Eutanasia

«Argi zuen: hau ez da bizitzeko era»

Lorente-Tellaetxe sendiak eutanasiaren aldeko kanpaina bat hasi du; amak aski aurreratua du alzheimerra, eta froga ugari dituzte erakusteko haren borondatea zela ez horrela bizitzea: hain urrun, hain erkinduta. Delitua da gaur egun oraindik, ordea, inori eutanasia egitea: hortik aldarria.

David Lorente Tellaetxe, familiaren etxean, amaren aurretiazko borondateen agiria erakusten. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
arantxa iraola
Portugalete
2019ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
Borrokalari askoa izan da beti!». David Lorente Tellaetxe (Portugalete, Bizkaia, 1970) amari begira ari da: Maribel Tellaetxeri so. 1944an jaiotako andre bat da, Portugaletekoa bera ere, hantxe hazia, familia han sortu zuena: hiru seme-alaba ditu. Auskalo non duen orain gogoa: alzheimerrak erasanda ditu soa eta solasa. Dituen argialdi apurretan aparteko nahigabea erakusten duela azaldu du semeak. «'Hau ikaragarria da', esaten du: 'Non nago? Zer ari zait gertatzen?'. Noizbehinka irribarre bat ateratzen zaio, baina gehienetan larrimin betean sentitzen dugu: klaustrofobia psikologiko baten antzeko zerbait da. Desorekatuta sentitzen da: nahigabetuta. Sarri adierazi nahi du zerbait, baina ezin du. Inpotentzia hori jasanezina da; guretzat, eta harentzat. Tortura psikologiko etengabea da». Gaitza hain aurreratuta egon aurretik, amak argi adierazita laga zuen, gainera, ez zuela horrela bizi nahi: hain galduta. Idatzizko agiriak dituzte hori erakusteko. Horregatik, sendiak eutanasia eskatzeko kanpaina bat hasi du: SOSAmatxu blogean ari dira hedatzen dituzte mezuak. Sinadura bilketa bat ere martxan dute: atzo 161.000 izenpetik gora zituen.

Argi utzi nahi dute: ez daude gaitzak eragiten duen minak blokeatuta. Iragana da hori. Aspaldi sartu zitzaien eritasuna etxean: hamabi urte inguru dira amari diagnostikoa egin ziotela, eta horrekin bizitzeko ahaleginetan murgilduta egon dira ordutik. «Diagnostikatu ziotenean, hasi zen gaixotasunari aurre egiten. Euskara berriro ikasten, ingelesa, sudokuak egiten... Adimena lantzen. Horrekin, eritasunaren bilakaera asko moteltzea lortu genuen», azaldu du Lorentek. Endekapenak bere bidea egin zuen, baina ongi ikusten zuten oraindik ama. «Ezin zuen ulertu film bat, edo ezin zuen elkarrizketa bat jarraitu, baina bere senideen edo lagunen elkartasuna sentitzen zuen: pozik zegoen». Aitaren ondoan musika talde batean abesten jardun zuen, esate baterako, bolada batean. «Musikarekin lotutako memoria izaten da galtzen den azkenetarikoa. Ez zen gai gauza berriak ikasteko, baina abestiak-eta ikas zitzakeen. Gauza asko ahazten zitzaizkion ordurako, baina abestien hitzak-eta ongi oroitzen zituen...».

Ez dute dudarik: urte askoan eritasuna «ondo» eraman zuen amak. «Ondo konpondu ginen. Baina, une batetik aurrera, ez da bizimodua». Lehen ez bezala, «sufritzen» ikusten dute orain ama, eta horrek eraman ditu urratsa egitera: eutanasia eskatzera. Egun, zaintza aringarriak jasotzen ari da ama, eta horiekegiten dioten ekarpenarekin «pozik» daude, bainaargi duteharen nahia harago dagoela.

