Bildarratzek berretsi du ez dituztela hizkuntza ereduak kenduko

Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, Urkulluk ziurtatu du hezkuntza akordioan hartu zituzten konpromiso guztiak betetzen ari direla

Irati Urdalleta Lete.
2023ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Astebete pasatxo da Eusko Jaurlaritzak Hezkuntza Lege proiektua aurkeztu zuela, eta hizpide da oraindik ere. Atzo, Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan, horri buruz galdetu zieten Elkarrekin Podemos-IUk, PP+C's-k eta Voxek Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluri eta Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzi. Bereziki hizkuntzari buruz aritu zen Bildarratz, Jose Manuel Gil PP+C's alderdiko legebiltzarkideari erantzunez. Gutxi-asko, aurrez esan izan duena berretsi zuen: ikastetxe guztiek beren hizkuntza proiektua egin beharko dutela, hizkuntzaren arloko helburuak lortzeko, baina hizkuntza ereduak mantendu egingo dituztela: «Legeak ez du ekarriko gaur egungo hizkuntza ereduak desagertzea».

Gil kritiko mintzatu da: «Hau [Hezkuntza Lege proiektua] da Ibarretxe planetik Euskadin hausturaren alde gehien egiten duen proiektua». Bildarratzek, berriz, nabarmendu du familiek hautatzeko aukera dutela, baina gutxiengoa direla A eredua —gaztelera hutsezkoa, euskara ikasgai izanda— aukeratzen dutenak.

«Ituna betetzen»

Lehendakaria, aldiz, modu orokorragoan aritu da. Haren esanetan, iazko hezkuntza itunari leial zaio lege proiektua; alabaina, EP-IUri egotzi dio «kanpoan» geratzea: «Hamalau hilabeteko lan eta jarraipen zorrotzaren ostean, zuek erabaki duzue kanpoan geratzea eta ekarpenik ez egitea. Argudiorik eta arrazoirik gabe erabaki duzue, badakizue-eta hezkuntza itunean hartutako konpromiso guztiak betetzen ari direla».

Miren Gorrotxategik, EP-IUren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak, Jaurlaritzaren aurrekontuaren eta lege proiektuaren arteko «desfase ekonomikoaz» galdetu dio Urkulluri. Gainera, nabarmendu du azken hamar urteetan %25 igo dutela Lehen Hezkuntzako itunpeko zentroei emandako diru kopurua, eta %37 Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako itunpeko eskoletakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.