Aldarri «publikoei»atxikita, «lasaitasunerako» tarte urria ikusten dute Steilasen

Sindikatuaren XII. Kongresua egin dute, Iruñean. Hezkuntza «pribatizatzeko» ahaleginen aurka bideratu nahi dituzte datozen urteotako jomuga nagusiak

Nazio Batzorde Iraunkorreko kideak, atzo, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
arantxa iraola
Iruñea
2022ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Iruñean topaldia egin dute egunotan Steilaseko ordezkariek, XII. Kongresua. Sindikatuaren izaeraren muinaren erakusgarri izan da hautatuko leloa: Noranzko bakarra, publikoa. Eguerdian sindikatuaren Nazio Batzorde Iraunkorreko kideek egin zuten agerraldian ere, hezkuntza publikoaren aldeko mezua inoiz baino garrantzitsuagoa dela oroitarazi zuen Nagore Iturrioz ordezkariak, «triunfalismoei» lekurik egin gabe. Izan ere, asteon ituna hitzartu dute sindikatuek Eusko Jaurlaritzarekin; ikastetxe publikoetan egiturazkoak ez diren postuak finko bihurtzeko eta ratioak ere murrizteko modua ekarriko du akordio horrek, eta, horiek horrela, hezkuntza sistemara helduko den «lasaitasunari» buruzko mezuak naro zabaldu dira egunotan, itxaropentsu. Baina horretarako motiborik ez dute ikusten Steilaseko kideek. Iturrioz: «Udazkena gogorra izango da. Ez dugu uste lasaitasunerako garaia denik hezkuntzan».

Orain lau urte ondutako txostena «berritzea» izan da Steilasen topaldiaren helburua.Ikasturte osoan zehar bideratutako prozesu «parte hartzaile bat» burutu zuten atzo, afiliatuen ekarpenak jaso eta azken zuzenketak eztabaidatu ostean. Datozen lau urteotan sindikatuko Nazio Batzorde Iraunkorra osatuko duten kideak ere hautatu zituzten: Jone Gibelalde, Peio Salazar, Nagore Landa, Joakin Akarregi, Nagore Iturrioz, Ariane Alberdi, Diana Bruño eta Raul Lopez.

Txostenaren gako garrantzitsuenetako bat eskola «publikoaren» aldeko mezuetan oinarrituta dago. «Gure ponentzian etorkizuneko eskolaz hausnartzen dugunean, lehen gakoa publikoa da: publikoa da guretzat etorkizuna eta norabidea», azaldu zuen Iturriozek. Eta traba asko ikusten dituzte bidean. Esaterako, EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Podemos-IUk Hezkuntza Legea egiteko Eusko Legebiltzarrean ondu duten itunaren atzean helburu «pribatizatzaileak» ikusten dituzte, itunpeko ikastetxeen neurrira egindakoak, eta itun horretatik abiatuta legea ontzeko prozesuari «adi» erreparatuko diote.

Itunpeko eskolak

Nafarroan, Iruñerrian ikusten dute, bereziki, itunpeko eskolen pisua, eta uste dute ikastetxe pribatuak «salbatzera» egiten dela, gainera, administraziotik: esaterako, sexuen arabera ikasleak banatzen dituzten eskolak oraindik ere diruz laguntzen direla deitoratu zuen Raul Lopezek: «Ituna kendu zaie, baina itunaren gisakoa den diru laguntza bat ematen diete. Iruzurra da, etengabe». Egoera askotan: «Iruzurra egiten da, baita ere, ikasleak onartzeko garaian, edo eskaintzak egitean... Etenik gabe salatu ditugu horrelakoak».

Ikasleen «segregazioari» buruz usu hedatzen diren datu kezkagarriak jokatzeko era horrekin lotuta daudela argi dute: horren ondorio bat direla. «Bi sare sortzea gizartea banatzeko eta hierarkizatzeko modu bat da», salatu zuen Iturriozek. «Segregazioa eragozteko neurriak hartu beharrean, segregazioaren oinarri den sistema apurtu behar da. Jartzen badituzu bi sare, egiturak berak birsortzen du segregazioa».

Euskaraz

Txostenean jasota dago zein den Steilasen hezkuntza eredua: publikoa, inklusiboa, feminista, euskalduna, ekosoziala eta kalitatezkoa. Hizkuntzan ere adar publikoaren aldarria egin behar dela argi dute. «Nabarmendu behar dugu euskal eskola publikoa dela 30 urteotan gehien euskaldundu duena», azaldu zuen Iturriozek. Nafarroan PAI hezkuntza eredu bihurtzeko berriki egin den urratsak kezka eragin die, bereziki. «Nafarroa Garaian, behinik behin, euskararen aurkako gerra ingelesez egiten da», gogoratu zuen Lopezek. Langileak «egonkortzeko» izango dela argudiatu du administrazioak, baina hori ere «iruzurra» dela uste dute.

Txostenean landu dituzten gaien artean badira COVID-19aren pandemiarekin lotutakoak ere. Lopezek onartu zuen atzenduta geratu direla izurritik ateratako hainbat lezio: «Gauzak azkar ahazten ditugu». Horiek horrela, «tokiz kanpokoak» ere badirudite orain izurrian ateratako hainbat ikasbidek, baina gogoratu beharrekoak iruditzen zaizkie. Gabeziak, adibidez. «Baliabideak zenbait unetan ez ziren aski izan». Zenbait kontraesanen ondorioak agerian uztea ere beharrezkoa dela uste dute, geroan halakoak errepika ez daitezen.«Izan ere, esaterako, zera gertatu zen: ostalaritzan-eta neurri batzuk desagertu ziren, eta eskoletan bete-betean jarraitu zuten». Feminismoan hazteko ere proposamen zehatzak egin dituzte, besteak beste. Eta lan baldintzen inguruan: «Sindikatu bat gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.