Koronabirusa

Ipar Euskal Herriko ikastetxeak. Bukatu aitzin, normaltasuna

Ikasgeletara itzuliko dira aste honetan Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Behereko ikasle guziak. Osasun protokoloa arindu du Frantziak

Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Ikasturtea bukatzeko, ikasgeletara nolazpaiteko normaltasun itxura eraman nahi izan du Frantziako Gobernuak. Aste honetatik aitzina, ikasgeletara itzultzera deituak dira Ipar Euskal Herriko ikasle guziak, urteari bukaera eman arte. Bi hilabetez konfinatuak egon ondoren, maiatzaren 12an hasi ziren lehen mailetako ikasleak pixkanaka klaseetara itzultzen, eta maitzaren 18an kolegioetako ikasleek heldu zioten. Azken asteetan, babes neurri zorrotzak bete behar izan dituzte.

Lehen hezkuntzako eta kolegioetako ikasle guztien harrera egin ahal izateko, Frantziako Gobernuak protokoloa arindu du, eta neurri berriak plantan eman ditu. Ama eskolan, hemendik aitzina, ikasleek ez dute lau metro koadroko distantzia errespetatu beharko. Ahal den heinean, lehen mailan eta kolegioetan metro bateko tartea mantendu beharko dute, baina, ikasgela txikiegia delarik, ez da beharrezkoa izanen segurtasun tarteak atxikitzea. Kasu horretan, 11 urte baino gehiagoko haurrek maskara jantzi beharko dute. Kanpoko eremuetan ere, segurtasun tartearen bermatzea ez da beharrezkoa izanen.

Neurrien arintzea kontuan hartuta, maila ezberdinetako ikasleak nahasten utzi dituztela esplikatu du Mañolo Espellet Baionako Manu Robles Arangiz kolegioko zuzendariak. Hala ere, babes neurriak aplikatzeko eskatu diete ikasleei: «Kanpoan behartzen ditugu maskara ezartzera, momentu oro». Haren arabera, ikasleek arazorik gabe onartu dute. Gainerakoan, ordutegi bera izanen dute orain ikasleek, eta denbora osoz arituko dira.

Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariaren hitzetan «dena ongi» pasatu da. Lehen mailetako ikastoletan «kasik haur guziei» harrera egiteko gai izan direla erran du, eta gainerakoetan beste formula batzuk ezartzea erabaki dute, oraingoz. Baionako Bernat Etxepare lizeoan, adibidez, egun bakoitzean maila bati eginen diote harrera. Atzo bigarreneko ikasleak hasi ziren, gaur lehenekoak joanen dira klasera, eta bihar terminalekoak. Aste honetan bukatuko dute lizeoko ikasleek eta uztailaren 7an izanen dituzte baxoko emaitzak terminaleko ikasleek. Errekuperaziorik balego, uztailaren 9an eta 10ean izanen dira.

Egun gutxi falta dira aurtengoa bukatzeko. Ondoren, bi hilabeteko oporrak hartuko dituzte ikasleek. Ikasturte hasiera abuztuaren 31rako finkatu da. «Normaltasunez hastekotan» izanen direla espero du Gorostiagak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.