Albistea entzun

Ehun «jauzi» burujabetzara

Erabakitzeko eskubidea «lege bilakatzearen» alde, Arantzazuko Adierazpena zabaldu du Gure Esku dinamikak. «Gehiengo sozial zabal bat ordezka dezaketen» ehun lagunen atxikimendua bildu dute
Esparru askotariko ehun pertsona esanguratsu elkartu ziren atzo Arantzazuko santutegian (Gipuzkoa), Gure Esku dinamikak deituta.
Esparru askotariko ehun pertsona esanguratsu elkartu ziren atzo Arantzazuko santutegian (Gipuzkoa), Gure Esku dinamikak deituta. JAIZKI FONTANEDA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2021eko abenduak 19 - Oñati

«Herriari hitza emateko garaia da, edo, beharbada, herritarrok hitza hartzekoa». Euskal herritarrek beren etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea aitortzeko eta gauzatzeko bidean, Gure Esku-k Arantzazuko santutegira (Gipuzkoa) eraman zuen atzo bere aldarrikapena, esparru askotariko ehun pertsona esanguratsu elkartuta, adierazteko «burujabetzarako bidean jauzi bat» egitea herritarren esku dagoela: «Esku guztiak norabide berean jartzeko unea da; eragile, erakunde eta herritarrok elkarrekin egin behar dugu bidea, denok baitugu tokia bide honetan, eta norberak bakarrik bete baitezake berea».

Ehun izenpetzaileen artean daude, besteak beste, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Nekane Balluerka eta Iñaki Goirizelaia Euskal Herriko Unibertsitateko errektore ohiak, Garbiñe Biurrun epailea, Ugo Mayor zientzialaria, Olatz Salvador abeslaria, Isabel Elizalde Nafarroako kontseilari ohia, Naiara Goia Arantzazuko Gizarte Berrikuntzako Laborategiko zuzendaria, Aitziber Garmendia aktorea eta Unai Pascual IPBES erakundeko ikerlaria.

«Euskal Herriko gehiengo sozial zabal bat ordezka dezaketen pertsonengana» jo dute, haien bidez «herritarren borondatea edo herri gogoa ikusarazteko asmoz». Hala azaldu zuen Josu Etxaburu Gure Esku-ko bozeramaileak, eta gaineratu erabakitzeko eskubidea «lege bilakatzeko gizarteko alor guztietatik bultza» egin behar dela: «Eskubideak ekinez lortzen dira».

Santutegiko Gandiaga topagunean, dinamikak Arantzazuko Adierazpena aurkeztu zuen, eta Pilar Kaltzada eta Andoni Aizpuru kazetariek irakurri zuten manifestua. Horretan, sinatzaileek «etorkizuna erabakitzeko prozesu bat lantzeko, adosteko eta sustatzeko beharra» adierazi dute: «Gure etorkizuna aldarrikatzen dugu. Gaur Arantzazun bildu garen herritarrok, norberak bere alorretik, gure alea jartzeko konpromisoa erakutsi nahi dugu, eta, era berean, erronka honi eusteko dei egin nahi diogu gizarte osoari».

Hortaz, deiak hiru bidetan luzatu zituzten; herritarrei, eragileei eta erakundeei: «Eragileei dei egiten diegu norabide honetan inplikatu daitezen; erakundeei, herritarron borondatea aintzat hartuz, erabakitzeko eskubidea instituzionalizatu eta lege bilakatzeko konpromisoa har dezaten». Azkenik, herritarrei dei egin diete «herri gogoa errealitate bilakatzeko lan» egin dezaten: «Izan gaitezen berriz ere jostun eta artisau, zubigile eta katebegi. Joka dezagun burujabe, inplikatuz eta konprometituz».

Erreferenduma jomugan

Gure Esku-k, beste eragile batzuekin batera, Hamaika Gara plataforma osatu zuen iazko martxoan, eta martxan du sinadura bilketa bat, euskal herritarrek beren estatus politikoa erreferendum bidez erabakitzearen alde. Urtearekin batera amaituko da bilketa hori, baina kontsultaren aldeko aldarrikapena jaso dute Arantzazuko adierazpenean ere, argudiatuta euskal herritarrek beren erakunde politikoak, estatus politikoa, autogobernu maila eta lurraldeen arteko harremanak «zuzenean, mugarik gabe eta libre» erabakitzeko eskubidea dutela: «Munduko nazio guztiek bezala, gure etorkizuna autodeterminatzeko eskubidea dugu. Honenbestez, erabakitzeko tresnak behar ditugu herritarron eskura, besteak beste erreferendumak».