«Inpotentziaz» ari dira

Hainbat modutan adierazita utzi zuen amak bere gogoa, aratz.Ahoz gertukoei egindako adierazpenetan, familiartekoentzako idatzita utzitako eskutitz batean, eta osasun sistemak ahalbidetzen duen era ofizialean: hain justu, aurretiazko borondateen agiria egina du —2017koa da, gaitza bere larrienean gordindu aurrekoa—. Bertan argi dio, heriotzaren ordurako beste hainbat jarraibiderekin batera, pairamendu egoera batean ez lukeela nahi bizitza luzatzerik: are gehiago, eutanasia ere nahi luke. Aldiz, legez kanpokoa da egun oraindik hautu hori, eta horrek sorrarazten dien «minak eta inpotentziak» bultzatuta ari da orain familia aldarriaren aldeko borrokan. «Erabaki genuen hori era positibo batean bideratzea», azaldu du Lorentek.

Anaiak, udazken honetan, testu bat zabaldu zuen Whatsapp bidez egoeraren berri emateko; berehala, jende askoren babesa jaso zuen, eta hori izan zen borrokaren abiapuntua. Semeak, idatzi horretan, amarekin urte batzuk lehenago izandako solasaldi bat du gogoan; hark egindako eskakizun bat. «Arren, ez itxaron zuek ahantzi arte: zuek seme-alabak zaituztedala ez gogoratu arte, aita ez ezagutu arte... Egun horretan, joaten lagundu behar didazu», esan zion amak. Guztiz sinesgarriak egiten zaizkio David Lorenteriamaren hitz horiek. «Nire amak oso argi zeukan hau ez dela bizitzeko era, eta nahiago zuela hiltzea horrela bizitzea baino. Bere ama zenak zortzi urte ohean egin zituen gaixotasun horrexek erasanda; aitaren ama ere alzheimerrarekin egon zen. Guk oso ondo ezagutzen dugu gaixotasun hau, eta ez dugu horrela bizi nahi. Guk eskatzen duguna da bere borondatea errespetatzeko».

Oihartzun handia izaten ari da aldarria: sare sozialetan zabaldu zuten aurrena, hedabideen bultzada ere jasotzen ari da orain. Eta pertsona anonimo askorena. «Jendearen erantzuna itzela da». Eutanasia legeztatzearen alde ari diren elkarteekin harremanetan jarri dira, eta egin dute talde politikoetarako eta instituzioetarako urratsa ere: babes eske. Espainiako Kongresuan eutanasia legeztatzeko atea ireki dezakeen lege bat aztertzen ari dira —PSOEk aurkeztutakoa da—, PP ez beste gainerako talde politiko guztiek eman zuten haren tramitazioaren aldeko boza, eta hortxe jarria dute esperantzaren printza. Ez dute ulertzen zerk eragotz dezakeen lege hori onartzea. «Guk errespetatu egiten dugu eutanasia nahi ez duena. Zergatik haiek ez gaituzte gu errespetatzen?».

Agurrerako «momentua»

Badakite auzi arazotsua dela. «Noiz heldu da momentua?». Eutanasia eskari ororen muinean galdera horrek eragindako artegatasuna dagoela onartzen dute, baina uste dute hori ezin dela izan gaixoen borondatea errespetatzeko eragozpen. «Ez da galdera erraza, egia da hori. Baina, gure amaren kasuan, une hori heldu da; ez orain, bada urtebete inguru jada une hori ailegatu zela; Gabon hauetan ez, aurreko Gabonetan izan zen: bizirik hila zen ordurako. Orain, nire ama torturatuta dago lege bidegabe baten ondorioz, eta, nire amaren moduan, beste milaka pertsona ere bai», salatu du David Lorentek.

«Zirrikituak» besterik ez zaie geratzen amari joaten laguntzeko: aurretiazko borondateen agirian hark egindako eskabide legezkoak: esaterako, eritzen bada ez tratamendurik ipintzea. Baina, fisikoki, osasun oneko dago. Ongi deskribatzen du hori Danel Aser Lorentek amaren egoeraren berri emateko idatzi zuen testuan. «Gorputza %90ean du, analitika ia perfektu batekin, baina minak ditu, nondik datozen jakin ezin dugun minak, eta adimena %5era du: joanda, nahigabetuta». Horregatik, sufrimendu hori onartua izatea nahi dute, eta amak eskatu zuena betetzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.