Trumpek horma eraikitzeko duen planari zati bat blokeatu diote

Neurria behin-behinekoa da, eta AEBetako presidenteak ezingo ditu murruaren proiektura bideratu Pentagonoaren eta Altxorraren funtsak. Epaileak «denbora gehiago» hartuko du auzia aztertzeko

Langile batzuk Mexikoko mugan dagoen horma bat zaharberritzen, iaz, Kaliforniako San Diego hirian. DAVID MAUNG / EFE.
ander perez zala
2019ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidentearen proiekturik ezagunenak, Mexikoko mugan horma bat eraikitzeko proiektuak, beste oztopo bati egin beharko dio aurre, Kaliforniako epaile batek atzo behin-behinean blokeatu baitzuen plan horren zati garrantzitsu bat; zehazki, bi erabaki hartu zituen Haywood Gilliamek: batetik, Trumpek ezingo du Pentagonoaren eta Altxorraren funtsik bideratu proiektu horretara, larrialdi nazionala deituta egin asmo zuen bezala; bestetik, murruaren eraikuntza bi hiritara mugatu du: El Pasora eta Yumara.

Joan den otsailean, AEBetako Kongresuak onartu zuen mila milioi euro inguru bideratuko zituela hormaren eraikuntzara, baina kopuru hori urrun geratu zen Trumpen oinarrizko zenbakitik, bost mila milioi eskatu baitzituen. Hori ikusita, AEBetako presidenteak larrialdi egoera deklaratu zuen Mexikoko mugan, erabaki horrek ematen baitio modua Pentagonoaren eta Altxorraren funtsak kongresuaren onespenik gabe nahi bezala bideratzeko; haren kasuan, hegoaldeko mugan horma bat eraikitzeko. Ordea, Kaliforniako epailearen iritziz, presidenteak «kongresuaren baimenik gabe» jardun dezakeelako ideia «botere banaketaren printzipioen aurka» doa, eta horren ondorioz hartu du planaren zati bat behin-behinean blokeatzeko neurria. Erabaki horiekin, Gilliamek arrazoia eman die AEBetako hogei estaturi eta hainbat erakunde ekologistari.

Larrialdi nazionalari esker, Trumpen asmoa zen Pentagonoari eta Altxorrari bideraturiko ia sei mila milioi euroak 376 kilometro luzeko proiektura bideratzea; kongresuak onarturiko kopuruari gehituta, zazpi mila milioi euro inguru izango zituen 2016ko hauteskunde kanpainako promesik garrantzitsuena betetzeko.

Trumpen arrazoiak

Larrialdi nazionala justifikatzeko, AEBetako presidenteak argudiatu zuen beharrezkoa zela herrialdearen hegoaldean duten «krisi humanitarioari» aurre egitea, «drogen» eta «pertsonen trafikoaren inbasioaren» ondorioak pairatzen ari direlako.

Atzoko erabakia behin-behinekoa da, eta premiazko izaera du, epaileak azaldu zuenez. Orain, «denbora gehiago» hartuko du auzia eta salaketa aztertzeko, eta behin betiko erabaki bat hartzeko. Horren inguruko datarik ez zuen jakinarazi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.