Era berean, gogora ekarri dute Telesforo Monzon laborategiak eginiko Naziometroak azaleratutako datu bat; herritarren bi herenek babesten dutela etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea: «Herri bat gara, eta, herri gisa, gure etorkizun politikoa gure esku nahi dugu. Gehiengo zabal bat osatzen dugu, hamar euskal herritarretik zazpi gara, baina hamarretik hamarrentzako proposamena da gurea, erabakitzeak egiten gaituelako nor, eta elkarrekin erabakitzeak herri». Ildo horretan, nabarmendu dute herritar gehienek ez dutela «indarrean dagoen marko juridiko-politikoa berresteko edo aldatzeko aukerarik» izan: «Guk ez dugu aukeratu hiru eremu administratibotan eta bi estatutan banatuta bizitzea. Ezin dugu onartu halako erabakiak beste inoren eskuetan egotea; guk geuk hartu behar ditugu, gure esku behar ditugu».

«Gertuko burujabetza»

Nazioarteko testuinguruari ere erreparatu diote adierazpenean. Izan ere, nabarmendu dute «erronka globalek mundu mailako neurriak» eskatzen dituztela: «Baina sinetsita gaude tokian tokiko erantzunen eskutik etorri behar dutela. Gertuko burujabetzatik, herri kohesioa bermatzen duen burujabetzatik jarduteko garaia da».

Alabaina, egungo «krisien eta ziurgabetasunaren» aurrean emandako erantzunez gogoetatu dute agirian: «Batzuek jarrera autoritarioetan topatzen dute ziurtasuna, ustezko etsaiak baztertuz bilatzen dute babesa». Manifestuaren babesleek, ordea, adierazi dute ez dutela norabide hori hartu nahi: «Inork gure izenean agintzeak baino, gure bizitzen jabe izateak ematen digu guri ziurtasuna». Hori horrela, gaineratu dute burujabe izatea egungo eraldaketa eta erronkei eustea dela: «Gertatzen zaigunaren gaineko erantzukizuna beste inoren eskuetan ez uztea: inplikatzea, konprometitzea eta erabakitzea. Gure herriak behin eta berriz egin du».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ezkerretik eskuinera, Rodriguez eta Ruiz ©Ahal Dugu.

Garbiñe Ruiz eta David Rodriguez, Ahal Dugu-ko Gasteizko eta Arabako zerrendaburu izateko primarioetan

Iñaut Matauko Rada

Elkarrekin Podemos-IUko Gasteizko Udaleko eta Arabako Batzar Nagusietako gaur egungo bozeramaileak 'Bat Egin Podemos' proiektuaren barruan aurkeztu dira Ahal Dugu alderdiko primarioetara.

AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren webgunea, itxita. ©BERRIA

AEMk salatu du Guardia Zibilak webgunea itxi diela eta lagun bat atxilotu duela 

Berria

Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduaren arabera, atxilotuari material informatikoa atxiki dio Poliziak. Aske utzi dute atxilotu duten egun berean.

Mikel Albisu, artxiboko irudi batean. ©maialen andres / Foku

Auzitegi Nazionalak Espainiatik ateratzeko debekua ezarri dio Mikel Albisuri

Berria

Albisuk eta Sagarzazuk gaur deklaratu dute epailearen aurrean. ETAk 2002an egindako atentatu batengatik sei euskal herritar ikertzen ari dira.

Usansoloko herritarrek egindako mosaikoa. ©OSKAR MATXIN / FOKU

Bizkaiko 113. udalerria izateko azken urratsak ari dira egiten Usansolon

Iñaut Matauko Rada

Prozesuari buruzko erakusketa eta herri mosaikoa egin dute. Ondo bidean, urrian onartuko dute Bizkaiko Batzar Nagusiek desanexioa

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Jon O. Urain

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...