Migratzaile baten gorpua topatu dute Bidasoa ibaian, Irunen

Irungo Harrera Sarearen arabera, hipotesi nagusia da igarobidean zihoan etorkin bat zela, migrazio ibilbidearekin jarraitzen saiatzen. Elkarretaratzera deitu dute gaurko, 11:30erako

Suhiltzaileak eta Ertzaintza, atzo, Bidasoa ibaian topatu zuten migratzailearen gorpua ateratzen. GARI GARAIALDE / BOSTOK.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Migratzaile baten gorpua topatu zuten atzo Bidasoa ibaian, Irunen (Gipuzkoa), 11:00 aldera, Azken Portu kiroldegitik gertu. Irungo Harrera Sareak emandako informazioaren arabera, Hendaiako (Lapurdi) ibaiertzera heldu nahi zuen. Ertzaintzak eta suhiltzaileek atera zuten ibaitik, gorpu. Hipotesi nagusia da igarobidean zihoan etorkin bat zela, migrazio ibilbidearekin jarraitzen saiatzen ari zena. Ertzaintzak ikerketa abiatu du jazotakoa argitu eta etorkina identifikatzeko.

[YouTube]https://youtu.be/ffwzQ7O3DuE[/YouTube]

Sareak gogoratu duenez, duela hilabete hortik gertu aurkitu zuten eritrear jatorriko gazte baten gorpua, itxuraz pasaerako migrantea zena; bere buruaz beste egin zuen, ustez. «Justu atzo [herenegun ] prentsaurrekoa eman genuen, iragartzeko datorren larunbatean manifestazioa egingo dugula, salatzeko, besteak beste, mugaren itxiera eta etorkinei egiten zaien harrera. Esan genuen, hain zuzen, azkenean hildakoak gertatuko zirela, eta hurrengo egunean jazo da. Izugarrizko kolpea da gizarte osoarentzat».

Bestalde, jakinarazi zutenez, atzo goizean hamasei urteko gazte beltz bat erreskatatu zuten Bidasoa ibaiko bazterrean, Hendaian, Joncaux auzoko bizilagunek. Harrera Sarekoek BERRIARI azaldu diote, bildutako informazioaren arabera, biluzik zegoela, «oso nekatuta eta itolarrian». Indarrak hartu ostean, bidea egiten segitu zuen, baina jendarmeek «harrapatu» eta Irunera itzularazi zuten. «Eskubideak urratu zizkioten. Adingabea izanda, betebeharra dute babesa eman eta zentro batera eramateko. Eta itzuli egin zuten, seguruenik inolako tramiterik egin gabe». Sarekoek salatu dute horrelakoak egunero gertatzen ari direla: «Ezin da hau normalizatu».

Instituzio publikoek ardurak hartzeko exijitu zuten, eta migratzaileen egoera eta ezarritako politikak aldatzeko lan egiteko, presio egiteko. «Egoera hau aldatu beharra dago, ezin dugu normalizatu, eta, gainera, badakigu beste modu batzuk badaudela gauzak egiteko. Politika arrazista hauek ez dira alternatiba bakarra. Jar dezatela arreta giza eskubideetan eta migratzaileek dituzten eskubideetan. Errespeta ditzatela, eta hasi politika egiten horrekin». Egungoak politika «arrazistak» direla azpimarratu zuten, eta jendea «hiltzera bultzatzen» dutenak. Adierazi zutenez, atzo jazotakoa ez da gertakari bakan bat, «testuinguru bat du, arrazoi batzuk ditu, baita arduradunak ere».

Gertatutakoa salatzeko, Irungo Harrera Sareak elkarretaratzera deitu du gaurko: 11:30etan izango da, Irungo Azken Portu auzoan, migratzailearen gorpua topatu zuten tokian. «Hau ezin da onartu. Egiteko beste modu batzuk daude; hori argi eta ozen esan behar da. Migratzaileek dituzten eskubideak errespetatuko dituzten migrazio politiketan lan egiten has daitezela eskatzen dugu».

Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen jazoeragatik «atsekabetuta» dagoela, eta gertaera «tristea eta gogorra» dela. Hala, Xabier Legarreta Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak ohar batean esan zuenez, gertatutakoa argitzea espero du. «Euskadin, Espainian eta Europan konpromiso kolektiboak eskatzeko unea da, baita migrazio eta harrera politiketan gizatasuna eta eskubideak eskatzeko momentua ere». Bestalde, Jose Antonio Santano Irungo alkateak hausnarketa egitea galdegin zuen, «irtenbide eraginkorrak bilatzeko», pertsonak etsipenez beren bizitza arriska ez dezaten.

Larunbatean, manifestazioa

Hain justu, migratzaileen egoera salatzeko, manifestaziora deitu zuen herenegun Irungo Harrera Sareak, hilaren 29rako. Harrera herria. Zubiak eraiki, ez harresiak. Inor ez da legez kanpokoa lelopean egingo dute. Irundik eta Hendaiatik abiatuko dira bi manifestazio, 17:00etan, eta Santiago zubian elkartuko dira.

Irungo sareak agerraldian azaldu zuenez, migratzaileei egiten zaien harrera salatuko dute. Euskal administrazioei egotzi die «oso rol eskasa» jokatzea etorkinei harrera egin eta politika horiek arintzeko orduan. «Gizarte politika publiko serio eta arduratsuak aplikatuko balira, erakunde publikoek lehentasuntzat lituzkete egoera zaurgarrian dauden pertsona horien beharrak. Bide horretan lanean berehala hasteko eskatzen dugu».

Horrez gainera, salatu zuten Frantziako agintariek aitzakia gisa erabili dituztela pandemia eta «terrorismoaren» aurkako alerta, «kontrol arrazistak» egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.