Sofia Lucas Areizaga. Ikerlaria

«Europako eta nazioarteko estandarrak betetzen dira»

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako errefuxiatuen giza eskubideei buruzko ikerketa bat osatu dute, Arartekoak emandako beka bati esker. «Zenbait alderdi» hobetu egin daitezkeela uste du Lucasek.

Simona Sobotovicova, Sofia Lucas Areizaga —erdian— eta Casilda Zarauz Goioaga dira ikerketaren egileak. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Igor Susaeta.
2020ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren errefuxiatuen giza eskubideen egoerari buruzko ikerketa bat kaleratu dute Sofia Lucas Areizagak (Bilbo, 1990), Casilda Zarauz Goioagak (Bilbo, 1990) eta Simona Sobotovicovak (Bratislava, Eslovakia, 1988), Arartekoak auzi hori ikertzeko antolatutako beka bati esker. Aztertu dute zer rol jokatzen duten administrazioek kolektibo horren giza eskubideak babesteko orduan, eta, gabezia batzuk gorabehera, Lucasek pentsatzen du «bide egokia» hartu dutela EAEko instituzioek. Otsailera arte Europako Batzordearen presidentetzaren think tank batean lan egin zuen, eta, gainera, Europako Auzien Institutuan aritutakoa da Bruselan, baita, hiri berean, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan ere.

Arartekoak deitutako bekara aurkeztu zinetenean argi zenuten ikerketaren abiapuntua?

Lehen ideia zen lan hau gida moduan baliagarria izatea, ez soilik administrazio publikoentzat, baita herritarrentzat ere, oro har. Jakin dezaten, esaterako, nola funtzionatzen duen araudiak, nola egin behar den eskaera prozesua, nola egiten zaien harrera hona iristen diren errefuxiatuei... Hau da, hasieran ideia zen gutxienez oinarrizko jarraibide batzuk ematea ikuspuntu juridikotik eta sozialetik.

Beraz, ukitu dibulgatibo bat du ikerketak.

Bai, nagusiki bai. Gainera, ikerketa egiteko orduan eduki dugun erronka handienetako bat izan da hizkuntza juridikoa bazter uzteko ahalegina egitea, mundu guztiarentzako ulerterrazagoa izate aldera. Horregatik, saiatu gara, esaterako, hainbat iturriri esker lortutako lekukotzen zatiak sartzen. Izan ere, errefuxiatuaren etiketa horren azpian pertsonak daude, esperientzia pertsonal bat dutenak. Modu horretan, ukitu humanoagoa eman nahi izan diogu auziari.

Errefuxiatuen giza eskubideak nola ezartzen dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan?

Hasteko, ñabardura garrantzitsu bat egin behar da. Errefuxiatuen nazioarteko babesaren eta harreraren eskumena estatuak du. Dena dela, harreraz ari garenean,eskumenaren zenbait alor autonomia erkidegoei dagozkie. Kasu honetan, hemen, bai Eusko Jaurlaritzari, bai diputazioei, baita udalei ere. Beraz, errefuxiatuen giza eskubideak bermatzen dira, nagusiki, instituzio horiek eskaini dezaketen harreraren bidez.

Eta nola gauzatzen da?

Bada, osasun arretaren bidez, hezkuntzarako eta lan merkaturako sarbidearen bidez, hizkuntza ikasteko sarbidea eskainiz... Bada, gainera, beste aldagai bat zeharkakoagoa dena eskubide horiek bermatzen ahalegintzeko orduan: instituzioen eta erakunde sozialen lankidetza eta koordinazioa.

Hori esaten dute arauek. Baina idatziz jasota dagoena betetzen da gero?

Gure ondorioa da nazioarteko eta Europako estandarrak betetzen direla. Hori bai, zenbait alderdi—esaterako, etxebizitzarako edo lan merkaturako sarbidea— hobetu daitezke. Proposatzen dugu, gainera, entitateen betebeharrak argiago zehaztea, dena hobeto planifikatuz gauza guztiek hobeto funtziona dezaten.

Hau da, argiak eta itzalak daudela kudeaketan, ezta?

Tira... Uste dut bide egokia hartu dela. Eusko Jaurlaritzaren kasuan, nahiko berria da Auzolana proiektu pilotua. Ezin izan dugu guztiz aztertu, oraindik ere gauzatzen ari delako eta helburuak bete dituen ezin izan dugulako ikusi. Baina aztertu ahal izan dugu, adibidez, Bizkaiko Diputazioaren Goihabe programa. Badakigu ondo funtzionatzen ari dela, eta estaldura nahiko egokia ematen diela pertsona horien beharrei. Iruditzen zaigu, oro har, bide egokia hartu dela, baina aipatu ditugu esparru batzuk non uste dugun oso beharrezkoa dela inbertsio publiko handiagoa egitea baliabide humanoei eta materialei dagokienez.

EB Europako Batasunak dauka errefuxiatuen nazioarteko babesaren eskumena, eta hark kudeatzen du. Horrek nola eragiten dio tokian tokiko kudeaketari?

Auzi hau mugaz gaindikoa denez, eta zuzenean edo zeharka estatu kide guztiei eragiten dienez, Europa mailan kudeatu behar da. Maila horretan adosten dena estatuetara iristen da, baita autonomietara ere. Espainiaren kasuan, guk aipatu dugu Europan egun indarrean dagoen arautegia ez dela txertatu Espainiako zuzenbidean. Esaterako, asilo legeak ez du araudiaren arabera garatzen zer bihurtzen diren arautegi horrek errefuxiatuei aitortzen dizkien eskubideak. Alde horretatik, oztopo batekin topo egiten dugu. Araudiaren arabera garatu izan balitz, autonomia erkidegoek berek ekarpena egin ahal izango lukete harrerari dagokionez, eta beren egitekoa argiago artikulatu ahal izango lukete.

Adibide gisa, Kataluniako harrera legea jarri dugu. Immigrazio teknikarientzat, esaterako, oso garrantzitsua da beren egitekoa bermatzen duen oinarri juridiko bat edukitzea. Bai, distantzia handia dago Bruselan negoziatzen denaren eta gero hemen gertatzen denaren artean, baina, egiazki, auzi beraren parte da dena.

Baina ba al dago burokrazia hori arintzeko modurik?

Indarrean dauden arauak aldatzeko erreparoak dituzte zenbait estatu kidek. Eztabaidagai nagusia Dublingo irizpidea da; hau da, lehen sarrera estatuak har dezala ardura. Europa mailan blokeo politiko bat dago, eta horrek eragozpenak sortzen ditu.

Kataluniako esperientzia aipatu duzu lehen. Eredugarria da?

Kataluniako lege horrek zehazten du nori dagokion erantzukizuna, eta zertan gauzatzen diren Kataluniako autonomia erkidegoak harrerari dagokionez dituen betebeharrak. Hemen ez dugu legedi hori, baina ez du esan nahi [harrera] egin ezin dugunik. Hori bai, oinarri juridiko handiagoa emango lieke administrazio publikoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.