Elkargoak esperimentazioari heldu nahi dio euskaraz zerbitzu emateko

Euskara «ofizialki» aitortu du Euskal Elkargoak, eta zerbitzuak bi hizkuntzatan ematea jarri du helburu. Lege babesik ez, eta «borondatea» izango da neurrien oinarri. Oztopo juridikoak aztertuko dituzte

Euskal Elkargoaren osoko bilkura egin zuten atzo goizean Baionan. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Zerbitzuak euskaraz ematea, euskarazko eskaintza zabaltzea eta herritarrak sentsibilizatzea. Hiru ardatz horiek oinarritzat hartuta, hizkuntza politikarako proiektua onartu du Euskal Elkargoak. Euskara eta okzitaniera «ofizialki» aitortu ditu elkargoak, eta, horrekin batera, helburu gisara jarri du «frantsesaren alboan» euskarazko zerbitzua eta eskaintza bermatzea. Hasierako dokumentuan bertan aitortu dute, nolanahi ere, arazoak sor daitezkeela bide horretan: «Nahiz eta baldintza guziak beteak izan, oztopo juridikoek hizkuntza politikaren garapena traba dezakete». Legea betetze aldera, nabarmendu dute «borondatearen» araberakoak izango direla euskararen aldeko erabaki guztiak. Muga horiek saihesteko, hala ere, bide bat jorratuko dute: esperimentazio proiektu bat landuko dute, Frantziako legeak erabat bete behar ez izateko.

Euskal Elkargoak osoko bilkura egin zuen atzo, Baionan. Hizkuntza politikarako proposamena zuten gai zerrendako puntu pisuzkoena. Iazko otsailean, elkargoa sortu berritan, hizkuntza politikaren eskumena erakunde horren esku utzi zuten herriko etxeek. Ordutik aritu dira proiektua prestatzen, eta gehiengo zabalarekin onartu dute: alde bozkatu dute 145 ordezkarik, aurka 18k eta abstentziora jo dute 22k.

Dokumentu mardula egin dute, 80 orrialdetik gorakoa; Euskara jalgi hadi plazara du izenburua.Azken urteetan Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan izandako bilakaera aztertu dute, batetik. Bestetik, eman beharreko pausoak jaso dituzte, alorrez alor.

Eskaintza elebiduna

Alorrez alor, norabide berekoak dira helburuak: euskarazko zerbitzua bermatzea eta euskaraz aritzeko aukera ematea. Hala jaso dute: «Zerbitzuetan eskaintza elebiduna egituratzea, bizitza eremu guzietan, nahi duten biztanleek euskara erabili eta transmititu ahal izan dezaten». Sentsibilizazioa da beste ardatza: «Herritarrak zerbitzu horien baliatzera bultzatzeko eta, oro har, euskararen aldeko jarrera eta dinamikak bultzatzeko bizitza eremu bakoitzean». Bi ildoekin hizkuntza politika «azkartzea» espero dute.

Dokumentuan nabarmendu dute «anbizio handiko» proposamena dela. Baina aitortu dute zailtasunak sor daitezkeela, azken urteetako bilakaera ikusita. Adibide batzuk aipatu dituzte: «Lurraldeko funtzio publikoko postuak euskarari bereizteko ezintasuna, herri batek ikastola berri baten eraikitzeko ezintasuna, frantses alfabetoan erabiltzen ez diren zeinu berezien erabiltzeko ezintasuna egoera zibileko dokumentuetan, eta abar». Frantziako Konstituzioak muga jartzen du euskararen aldeko hizkuntza politika egiteko, nahiz eta elkargoak «ofizialki» aitortuak dituen euskara eta okzitaniera. Argigarri da Jean Rene Etxegarai lehendakariak agiriaren hitzaurrean dioena: «Azpimarratu nahi nuke euskararen aitorpen ofizialak ez duela frantsesari aplikatzen zaizkion preskripzio juridikoen kontra joateko edo haien ahultzeko xederik». Zehatz hitzeman du legea beteko dutela: «Hiztun eta eragileen hautu askea zein indarrean diren arau eta legeak errespetatzen dituen desmartxa deliberatua». Nolanahi ere, joko zelaia zabaltzen saiatuko dira, eta helburuen artean daukate «lege eta arauen bilakaera segitzea».

Muga horiek gainditzeko zirrikitu bat badu konstituzioak: esperimentazio proiektu bat taxutzea, eta Parisek onartzea. «Legezko neurri batzuen ez betetzeko aukera eman dezake». Proposamenean onartu dute azterketa bat hastea esperimentazioa prestatzeko: «Xedea da izaera juridikoko oztopoen zerrendatzea eta kasuan-kasuan esperimentatu beharreko neurrien zehazki definitzea». Oinarriak badaudela diote: herritarren eta hautetsien adostasuna.

Esperimentaziorako proposamena landuta, beste eragile batzuekin adostu asmo dute, Parisera jotzeko. «Euskararen aldeko politika publikoaren eraikitzeko bidean urrats bat zabal dezake».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.