Latinoamerikako herrien borroka

Pinocheten herentziak itota

Diktadurako konstituzioa dago indarrean oraindik Txilen. Bi hilabete daramatzate protestan, pribatizazioa eta errepresioa sustatzen dituen ereduaren aurka.

Manifestari bat, milaka lagun bildu zituen protestetako batean, Duintasunaren plazan, Santiagon, abenduaren 6an. ALBERTO VALDES / EFE.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2019ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Manuel Baquedano jeneralaren estatua margotuta ageri ohi da protestak hasi zirenetik, duela bi hilabete. Santiagoko Italia plazan dago, txiletarrek Duintasunaren plaza izendatu berrian. Arican, iparraldean, Kristobal Kolonena suntsitu dute; Serenan, Francisco Aguirre espainiar militarrarena; Temucon, maputxeen lurraldean, Pedro Valdiviaren burua Coupolicanen eskuetanjarri dute, zeina Espainiako Inperioaren kontrako erresistentziaren ikur den, eta hegoaldean, Punta Arenasen, Jose Menendez enpresari espainiarra Patagon indiarraren oinpera eraman dute. Kalean sortu den mugimenduaren «kontzientziaren isla» dira ekintzok, Andres Figueroa Cornejo kazetariaren ustez (Santiago, 1970): «Mendeetan elite txikiek, militarrek eta enpresariek jasanarazi duten sufrimendua amaiarazi nahi dute herritarrek».

Izan ere, metroko txartelak garestitzeagatik lehertu ziren protestak, baina, sakonean, arnasa hartzeko ere ordaindu behar izaten duten herritarren itolarria dago. «Herrialdearen egiturazko arazoetako bat da sistema osoa oligarkia batetik eraiki dela, klase ertain eta baxua zapaltzen duen elite oso txiki batetik, eta [Augusto] Pinochetekin jo zuen goia. Arazoa da jende bera dagoela boterean, eta Txile AEBen kutuna dela. Pinochetek eraikitako sistema neoliberalak eta errepresio militarrak jota bizi gara».

Manifestarien aurpegian ikusten da gizarte plural bat dagoela protesten atzean. Lilia Diaz Herrera (Santiago, 1968) irakaslea da, eta protestak antolatzen dituen talde batean dihardu. «Oso garrantzitsua da» Diazentzat pluraltasun hori. «Maputxeak, feministak, langileak, zaharrak... Denok bat egin dugu, aberatsek mespretxatzen duten horretan. Era guztietako banderak daude, baina alderdirik ez dago atzean. Herri bat garela konturatu gara, duina izan nahi duen herri bat».

Borroken sorrera

Joan den urriaren 4an Txileko Garraio Ministerioak metroko txartelak beste behin garestituko zituela iragarri zuen, eta, handik bi egunera, ikasleak masan abiatu ziren, txartelik ordaindu gabe, metrora. Guardien hesiak gainditu zituzten, ikasleena zen protesta herritar ororena bilakatu zen, eta Sebastian Piñeraren gobernuak artilleria guztiarekin erantzun zuen: leporaino armatutako karabineroak kalean izan dira harrezkero; ur kanoidun tankeekin uxatzen dituzte manifestariak, negar gasez busti. 26 lagun hil dituzte, 3.400 pertsonak ospitalean amaitu dute, eta 9.000 inguruk komisarian.

Giza eskubideen aldeko taldeek eta atzerriko hainbat gobernuk salatu dute karabineroren indarkeria, baina errepresioa ez da gauza berria Txilen. Pinocheten diktaduraren ostean (1973-1990) ez baita behar bezalako erreparazio prozesurik egin, Andres Figueroak gogorarazi duenez. «Inpunitate osoa dute gizateriaren kontrako krimenak egin dituzten gehienek. Zigortu dituzten gutxietakoak aske daude baldintzapean, edoluxuzko hotelak diruditen espetxeetan. Oraindik ere indarkeria erabiliz isilarazten dute sistemaren kontrako aldarrikapen oro».

Diktadura amaitu ondoren iritsi diren gobernuek ez diote auziari sakonki heldu. «Tabu moduko bat da», Lilia Diazentzat. «Desagertutakoen senide askok ez dakite non dauden, eta diktaduraren izugarrikeriak agertzen dira, tarteka, dosi txikietan, gorpuzkiak agertzen diren bakoitzean».

Diktaduraren adierazpena 1980ko konstituzioa bera da. Michelle Bachelet saiatu zen bi agintaldietan (2006-2010, 2014-2018) hainbat ekinbide bideratzen konstituzioa aldatzeko, baina ez zuen arrakastarik izan, eta, eskuina iristerakoan, ahalegin horiek bertan behera geratu ziren.

Diktadorearen konstituzioa

Konstituzioa Jaime Guzmanek idatzitakoa da, Pinocheten legegileak, eta ondorengoen eskuak lotuta edukitzeko moduan idatzi zuela esan ohi zuen. Molde erabat neoliberala du, estatua bigarren mailan geratzen da, eta pribatizatu daitekeen guztia pribatizatu dute: hezkuntza, osasuna, ura, garraioa, errepideak, meatzeak, basoak... Munduan merkatu libreko akordio gehien duen herrialdea da, eta desberdinkeria izugarria dago herritarren artean. Txileko ekonomiak sortzen duen aberastasunen %33 herritarren %1en esku daude. Santiagon, bi gelako etxe bateko alokairuaren batezbestekoa 495 euro dira, eta gutxieneko soldata, 373 euro.

Berdintasunik eza eta indarkeria agintarien tratuarekin gurutzatzen dira. Diazek bezala herritar xeheenek «egunero» pairatzen dute «politikarien distantzia eta mespretxua». 1973ko estatu kolpeaz gero,Txilen izan den krisirik handiena da, baina Piñerak, «gerran» daudela adierazi, eta salbuespen egoerarekin erantzun zuen urriaren 19an. Javier Iturriaga izendatu zuen defentsa nazionaleko buru, diktaduratik lehen aldiz etxeratze agindua jarrita.

Piñerak iragarri zuen hainbat neurri hartuko zituelaprotestak baretzeko, baina herritarrentzat huskeria dira, aldaketa errotik nahi baitute. Presioen ondorioz, konstituzioa aldatzeko bidea hasi dute, eta plebiszitua apirilaren 26an egiteko erreforma onartu zuten joan den astelehenean, legebiltzarreko alderdi ia guztiek azaroan egindako akordioari esker. Herritarrei galdetuko diete, batetik, konstituzioa aldatu nahi duten, eta, bestetik, prozesuak nolakoa izan behar duen: herritarren eta parlamentarien arteko talde batek bideratu behar duen, edo horretarako espresuki aukeratutako talde batek.

«Herritarren batzar konstituziogile bat behar da, baina klase politikoa nepotista eta klasista hutsa da»,egin du ohar Figueroak. «Pribilegioak mantentzen saiatuko da». Kaleko protestak apaldu dira, baina udako oporren ostean itzuliko direlako esperantza du Diazek, «kalean presio egiten ez bada egoerak bere horretan jarraituko baitu, konstituzioa aldatu edo ez».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.