Hiltzear zela utzi zuten aske

35 urte beteko dira gaur Josu Retolaza euskal preso ohia minbiziak jota hil zenetik. 33 urte zituen. Kartzelan atzeman zioten gaitza, eta aitzinatua izan arte ez zuten libratu.

Josu Retolaza, artxiboko irudi batean. EUSKAL MEMORIA FUNTSA.
maddi ane txoperena iribarren
2022ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun

Herreratik Madrilgo ospitalerako joan-etorriak ziren txarrenak. Medikua bera ere beldurtuta egoten zen. Esaten zuen: 'Ez dauka zentzurik'». Zauriak irekitzen zizkioten, jo egiten zuten. «Berak ere ez zuen nahi ospitalera joatea, ze bidaia bera beste tortura bat izaten zen. Bueltan okerrago egoten zen». 1986a da Herrera de la Manchako kartzelan (Espainia, 640 kilometro). 32 urte ditu Josu Retolaza Loidi euskal presoak, eta tumore bat atzeman diote. «Melanoma bat, bosgarren gradukoa», azaldu du Fernando Retolaza Loidik orain, anaia hil zitzaionetik 35 urtera, hitz bakoitza tentuz aukeratuta. Datak-eta ez dituela ongi oroitzen, desenkusatu da lehenbizi, baina ondotik erakutsi dituen mediku txostenek bat egiten dute deskribatzen dituen xehetasun guziekin.

 

«1985ean eduki zuen lehenengo mediku kontsulta esateko zelan zeukan lesio bat bizkarrean, sorbaldan. Medikuak esaten zuen pikorta bat zela, baina odol asko botatzen zuen, eta hor izan zituen lehen susmoak zer edo zer txarra zela. Ikusi zuten izan zitekeela tumore bat». Hala baieztatu zioten handik urtebetera, eta 1987ko maiatzaren 19an hil zen, minbiziaren ondorioz. 33 urte zituen.

Hilabete batzuk lehenago atera zuten espetxetik, heriotzaren data gainean zuela: «Esan ziguten beste sei hilabete biziko zela, eta etxera bidaltzeko baimena eman zioten. San Andres bezperetan etorri zen Eibarrera [Gipuzkoa]». 1986ko udazkenean, ahul. «Gero eta makalago zegoen. Beste tratamendu batzuk ere egiteko asmoz ibili zen, baina haiek emandako sei hilabeteko sententzia poliki-poliki bihurtu zen egia. Maiatzean ja zabalduta zeukan metastasia, eta 19an hil zen». Herri berean ekitaldi bat eginen du Egiari Zor-ek igandean, hiltzear zela aske utzi zuten herrikidea oroitzeko. 12:30ean eginen dute, Txaltxa Zelai parkean.

Kartzelaren zauriak

Josu Retolazak bortz urte zeramatzan kartzelan gaitzaren lehen zantzuak sumatzen hasi zenerako. Baina ez ziren jasan zituen lehen zauriak izan: «1980an atxilotu zuten, abenduaren 11n», oroitu du Fernando Retolaza anaiak. «Lehenengo egunetan ez genuen jakin ezer: non zegoen edo zer gertatu zen. Eta gero jakin genuen hurrengo egunean Donostiako Gurutze Gorrian egon zela». Hango agiri bat daukate gordeta. «Pare bat bider egon zen, lesio batzuk eduki zituelako. Bueno, lesio batzuk... badakigu zer gertatzen den atxilotu eta gero. Inkomunikazioa bost egunekoa zen». Ez du tortura hitza ahoskatu, baina, galdetuta, baieztatu egin du: «Noski. Buruan zituen zauri batzuk, izter batean ere bai, eta beste zauri batzuk, arinak. Parteak arinak esaten du». Epailearen aurretik igaro eta Carabanchelgo kartzelara eraman zuten (Madril), ETAko kide izatea leporatuta. Puerto de Santamarian ere egon zen (Espainia, 1.010 kilometro), eta, azkenik, Herrera de la Manchan.

Bitan artatu zuten Madrilgo Probintzia Ospitalean: «Tratamendu kirurgikoa egin zioten: bi bider zabaldu zuten gongoilak-eta garbitzeko». Baina harako bidaietan tratu txarrak ematen zizkioten, eta anaiak argi du: «Gaiztotu, hor gaiztotu zen. Lehenengo, gaixotasuna zeukan, baina tratua oso txarra izan zen: gehienbat lekualdaketetan. Eta kartzelan ez zuten ondo zaintzen. Baldintzarik ez zeukan kartzelan hori zaintzeko».

Izan ere, zendutako preso ohiaren senideak uste du kalean bazegoen beharbada berdin aterako zitzaiola minbizia, baina bilakaera bertze bat izan zitekeela iruditzen zaio: «Diagnostikoa aurretik ez egitea, hori zen errua». 35 urteren ondotik, bizia dute mina oraindik familian: «Ama bizi da, 94 urte ditu, eta ez du nahi jakiterik ezer, adibidez. Familian ere, beste batzuek pixka bat ahaztea nahi. Gogoratzea gogorra da».

Duintasunaren aurka

Retolazarena ez zen lehen kasua izan, ezta azkena ere: Etxerat-en arabera, azken hamarkadotan hamazazpi euskal preso hil dira eritasunagatik kartzelatik atera eta gutira. Nahia Aia Osabideak elkarteko medikuaren arabera, auzitegiek legearen interpretazio «hertsia» egiten dutelako ateratzen dituzte kartzelatik hiltzear, eta ez lehenago. Eta, era berean, espetxean bertan hiltzea «ekiditeko» ere bai, horrek «ikusgarriago» eginen bailuke arazoa.

Espainiako Zigor Kodearen 91. artikuluak zehazten du preso bat gaixotasun «larri eta sendaezinak» edo bizitzarako «arrisku nabarmena» izan behar dituela eritasunagatik baldintzapean aske uzteko. Baina Aiak azaldu du «oso subjektibo eta interpretagarriak» direla irizpide horiek: «Giza eskubide eta osasun irizpide hutsak ez diren beste bultzada batzuk gailentzen direnean, zigor denbora eta bizitza pronostikoa kontrajartzen dituen kenketa matematiko maltzurretan oinarritzen dira». Bertzela behar lukeela uste du: «Giza duintasunaren ardatzera mugitu beharko genuke». Horretarako, preso erien egoera «zehatzago eta profesionalago» aztertu beharko litzatekeela uste du, baina ez dela hala gertatzen. Are, kartzelak berak eritasunak sortzen dituela gogoratu du: «Gaixotzeko arriskua areagotu, eta gaixoarazten du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.