Albistea entzun

Euskaltegietako matrikulazioa ia lehengoratu egin da, 1.094 ikasle irabazita

Aurreko ikasturtean baino %5 ikasle gehiago matrikulatu dira euskaltegietan, eta kopuru osoa pandemia aurrekora hurbildu da. Halaber, igo egin da online ikasketa
Tamaina handiagoan ikusi

Julen Aperribai -

2022ko otsailak 13

Pandemiaren eraginpean hartutako beheranzko joera irauli egin du euskaltegietako matrikulazioak: 2021-2022ko ikasturtean %5eko igoera izan da ikasle kopuruan, BERRIAk egindako datu bilketaren arabera. HABEk, Euskarabideak eta AEK-k emandako datuetan oinarritu da horretarako. Emaitza aldakorra da, matrikulazio kanpaina bat baino gehiago egin ohi delako, zentroaren eta lurraldearen arabera. Hala ere, iaz garai bertsuan egindako kontaketarekin alderatuta, igoera nabari da. 30.156 ikasle zenbatu zituen orduan berripaper honek, eta 1.094 gehiago aurten.

Erreferentziazko urtetzat iazkoa hartzean, ordea, COVID-19aren aldagaia kontuan hartu behar da ezinbestean. Izan ere, euskara ikasleen kopurua %6 jaitsi zen orduan, eta pandemiak matrikulazioan izandako eragina nabarmendu zuten euskaltegien kudeatzaileek. Urtetik urtera handitzen ari zen kopurua apaldu egin zen. Aurtengo matrikulatu kopuruak joera hori alderantzikatu badu ere, 2019-2020ko ikasturtekoarekin azpitik dago. 32.235 ikasle aritu ziren euskara ikasten edo alfabetatzen urte hartan.

Izan ere, oraindik «ezohiko egoeran» daudela nabarmendu du Alizia Iribarren AEK-ko koordinatzaile nagusiak. «Ezjakintasunak eta ezinegonak» matrikulazioan eragina izan dutela uste du. Horrez gain, ikasgelen edukieran ere nabaritu dute pandemiaren eragina, haren arabera: «Jendea etorri da euskaltegietara, baina, kasu batzuetan, ezin izan ditugu denak hartu, edukierak malgutu behar izan ditugulako». Uste du aldagai hori, pandemiarena, aintzat hartu beharra dagoela ezein balorazio egiterakoan. Iaz %10eko jaitsiera izan zuen AEK-k matrikulazioan, eta ikasturte honetan «horren erdia» berreskuratu dutela azaldu du. Herritarren erantzuna, beraz, «oso ona» izan dela azpimarratu du, baina balorazio «gazi-gozoa» egin du, zerbitzua denei eskaini ezin izateagatik.

Azken ikasturteko joera irauli dela nabarmendu du Jokin Azkue HABEko zuzendari nagusiak, eta galdutakoaren zati handi bat berreskuratu dutela euskaltegiek: «Azken ikasturtean, %13ko galera izan zen ikasleetan, eta oraingo honetan %5 berreskuratu da». Horregatik, matrikulazioa «bide onetik» doala uste du, goranzko bidean, eta «aurten edo hurrengo ikasturtean» egonkortu egingo dela «ohiko zenbakietan»: 33.000-35.000 ikasleren bueltan.

Iazkoaren paretsu dago, bestalde, lurraldearen araberako ikasleen banaketa. Ikasleen ia erdiak (%49) Bizkaian matrikulatu dira, eta Gipuzkoa da, haren atzetik, ikasle gehien jaso duena: %27. Araban, berriz, ikasleen %12 matrikulatu dira, eta Nafarroan nahiz Ipar Euskal Herrian, %4. Lurralde bakoitzaren proportzioei eta kopuru osoaren gainean izan duen pisuari begiratuta, ikus daiteke handitu egin dela Ipar Euskal Herriko euskaltegietako presentzia. Ikasleen %3,7 hartzen zituen aurreko ikasturtean, eta %4,4ra igo da. Gainerako lurraldeetan antzera eutsi dio proportzioak.

