Oinarrizkoa luxua denean

COVID-19aren izurriaren aurka egiteko hartu ziren neurriek herritarren arteko desberdintasunak areagotu dituzte, osasun eta hezkuntza arloan bereziki.

Alarma egoeran, 2020ko apirilean, Bilboko elikagaien bankuan boluntarioei egindako argazkia. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Isabel Jaurena.
2022ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Eskolak, unibertsitateak, lantegiak, jatetxeak edo tabernak. Oinarrizko zerbitzuek izan ezik, gainerakoek normal funtzionatzeari utzi zioten COVID-19aren pandemia hasi zenean. Ziurgabetasuna gidari, eta eritasunaren hedapena gelditu nahian, neurri andana jarri zituzten martxan agintariek. Baina gero eta ikerketa gehiago argi uzten ari dira arauok lehenagotik existitzen ziren klase sozialen arteko desberdintasunak areagotu dituztela. Izan ere, herritar guztiek ez zituzten baliabide berak egoerari aurre egiteko, eta neurriek askotan ez zuten faktore hori kontuan hartu.

Soziologian lizentziatua da Yolanda Gonzalez, eta EHUko ikerlaria. Bertze lau ikerlarirekin egindako proiektu batean desberdintasun horiez mintzatu da, baita horiek izandako ondorioez ere. «Birusa gelditzeko martxan jarritako neurri guztiek ez zuten berdintasun ikuspegirik. Ez zen pentsatu, adibidez, diru sarrera ezegonkorragoak dituzten pertsonengan», azaldu du. Aipatutako desoreka hori gizarteko zenbait eremutan ikus zitekeen, hala nola lan arloan eta familia hainbaten baliabide ekonomikoetan, etxebizitzan edota hezkuntza mailan. «Bizitza eta lan baldintza okerragoek egiten zituzten talde horiek zaurgarri».

Lan eremuari dagokionez, talde kaltebera horietako kide askok oinarrizko zerbitzuetan lan egiten zuen. «Lan horiek guztiek baldintza bereziki prekarioak zituzten, eta langileak birusaren eraginpean jarri zituen horrek», azaldu du Gonzalezek. Jendearekin etengabe kontaktuan zeuden askotan langileak, eta kutsatzeko arrisku handiagoa zuten horren ondorioz. Gainera, horietako askok ez zuten gaitasun ekonomikorik modu egokian babesteko —maskarak edo eskuak garbitzeko produktuak erosi ahal izateko, esate baterako—.

Gonzalezen arabera, bizilekuen ezaugarriek ere nabarmen eragin zuten birusarekin kutsatzeko arriskuan. Diru sarrera gutxi dituzten pertsonak talde handietan bizi ohi dira sarri, baldintza kaskarretan eta belaunaldi hainbat batera. «Faktore horiek guztiek ez zieten bakartzen uzten, ezta eritasunari aurre egiteko neurriak mantentzen ere».

Herritarren hezkuntza mailak ere kutsatze arriskuan eragina izan zuen. Izan ere, ikasketa maila baxua zuten pertsonek gaitzarekin zerikusia zuen informazio anitz ez zuten ulertzen, osasun arloko zenbait prozedura administratibo egiteko ere ez zuten gaitasunik eta ezin zuten etxetik lan egin. Arlo horietan guztietan nabarmena zen desoreka horrek gerora ondorioak izan zituen, osasun arloan batez ere. «Horrek guztiak ez ditu soilik COVID-19arekin lotutako ondorioak. Beldurrarekin, estresarekin edo antsietatearekin lotutakoak ere baditu», zehaztu du Gonzalezek.

Hain zuzen ere, klase sozial guztietako pertsonen osasun mentalean eragin zuen pandemiak, baina ondoez sentimenduaren jatorria ez zen bera. Baliabide ugari zituztenen kasuan, familia eta lagunekin zituzten loturak galtzea zen beldurraren iturria. Baliabide urriko herritarrak, berriz, beldur ziren diru sarrerak edo lana galtzeko.

Murrizketak: arazo iturri

Ondorioak ez ziren osasun eremuan soilik atzeman. Hezkuntzan edo lan ingurunean ezarritako murrizketek eta prebentzio neurriek ere, erraterako, herritarren arteko desberdintasunak areagotu zituzten. Ikastetxeak itxi izanak, adibidez, maila sozioekonomiko baxua zuten familiengan eragin handiagoa izan zuen. Gonzalezen erranetan, zenbait ikaslek zailtasun ugari izan zituzten: ikasteko espazio egokia izatea, baliabide teknologikoak eskuratzea edota irakasle eta ikastetxeen laguntza lortzea ez zen erraza izan denentzat. Eskolara ez joateak umeen elikaduran ere eragina izan zuen: «Jangela duten ikastetxeek nahikoa den eta gutxi gorabehera osasuntsua den otordu bat eskaintzen dute. Baina ikastetxeak itxita, bat-batean desagertu zen hori». Ondorioz, baliabide urriko familietako umeen elikadura ohiturak aldatu ziren.

Lan arloko murrizketek, berriz, pertsona guztien diru sarreretan izan zuten eragina, baina ez era berean. 2020ko maiatzean, diru sarrera txikiagoak zituztenek %27 gutxiago irabazi zuten; diru sarrera handiagoak zituztenek, berriz, %6,5 gutxiago. Ikus daiteke bada, maila sozioekonomiko apalena dutenak izan zirela murrizketen ondorio larrienak pairatu zituztenak. Hortik ondorioa: «Pandemiak agerian jarri du guztiok ez ditugula aukera eta baliabide berak».

Normaltasun berria deitua ezartzean, agintarien zeregin garrantzitsuenetako bat izan zen osasun zerbitzuen berrantolaketa. Ahaleginak ahalegin, Gonzalezen ikerketak bildutako iritzien arabera, herritar gehienek adierazi zuten zailtasunak izan zituztela oinarrizko zerbitzuetara iristeko. Gainera, COVID-19a ez ziren eritasunen diagnostikoa eta tratamendua bigarren mailan gelditu zela nabarmendu zuten. Urritasunen bat zuten pertsonek, erraterako,adierazi zuten fisioterapia zerbitzua eskasa zela. Izan ere, ahal bezainbertze mugatu ziren aurrez aurreko kontsultak. Ikerketan ikusi dutenez, zenbait herritarrendako sesio horiek ez ziren eraginkorrak izan.

Sektore pribatuaren alde

Osasun arlo publikoaren antolaketa horrek zerbitzu pribatuen erabilera areagotu zuen. Maila sozioekonomiko handiko pertsonen aldetik, gehienbat. Joera horretan ikusi zen gizarteko taldeen arteko arrakala, diru anitz zutenek baliabideak zituztelako egoera berrirako. Baliabide urriak zituztenen bizi kalitateak, ordea, okerrera egin zuen. «Zaila da jakitea zehazki nola eboluzionatuko duen egoerak; dena martxan jartzen diren politika publikoen araberakoa izanen da», adierazi du Gonzalezek. Ikastetxeak, lantegiak edo jatetxeak normaltasunera itzuli dira. Herritar guztien sakelak ez. Agian luxua izanen dabatzuentzat lehenago zituzten bizitza eta ohituretara itzultzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.