Trumpek agindu du gaur abiatzeko migratzaileak atxilotzeko sarekada

AEBetan «legez kanpo» dauden milaka migratzaile atxilotu eta deportatu nahi ditu presidenteak. Hainbat hiritako alkateek adierazi dute ez dutela bat egingo Trumpen deportazio asmoekin

Donald Trump AEBetako presidentea, Etxe Zurira bidean, ostiral gauean. ALEX EDELMAN / EFE.
Andoni Imaz.
2019ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Atxiloketa olatu bat iristear da AEB Ameriketako Estatu Batuetara, nahiz eta Donald Trump presidenteak amestu eta predikatu izan duen baino apalagoa izango den, orain arte zabaldutako datuen arabera. Trumpek, ekainaren 17an, Twitter bidezko mezu batean jakinarazi zuen milioika migratzaile kanporatuko zituela herrialdetik. Operazioa atzeratu egin da, ez delako administrazioarekin ados jarri, eta gaur abiatzekoa da. ICE Immigrazio eta Aduana Indarra agentziak «legez kanpoko» 2.000 migratzaile familia atxilotzeko asmoa du AEBetako hamar hiritan, gero deportatzeko. Trumpen diskurtsoaren ardatz nagusietako bat da migrazioaren aurkako borroka, eta, hauteskundeetarako urte eta erdi baino gutxiagoren faltan, «operazio handi bat» diseinatu nahi izan du presidenteak.

ICEko agenteak atez ate joango dira gaur AEBetako hamar hiri nagusitan, deportazio agiriekin, migratzaileak atxilotzeko asmoz. Chicago, Los Angeles, New York eta Miami daude hiri horien artean, The New York Times egunkariaren arabera. Ez da ohikoa izaten gobernuak deportazio operazioak aurretiaz iragartzea, baina migratzaileek ihes egiteak ez du kezkatzen Trump: «Esana esana dago».

«Jendea modu ilegalean etortzen da gure herrialdera, eta guk modu legalean kanporatzen ditugu», adierazi zuen Trumpek ostiralean Etxe Zurian eman zuen prentsaurrekoan. Batez ere «kriminalak» kanporatuko dituzte gaurko iragarritako operazioan, haren hitzetan. ICEk ez du informazio zehatzik eman operazioaz; Trumpen diskurtsoa errepikatu zuen agentziak: «Immigrazio legea urratzen duten guztiak atxilotu egin behar ditugu, eta, haiek kanporatzeko agindua izanez gero, AEBetatik kanporatu».

Edozein astetan, ICEk herrialdean «legez kanpo» dauden milaka migratzaile atxilotu ohi ditu, gobernuak zabaldutako datuen arabera. Gaur ez bezala, atxiloketa gehienak aurrez jakinarazi gabe egiten dituzte. Gaur hasiko duten operazioan 2.000 familia inguru atxilotzeko asmoa du ICEk; hilero, 12.000 pertsona inguru atxilotzen ditu, mugakoak kontatu gabe. Deportatu, berriz, 7.000. Atxiloketa masiboa baino gehiago, kolpe mediatikoa izan liteke gaurko operazioaren xedea.

Trumpek bere asmoen berri eman zuenetik, hainbat hiritako alkateek —ia guztiak demokratak— nabarmendu izan dute ez dutela bat egingo ICEren deportazio asmoekin, eta telefono bidezko laguntza eskaini diete beren egoeraren inguruko informazioa nahi duten migratzaileei, beren eskubideen berri izan dezaten. Zenbait legegile demokratak ere beren burua eskaini dute migratzaileei informazioa emateko. Ohartarazi egin dituzte, eta azaldu diete ez zabaltzeko aterik ICEko agenteek epaile baten idatzizko agindua aurkeztu ezean, eta ez egiteko adierazpenik abokatu batekin hitz egin artean.

Migratzaileen aurkako politiken ikurra bilakatu da Trump, nahiz eta agintera iritsi zenean ez zuen askoz egoera hobea topatu, atxiloketei eta deportazioei dagokienez, behintzat. Barack Obamaren legealdiko lehen aroan, 400.000 migratzaile baino gehiago deportatu zituzten urtero.

Guatemalako geltokia

Trumpen helburua da AEBek Mexikorekin duten mugara asilo eske iristen diren migratzaileak geldiaraztea, eta gaur hastekoa den operazioa estrategia horren parte da. Migratzaileen atxilotze guneetako osasun baldintza kaskarrak salatu izan dituzte askok, baita mugako ofizialek haurrak beren familiengandik banatzen dituztela ere.

Bihar, Jimmy Morales Guatemalako presidentearekin elkartuko da Trump Etxe Zurian. «Immigrazioaz eta segurtasunaz» ariko dira bileran. Bi aldeek adierazi dute hitzarmen bat sinatu dezaketela agintariek, Guatemala «helmuga segurua» izan dadin asiloa eskatzen duten migratzaileentzat. Trumpek geltoki bat lor dezake AEBetara bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.