Herriko bozak Frantzian

Macron, ondorenari begira

Frantziako presidenteak ez ikusiarena egin dio gaurko udal hauteskundeetan izango duen porrotari, eta agintaldiko azken bi urteak bideratzean jartzen ari da arreta

Emmanuel Macron Frantziako presidentea Eliseoan, asteon izan duen bilera batean. LUDOVIC MARIN / EFE.
ander perez zala
2020ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Herriko hauteskundeen lehen itzulian ezer kezkagarririk gertatu izan ez balitz bezala, eta gaurko bigarren itzulian hondamendi bat gertatzekoa ez balitz bezala, hala jardun du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak azken asteotan. Berez, bozek agintaldia sendotzeko eta Errepublika Martxan (LREM) bere alderdiari sustrai lokalak finkatzeko behar zuten, baina azkenean oposizioko alderdiak aterako dira indartuen bozetatik, bi urte barru egingo dituzten presidentetzarako hauteskundeei begira. Errealitate horren jakitun, asteotan Macronek nahiago izan du bere agintaldia bideratzeko erabakiak hartu, udal bozen bigarren itzulian arreta jarri baino.

Lehen itzuliko ekologisten gorakada eta Alderdi Sozialistaren (PS) eta Errepublikanoen (LR) emaitza onak gainditu ezinezko erronkak bilakatu dira LREMrentzat, eta hainbat hiri garrantzitsutako alkatetzak lortzeko ia aukerarik gabe geratu da alderdia; horregatik, Frantziako presidentearen indar politikoak aliantzak egitera behartuta ikusi du bere burua, eta, kasu gehienetan, bigarren itzuliari begira, LRren zerrenden alde egin du, salbuespenak salbuespen. Horren helburua hautagai ezkertiar eta ekologisten garaipena eragoztea litzateke, Estrasburgon (Alsazia), Lyonen, Tolosan eta Bordelen (Okzitania), kasu batzuk aipatzearren; izan ere, horiek guztiak biztanle gehien duten hirietako batzuk dira, eta, hortaz, pisu handiko alkatetzak dituzte.

Kasu esanguratsuena, ordea, Paris hiriburua da, behinola Macronen helburu nagusi zena. Han ere, Agnes Buzyn alkategaimacronista bigarren itzulira pasatu zen arren, inkestek ez diote arrakastarako aukerarik ematen, eta Anne Hidalgo (PS) egungo auzapezaren eta Rachida Dati (LR) Justizia ministro ohiaren arteko lehiatzat daukate gaurkoa. Hidalgo da faboritoa, eta ziurrenik hark jasoko du berriz boto gehien, baina Datirentzat bigarren postua emaitza paregabea izango da, 2022ko presidentetzarako bozei begira indartuta aterako baita.

Frantziako presidenteak badaki gaurko hauteskundeetan dena kontra duela, eta horregatik jarri da ondorenari begira. Aldaketak prestatzen ari da, uztailaren 14a baino lehen egitekoa den agerraldi batean jakinarazteko; denen ahotan dago gobernu aldaketa, eta ez litzateke harritzekoa izango lehen ministroa kargutik kentzea. Edouard Philippe iparraldeko Le Havre hiriko lehian dago, eta bigarren itzuliko faboritoa da; kargu hori berreskuratzeaz, zera adierazi du asteon: «Alkatetzara zenbat eta lehenago itzuli, orduan eta hobeto».

Koronabirusaren ondorioz aginduriko berrogeialdian, Philipperen ospea nabarmen handitu zen herritarren artean Macronenarekin konparatuz gero; erretreten erreforman ere, lehen ministroak izan zuen presidenteak baino garrantzi handiagoa, eta, hortaz, Macronek galduriko protagonismoa berreskuratzea du helburu datozen asteetan jakinaraziko dituen aldaketen bidez.

Lehen itzulian, Frantziako presidenteak ez zuen parte hartu bere alderdiaren hautagaien ekitaldietan, emaitzek bere figuran eta agintaldian eraginik ez izateko. Baina agerikoa da horrek ez duela LREMren porrotik eragotzi, eta gaurko emaitzek Macronen agintaldia baldintzatuko dutela; epe laburrera begira ez bada, luzera begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.