Turkiak HDPko hainbat militante atxilotu ditu Ipar Kurdistanen

Atxilotuen artean hiru adingabe daude. Ankarak «talde terrorista bateko kide» izatea egotzi die guztiei. Altxatu Rojavaren Alde plataformak Turkiaren aurkako nazioarteko kanpaina bat hasi du

Kurduen aldeko manifestazio bat, Genevan, Suitzan. MARTIAL TREZZINI / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Turkiak HDP Kurdistango Herriaren Alderdi Demokratikoko hamalau kide atxilotu dituazken bi egunetan. Horietatik bost Sirnak probintzian atzeman zituzten segurtasun indarrek atzo. Alderdiko iturrien arabera, Polizia indarrez sartu zen militanteen etxeetan, eta hainbat kalte eragin zituen. Turkia mendebaldeko Ortaklar barrutian, berriz, HDPko tokiko arduradun Teklin Erikli atxilotu zuten. «Miaketa egiten zuten bitartean, familiako gainontzeko kideak lurrean etzanarazi zituzten, eta Erikliren 12 urteko semeari pistola jarri zioten buruan», salatu dute lekukoek.

Turkiak maiz egiten ditu HDPren aurkako operazioak. «Talde terrorista bateko kide» izatea egozten die alderdiko militanteei. Joan den astean, esaterako, beste hamar kurdu atxilotu zituzten akusazio horren pean; tartean, alderdiko gazte mugimenduko hiru adingabe.

Bestalde, Altxatu Rojavaren Alde nazioarteko plataformako kideek kanpaina berri bat jarri dute abian. Abuztuaren 15a aukeratu dute horretarako, egun horretan, baina 1984an, PKK Kurdistango Langileen Alderdiak Turkiaren aurkako erasoaldi bat abiatu zuelako, Siirteko eta Hakkariko polizia-etxeei erasoz. «Talde txiki baten erasoa izan zena, milioika lagunen borroka bilakatu zen. 1990eko hamarkadako matxinada jendetsuei esker, urratsak egin genituen demokrazian, eta hortik etorri zen Rojavako iraultza ere», aldarrikatu du plataformak.

Norberak bere estatuan presio egin eta agintariek eta enpresek Turkiarekiko harremanak etetea da kanpainaren helburua. «Orain arteko lanari esker lortu dugu hainbat enpresak okupatzailearekiko harremanak etetea, Turkiak armak eta ibilgailu blindatuak egiteko behar duen materialak eskuratzea eragotziz. Kontratu batzuk eten ahala, ordea, beste batzuk agertu dira, eta, oraindik ere, turismoaren irabaziek gerra kanpainarekin jarraitzea ahalbidetzen diote Ankarari», ohartarazi dute.

Plataformak helburu jakin bat ere jarri du, Europako Batasunak diruz laguntzen duen berrikuntza programa bat. Mugimenduak ohartarazi duenez, programa horren laguntzarekin, Turkiak bere kabuz eraiki ahal izango lituzke gerrarako tresnak. Horrez gain, salatu dute programa horretan parte hartzen ari den Turkiako ikerketa enpresak kanporatu egin dituela gobernuaren politikekin bat ez datozen zientzialariak.

Kurdistan 'turkiartzen'

Idlibetik Afrinera, lurrak okupatu ahala, tokien izenak aldatu eta Ankarak aukeratutako pertsonak jarri dituzte gobernadore karguan eta administrazioko arduradun postuetan, eta baita turkiar kultura bultzatzeko taldeak sortu ere.

Turkiako Atzerri ministro Mevlut Çavu?ogluk berak iragarri duturkiar herritartasuna emango diotela bere burua turkiartzat zuen edonori. Kurduen aldeko mugimenduek salatu dute, ordea, Kurdistan «turkiartzea» duela helburu operazioak. Batetik, Siriatik Turkiara ihesi joandako herritarrak Siria iparraldeko eta Kurdistango kanpalekuetan kokatuz; eta, bestetik, Atzerri ministroak berak esan bezala, turkiar herritartasuna emanez hala eskatzen duen edozeini, eta, gutxinaka, eskualdeko arabiarrak eta kurduak kanporatuz.

Bestalde, Recep Tayyip Erdogan presidenteak ohartarazi du Kurdistan Autonomoa bonbardatzen jarraituko dutela Irakeko Gobernuak aurre egiten ez dien bitartean. Ankarak PKKren aurka egiteko aitzakia baliatzen du eskualdeari erasotzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.