EH Bilduk %75era igo nahi du energia autohornikuntza 2045erako

Koalizio abertzaleak «Euskal Herriko eraldaketa ekosozialerako» bere energia estrategia plazaratu du. Energia berriztagarrien aldeko apustua berretsi du, munduko «klima kaosaren aurrean»

EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi, atzo egindako agerraldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
xabier martin
2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
«Eraldaketa ekosozial sakon baten premia» ikusten duenez, Euskal Herrirako bere energia estrategia plazaratu du EH Bilduk, berriztagarriek haren funtsa osatzen dutela. «Larrialdi ekologikoko egungo testuinguru historikoan», koalizioaren politika gidatuko du Bilbon aurkeztutako agiri horrek. Euskal Herriak energiarekin eta, zehazki, haren sorkuntza eskasarekin duen arazo larria «krisi ekologiko globalaren testuinguruan» kokatzen du EH Bilduk, eta berriztagarrien aldeko apustua berresten du, baina energia azpiegitura horiek hedatzeko baldintzak zehaztuz.

BERRIZTAGARRIAK NOLA

Euskal Herriko energia sistema erabat berriztagarria izatea nahi du koalizio abertzaleak, «biltegiratzeko gaitasun handikoa». Kontsumoari sorkuntza berriztagarriarekin erantzutea «epe luzerako helburua» dela uste du, eta horretarako kontsumoa nabarmen murriztu behar dela dio. Dena den, beharrezkotzat jotzen du «lurralde mailan ahalegin handi bat egitea» berriztagarrien elektrifikazioa indartzeko, zenbait baldintza kontuan hartuz: «Berriztagarrien instalazioak toki ezin hobe eta bateragarrietan kokatzea, eskuragarri dauden baliabideen arabera; ingurumen eta ondare ikuspegitik sentsibleak diren guneak alde batera uztea; elikagaiak ekoizteko lurren erabilera orekatzea; eta lurraldea zaintzeko ekintzen bitartez biodibertsitatea berreskuratzea».

BULTZADA PUBLIKOA

Eraldaketa handi hori posible izango da, «soil-soilik, bultzada publiko nabarmen baten eskutik», EH Bilduren arabera. Baina bultzada hori ez da nahiko izango. «Inbertsio publikoak, komunitarioak eta pribatuak konbinatu behar dira», dio agiriak, «gizartearen interes komunari lehentasuna emateko, enpresa pribatuen irabazi interesen aurretik».

ONURADUNAK NOR

Lurraldean bizi den komunitateak izan behar du, haren arabera, «lurralde hori okupatzen duten energia azpiegituren onuraduna». Alegia, energia sektorea «demokratizatu» egin behar dela dio EH Bilduk, «energia enpresa handien eta inbertsio funts handien esku baitago gaur egun». Enpresa horien irabazi asmoek «ez dute inolako zerikusirik gizartearen interes komunarekin», dio agiriak. Interes komun horiek hauek dira: «Energia prezio justu batean eskuratzea, eta energia trantsizio jasangarria egitea».

«Onartezina da», EH Bildurentzat, prezioak finkatzeko sistemak, «herritarren eta enpresa txikien interesei erantzun beharrean, energia enpresa jakin batzuk bidegabe aberastea». Uste du Hego Euskal Herriak sorkuntza eta biltegiratze azpiegituren «kontrol publikoari» eutsi behar diola, azpiegitura horiek oso estrategikoak direlako energia krisi globalean.

JENDEAREKIN BATERA

«Eraldaketa handia jendearekin batera egingo da, edo ez da egingo», dio EH Bilduren energia estrategiaren agiriak. «Tentazio autoritarioei» aurre egin behar zaiela uste du. «Ezinbestekoa da zentzu kolektibo bat eraikitzea, interes komuna lehenetsiko duten soluzio demokratikoak bultzatzeko, zentzu komunitario batekin». Ahalegin horretan, lankidetzazko gobernantza ereduak proposatzen ditu. «Energia trantsizioa prozesu sozial eta ekonomiko bat da, ezinbestean, gure antolamendu sozialaren itxuraldaketa ekarri behar duena».

HELBURUAK

2045. urtean klima neutraltasuna lortzea da koalizioak ezarri duen lehen helburua, energia estrategia eraldatzaileari lotuta; horretarako, emisioak %90 murriztu beharko lirateke 1990. urtearekin alderatuta. Bigarren xedea da energia kontsumoa erdira murriztea 2019. urtearekin alderatuta. Eta hirugarrena, 2045ean energia autohornikuntzako %75eko tasa lortzea.

LURRALDE ANTOLAKETA

Energia berriztagarrien instalazioak «ordenatuta eta kokaleku egokienetan» nahi ditu EH Bilduk, baina, klima larrialdiaren aurrean, «irizpide iragankorrak» finkatzea eskatzen du, «lurralde arloko plangintza tresna egokiak prestatu bitartean». Plangintza horrek mugak ezarriko lizkieke «tokiko mailaz gaindiko energia berriztagarria sortzeko proiektuei, baldin eta azpiegitura horiek ondorio konponezinak eragin baditzakete lurraldean». Interes bereziko ingurumen eta kultura balioak dituzten eremuak alde batera uzteko irizpideak ezar daitezela eskatu dute agirian, eta lurraldearen saturazioa kudeatzeko irizpideak ere bai.

GEHIEGIKERIA EKOLOGIKOA

Koalizio subiranistak uste du energia trantsizioa «atzeraezina» dela. «Erregai fosilen erabat mendean egonik eta sekulako kontsumoak dituen sistema batetik beste batera igaro behar dugu, oinarri-oinarrizko premia sozioekonomikoen arabera dimentsionatu ondoren». Zergatik egin behar den eraldaketa hori? Hego Euskal Herriak ezin diolako ihes egin «muga bioesferikoen gainezkatze egoerari». Euskal Herria «kanpotik etorritako energiaren mende dago (>%85)», dio agiriak; «energia fosilen oso mendean (%80), guztiak ere kanpotik datozenak; eta energia berriztagarrien presentzia urria da (%14)».

ERALDAKETA EKOSOZIALA

EH Bilduk uste du Hego Euskal Herriak nekez konponduko duela energiarekin duen «egundoko arazoa» eraldaketa ekosozial bat egin gabe. Eraldaketa ekosozial batek «beste ekoizpen eta kontsumo modu batzuetara eramango gaitu», dio koalizioak; horretarako, kultura aldaketa baten bultzada «ezinbestekoa» da harentzat; «munduan egoteko beste modu bat». Eta mezu argi bat helarazi du: «Eraldaketa hori egin behar da, ez dago beste aukerarik. Krisi ekologikoa fase kritikoan sartu da: egoera larria da, bai planetarentzat bai bertako biztanle eta jendarteentzat. Inor ez dago klima krisiaren ondorioetatik salbu, ezta energia eredua birmoldatzeko premia atzeraezinetik salbu ere».

EH Bilduk argi dauka «oso kaltebera» dela euskal eremua, eta energia soluzioak «gure lurraldean» aurkitu behar direla. «Autohornikuntza» aipatzen du kontsumoa erdira murrizteko. «Ez dago soluzio teknologikorik gauzak gaur egun dauden bezala mantentzea ahalbidetuko digunik», ziurtatu dute agirian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.