Pasaiako segada argitzeko eskea egingo diote Jaurlaritzari

Biktimen senideek sumina adierazi dute «hiru urteko lana lapurtu dietelako». Etzi, sarraskian parte hartu zuten polizietako bat identifikatzeko proba egingo dute auzitegian

Ekitaldia atzo, Azpeitian. GOTZON ARANBURU / FOKU.
gurutze izagirre intxauspe
2023ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Pasaiako segadaren biktimen senideek haserrea adierazi dute, aste honetan ezagutarazi duten Jaurlaritzaren txostenaren berri oraintsu arte izan ez dutelako, eta auzia argitzeko «konpromisoa eta epeak» exijituko dizkiote Eusko Jaurlaritzari. Ekitaldi bat egin zuten atzo, Azpeitian (Gipuzkoa), sarraskiaren 39. urtemugaren harira; han adierazi zuten duela egun gutxi jasotako informazioak eragin dien ezina. Izan ere, 39 urte bete berri diraEspainiako Poliziak segada bat egin zuenetik Pasai Donibanen (Gipuzkoa) eta Komando Autonomo Antikapitalistetako lau kide hil zituenetik: Pedro Mari Isart, Dionisio Aizpuru, Rafael Delas eta Jose Maria Izura. Auzia argitzeko dago. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Unesco giza eskubideen eta botere publikoen katedrak egin zuen ikerketa txosten bat, Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetza Idazkaritzak eskatuta. Besteak beste, txostenaren ondorioa da ez zela «ikerketa judizial eraginkorrik egon», eta «epaiketarik gabeko exekuzioaren» hipotesia irekitzen du. Zantzuak, honatx: autopsiak, hildako gazteek armak erabili zituztela frogatu ez izana, bertsio ofiziala gezurtatzen edo zalantzan jartzen duten testigantzak, operazioan parte hartu zuten agenteen nortasuna isilpean gorde izana, eta Poliziaren arduradunen ahaleginak auzibidea «atzeratu eta oztopatzeko», besteak beste.

Aitortza eske dabiltza geroztik biktimen senideak: «Gure gurasoek ere aitortza merezi zuten».Atzo, Pello Aizpuruk ekitaldian hitza hartu zuen senideen izenean, eta adierazi zuen bide horretan Jaurlaritzarekin izandako harremana «gazi-gozoa» izan dela. «Lehen bilera bat jartzea ere asko kostatu zen», eta 2019an lortu zuten, eta auzia bidera zitekeela helarazi zieten, baina ez zuten beste berririk izan iragan martxoaren 3ra arte.

«Nork ezkutatu du?»

Jaurlaritzaren teknikariek osatutako batzorde batekin bildu ziren. «Oso ondo hartu gintuzten, eta oso eroso sentitu ginen». Bileraren amaieran eman zieten txostena. Adierazi zuten minduta sentitu zirela irakurri zutenean, informazio hura oraintsu arte eskura ez izateagatik. «Txosten horrekin hiru urtean lana egiteko aukera lapurtu digute, eta batzordeari ere ez zioten eman txosten hori. Norbaitek hori nahita ezkutatu du», Aizpururen esanetan. Gisa horretako beste hiru txosten egin ditu Jaurlaritzak. Perturrena, Donibane Lohizunen desagertutako hiru gazte galiziarrena eta Naparrarena, eta kasu horiek publikoki aitortu eta senideei eman diete ikerketaren ondorioen berri. «2020ko martxoko data du azken hark ere», Aizpuruk esan zuenez. Laugarrena, Pasaiako sarraskiarena, «nork erabaki du Eusko Jaurlaritzan kaxoi batean sartzea? Hauek al dira biktima guztiak berdin tratatzen dituztenak?», esan zuen. Aurrera begira, bi eginbehar hartu dituzte: Eusko Legebiltzarreko giza eskubideen batzordera jotzea, alderdi politikoek zer jarrera duten azal dezaten; eta Eusko Jaurlaritzara: «Jaurlaritzara exijitzera joango gara. Konpromisoak eta epeak eskatzera joango gara».

Esker hitzak ere izan zituen Azpeitiko Udalarekiko eta oroimen ekitaldian urtez urte aritzen direnekiko. Beste eskaera bat egin zien bildutakoei: etzi, identifikazio proba egingo dute Donostiako Instrukzioko 2. Epaitegian, eta sarraskian parte hartu zuten polizietako baten bat identifikatzen ahaleginduko da Joseba Merino, segadatik bizirik irten zen militante bakarra. Auzitegi aurrean elkarretaratzea egingo dute. «Ez gaude prest inpunitatean uzteko 113 bala zulo horiek».

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak antolatuta ere, ekitaldia egin zuten atzo eguerdian, Azpeitian, eta Merino bertan izan zen. «Estatu kapitalista zapaltzaileak militante iraultzaileen aurka erabiltzen duen basakeriaren sinboloetariko bat» dela esan zuten.Elkarretaratzera deitu dute etziko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.