jaurlaritzak

Iosu Alberdi

Lan baldintzei eta hezkuntza ereduari buruzko proposamenak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak mahai sindikalean, eta ontzat jo ditu LABek. Mahai sektorialetan jarraituko dute negoziazioek.

Ramon Gonzalo errektorea eta Maria Txibite lehendakaria, gaur, NUPen eginiko ekitaldian. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

«Unibertsitate lege berri bat» galdegin du NUPeko errektore Ramon Gonzalok, kargua hartzeko ekitaldian

Ion Orzaiz

Honakoa bigarren agintaldia izanen du Gonzalok, martxoaren 30eko hauteskundeetara aurkeztutako hautagai bakarra izan ostean

'Sorionekuak' manifestuaren aurkezpena, urtarrilean, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Sorionekuek «ongietorri erraldoia» eginen diote euskarari ekainaren 10ean Iruñean

Ion Orzaiz

Euskararen aldeko manifestazioaz gainera, egun osoko egitaraua prestatu dute plataforma osatzen duten eragileek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...