Bestalde, ikasteko ereduan espero zitekeena baino aldaketa txikiagoa eragin du pandemiak. Oraindik ere gehiengo handi batek (%78) aurrez aurrekoaren alde egiten du. Hala ere, geroz eta gehiago dira autoikaskuntza edo jardun bikoa aukeratzen dutenak: %22. Joan den ikasturtean modu horretan ikasten aritu zirenak %19 izan ziren. Joera horiek xeheago aztertzeko aukera ematen dute HABEk emandako datuek, Araba, Bizkai eta Gipuzkoari dagozkionak soilik izan arren. Goranzko bilakaera du Internet bidezko ikasketaren pisuak. %23,5ek egin dute hautu horren alde ikasturte honetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 5.261 ikaslek. «Euskaltegien eta irakasleen lehentasuna ikasleak euskaltegiratzea da. Orduan, pisu handiena aurrez aurrekoak dauka sistema osoan. Hala ere, autoikaskuntza indartzen ari da urtetik urtera», azaldu du Azkuek.

AEK-k kudeatutako euskaltegietan online ikastaroen kopurua azken ikasturtean halako bi dela zehaztu du Iribarrenek, baina oraindik ere ikasleak aurrez aurre ikastearen aldekoagoak direla: «Sozializatzeari oraindik garrantzi handia ematen zaio, eta nik uste dut, alde horretatik, online matrikulazioetan igoera egon arren, jendeak nahiago dituela aurrez aurrekoak».

Hirutik bi, emakumeak

Beste joera bat ere berresten dute aurtengo datuek: emakumeak direla, alde handiz, matrikulatutakoen gehiengoa. Hala dira ikasleen %65. Kopuru horren bueltan ibili da azken urteetan ere adierazle hori, punturen bat edo beste gorabehera. Dena den, herrialde guztietan emakumezkoak gehiago badira ere, denean ez dira proportzio berean. Alde horretatik, adierazgarriak dira Euskarabideak Nafarroari buruz emandako datuak. Horien arabera, han matrikulatutakoetatik 815 (%48) dira emakumezkoak, eta 763 (%51) gizonezkoak. Euren burua bi genero marka horietatik kanpo kokatu dutenak, berriz, bost. «Garai batean» proportzioak orekatuagoak zirela dio Azkuek, baina gogoratu du badirela urte batzuk emakumeak bi heren inguru direla. Ikasleen kolektiboa «feminizatua» dagoen modu bertsuan irakasleena ere hala dagoela gogoratu du. Ez da ausaz gertatzen hori, Iribarrenen arabera: «Hori bada gizartean gertatzen denaren isla. Emakumeak oraindik badu transmisiorako pisu oso handi bat, eta uste dut horretan datzala datua».

Bestalde, ikasleen lan egoerari dagokionez, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuetan oinarrituta, hamar ikasletik bi ere ez dira langabetuak. Horretan ere ez da aldaketarik izan azken ikasturtetik aurtengora.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Javier Esparza, artxiboko irudi batean ©Iñaki Porto / EFE

UPNk Navarra Suma koalizioa amaitutzat ematea leporatu dio PPri

Irati Urdalleta Lete

Javier Esparzak «estrategia aldaketa bat» ikusten du PPn. UPNk uda amaitutakoan hartuko ditu Navarra Sumaren inguruko erabakiak

Eneritzen izandako istripua; larri zauritu da 21 urteko gazte bat. ©Nafarroako suhiltzaileak.

Gidari bat hil da Tebas-Muru Artederretan, autoa bidetik irten ondoren

Berria

N-121 errepidean gertatu da ezbeharra. Eneritzen izandako beste istripu batean, larri zauritu da 21 urteko gazte bat.

EHUko Zuzenbide fakultatea, Donostian ©Jon Urbe/ Foku

EHU munduko 400 unibertsitate onenen artean mantendu da

Edurne Begiristain

Shanghaiko Jiao Tong Unibertsitateak urtero egiten duen munduko unibertsitate onenen zerrendan segituko du EHU Euskal Herriko Unibertsitateak. EHUk zazpi espezialitate ditu munduko lehen 200 unibertsitateen artean.

Larrialdietarako anbulantzia bat, artxiboko irudian ©Gorka Rubio/ Foku

Beste 30 pertsona hil dira COVID-19arekin Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Berria

Koronabirusaren bilakaeraren berri eman du Osakidetzak: 180 lagun daude ospitaleratuta gaitzarekin, eta horietako hamabost ZIUetan daude.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...