Espainiako erregearen abdikazioa. Euskal Herriko erreakzioak

Txaloetatik eredu aldaketara

Erregearen erabakiak haren lanari eta monarkiaren zentzuari buruzko hausnarketak eragin ditu

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2014ko ekainaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Erreakzio asko eragin ditu erabakiak. Erregearen irudia eta lana sutsuki txalotu dute batzuek; errespetua azaldu diote beste batzuek; zenbaitek estatu ereduari buruzko erreferenduma eskatu dute, eta beste batzuek, errepublika. Interpretazio horietako zenbaiten bilduma da hau:

IÑIGO URKULLU Eusko Jaurlaritzako lehendakaria

«Eskubide historikoak eguneratzeko aukera zabaltzen du honek»

Erregearen erabakiari «erabateko errespetua» azaldu ondoren, egoera baliatzeko proposatu du lehendakariak. Iruditzen zaio atzoko abdikazioarekin amaitu dela Espainiako Konstituzioa onartzearekin abiatu zen zikloa; «garai berri» bat irekiko duela horrek eta hori «euskal auzia konpontzen saiatzeko» baliatu behar dela. «Gure eskubide historikoak eguneratzeko aukera zabaltzen du honek».

NAFARROAKO GOBERNUA

«Felipe VI.a egonkortasun instituzionalerako bermea izango da »

Felipe Borboikoari «desiorik onenak» igorri dizkio Nafarroako Gobernuak. Espainiako erregearen lana sutsuki txalotu du gobernuak ohar bidez, eta oinordekoak ere bere lana egiten ondo asmatuko duen segurtasuna azaldu du: «Egonkortasun instituzionalerako bermea izango da».

ANDONI ORTUZAR EAJren EBBko presidentea

«Errege berriari eskatu nahi diogu estatu eredu berria abian jartzeko»

Oinordekotza ez du zalantzan jarri, eta «errege berriari» eskaera egin dio: «Dagokion arbitro eta moderatzaile lanari ekin diezaiola eta abian jar dezala Espainiako Estatua osatzen duten nazioen helburuei erantzuna emango dien estatu eredu berria». Foruak jarri ditu oinarrian. Agindu du hori betetzekotan EAJ «egoerak eskatzen dion moduan» arituko dela: «Egonkortasun instituzionala eta normaltasun demokratikoa babesten lagunduko du».

EH BILDU

«Euskal errepublikaren bidean indarrak biltzera deitzen dugu»

Erregeak, «abdikatzearekin batera, 1977an abian ipini zuen Frankismoaren erreforma fasea amaitu beharko luke», EH Bilduren ustez. «Koroa buru batetik kendu eta beste batean jarrita» ez dela ezer lortzen ohartarazi du, eta erabakitze eskubidea aldarrikatu du. «Euskal errepublikaren aldeko hautua egina dugu, eta bide horretan indarrak biltzeko deia egiten dugu».

PSE-EE

«Herritarrek instituzioan konfiantza berreskura dezaten balioko du»

Juan Carlos Borboikoaren lana aitortu, eta ordezkoak herritarren konfiantza berreskuratzeko balioko duen esperantza du PSEk. Alderdiaren gazte taldeak, JSEk, berriz, estatu ereduari buruzko erreferenduma eskatu du.

NEREA LLANOS EAEko PPren idazkari nagusia

«Monarkiari indar berri bat emango dio»

Bai joango den erregeari, bai etorriko denari, gorazarre egin die PPk. Abdikazioa ere oso ondo iruditu zaio Llanosi: «Erronka handiak dituen garai zail batean monarkia indarberrituko du».

EZKER ANITZA

«Aldaketa garaia da; errepublika garaia»

Kalera ateratzeko deia egin du, eta etxeko leihoetan zein leku publikoetan bandera errepublikanoa erakustekoa: «Aldaketa garaia da; errepublika garaia». Abdikazioa «hondoa jotzen ari den instituzioa salbatzeko desesperazio neurria» iruditu zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.