Milaka hazi, loratzeko

Jendetza batu da Iruñean, Maravillas gaztetxearen aldeko manifestazioan. «Kontrabotere guneen beharra» azpimarratu dute protestaren antolatzaileek

Milaka pertsona elkartu ziren Gazteluko plazan, manifestazioaren bukaeran. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun

«Lore bat moztu nahi zuten, baina ehunka hazi gara», abestu zuten Gazteluko plazako kioskotik, jendetza hurbildu ahala. Izan ere, Maravillas gaztetxeak indar erakustaldia egin zuen atzo Iruñean. Ehunka ez, milaka lagun batu ziren espazio autogestionatuen eta okupazioaren aldeko manifestaziora, eta, Iruñeko Alde Zaharrean ez ezik, gaztetxeen mugimenduak Euskal Herri osoan ere sustrai sakonak dituela frogatu zuten.

Manifestazioa hasi baino hamar minutu lehenago heldu ziren gaztetxeko kideak autobus geltoki zaharrera, ingurumarietan zain zirenen txaloen artean. Han zen 89 urteko Josefina Lamberto ere, gaztetxeari izena ematen dion Maravillas Lambertoren ahizpa. «Nola ez naiz ba etorriko? Asko maite ditut nire gazte hauek. Gogotsu nago, sasoiko, eta nire esku dagoen guztia eginen dut haien alde», adierazi zion BERRIAri. Gaztetxeari Maravillas izena jarri izanak «poz handia» ematen diola gaineratu zuen, «82 urteko isiltasunaren ostean, gaztetxo hauek izan direlako gure ahizparen mezua zabaldu dutenak». Horregatik, gaztetxeko kideekin «hitz egitera eta gauzak konpontzera» premiatu zuen Nafarroako Gobernua, «interes propioen gainetik».

18:00. Autobus geltokiaren inguruko kaleak, borborka. Gazteak, gehientsuenak, baina baita adinekoak ere, seme-alaba edota bilobekin. Kolore askotariko pankartak eta aldarrikapenak ere ikus zitezkeen: AHTaren kontrako taldeenak, LGTBI mugimenduarena, etxe kaleratzeen aurkakoa, mugimendu feministarena eta 1978ko Sanferminak Gogoan plataformarena, besteak beste. Atzokoan, gazteen aldarriekin bat egin zuten denek.

Txaloka eta «Maravillas aurrera!» oihukatuz abiatu zen manifestazioa, Oliveto kondearen kalean gora, pankartaren aurrean zihoazen joaldunek ezarritako erritmo bizian. Atzean, mila koloreko jende-ilara zalapartatsua. Festa giroan egin zuten ibilbide osoa gaztetxearen aldekoek: joaldunez gainera, Alde Zaharreko erraldoi eta buruhandien konpartsak, malabaristek, hankapaluek eta gaiteroek girotu zuten protesta.

Askotariko leloak ere entzun ziren hasieratik bukaerara, baina «Maravillasetik ez dira pasako», «Gaztetxea aurrera» eta «Borroka da bide bakarra» izan ziren gehien errepikatu zituztenak.

Vianako printzearen plaza zeharkatu ostean, San Inazio etorbidean gora abiatu ziren manifestariak; eta handik, Karlos III etorbidera, Gazteluko plazan bukatu arte. Manifestazioaren bukaeran, plaza erdia betetzen zuen jendetzak.

Han, musikak eta jai giroak ez zuten etenik izan: bozgorailuetatik Fermin Valentziaren Maravillas kantua jarrita egin zieten harrera manifestariei, eta horren ostean, Idoia Tapia eta Siobhan Grady musikariek gaztetxearen omenez propio sortutako Florecica de Nabarreria abestia eskaini zuten zuzenean.

«Ez gaituzte geldituko»

Musika emanaldien ostean, Maravillas gaztetxeko asanbladaren izenean hitz egin zuten Uxue Jimenezek eta Ulises Domechek. Biziki hunkituta, eskerrak eman zizkieten manifestaziora batutako guztiei, baina, bereziki, Josefina Lambertori. Gaztetxearen alde erakutsi duen kuraia nabarmendu zuten: «Eredu zaitugu». Gogoan izan zuten, halaber, Hendaiako gaztetxe berria.

Hitzaldian, gazteek nabarmendu zuten autogestioa oinarri duen espazio eta proiektuekin aurrera jarraitzeko asmoa dutela. Ezinbesteko jotzen dituzte «kontrabotererako espazioak».

Bestalde, azken egunetan okupazioaren eta gaztetxearen kontra esandakoak gezurtatu nahi izan zituzten Jimenezek eta Domechek: «Ondasun publiko bat pribatizatzea leporatzen digute, baina hogei urte hutsik zeramatzan espazio publiko bati erabilera komunitarioa ematea ez da sekula pribatizatzea izanen. Ez gaitzatela engaina: Maravillas gaztetxearen ateak beti egon dira edonorentzat zabalik». Gaztetxean zabaldu dituzten liburutegia, elikagai bankua, gimnasioa eta ikastegia ere nabarmendu zituzten, eta bide hori urratzen segitzeko asmoa dutela ohartarazi zuten: «Ez gaituzte geldituko».

[youtube]https://youtu.be/BKG_IVi88z0[/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.