Plaza bat Cabacasentzat

Iñigo Cabacas gogoratu, eta harentzako egia, justizia eta erreparazioa eskatu dituzte Bilbon, ertzainek jaurtitako pilotakada batek jota hil zenetik hamar urte diren honetan.

Ehunka pertsona batu ziren atzo, Bilboko Maria Diaz de Haro kaleko kantoian, Iñigo Cabacasen omenez antolatutako ekitaldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Inigo Astiz
Bilbo
2022ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Iñigo Cabacasen lagunek urteak daramatzate Ertzaintzaren pilotakada batek gaztea jo zuen Bilboko Maria Diaz de Haroko kantoian loreak landatzen. Lau egun eman zituen koman kolpe haren ondorioz, eta atzo bete ziren hura hil zenetik hamar urte. Omenaldi jendetsua egin zioten, eta, urteotan auzitegietan, kalean zein etxean gertu izan dituzten lagun, senide, abokatu eta kazetariei eskerrak ematearekin batera, loreak zaintzen dituzten lagunen keinua izan zuen gogoan Fina Lizeranzu amak. «Astelehenero etortzen naiz hona, eta, azkenaldian, egunero. Pentsatuko dute batzuek, 'baina emakume hori nola joan daiteke semea hil zioten lekura?'; bada, etortzeak on egiten didala esango dizuet nik, eta gaizki egoten naizela etortzen ez banaiz». Egia, justizia eta erreparazioa ez ezik, halakorik berriz ez gertatzeko bermeak ere eskatu zituzten ekitaldian, eta kantoia, sinbolikoki, Iñigo Cabacas Lizeranzu plaza izendatzen duen plaka bat ere bistaratu zuten.

Erantzun zeharo asimetrikoa jaso dutela salatu zuten senide eta lagunek ekitaldian. Alde batetik, etengabea izan baita herritarren babes eta gertutasuna, eta, beste alde batetik, erakundeetan beti topatu dutelako «horma bat». Oier Amorrortu Cabacasen lehengusuak eta Eneritz Plaza Iñigo Cabacas herri ekimeneko kideak eman zituzten azalpenak omenaldian. «Hamar urteotan instituzioetatik ezezkoak jaso ditugu, beti hitz politekin, baina inongo aitortzarik eta erreparaziorik ez». Eta, neurri batean, asimetrikotasun horren erakusle izan zen ekitaldia bera, lagunarteko omenaldiaren eta protesta publikoaren artean. Eta ideia bera izan zuen ahotan Manu Cabacasek ere, Iñigo Cabacasen aitak, lagun eta gertukoen besarkada eta opariak jaso bitartean egindako hitzaldilaburrean: «Ez dugu epaitegian irabazi, baina bai kalean».

Amorrortuk eta Zabalak ekitaldian gogorarazi zutenez, berez, oraindik ere zabalik dago bide judiziala, senideek oraindik Europan jarritako helegitearen zain jarraitzen baitute. Hain zuzen, kasuak epaitegietan izandako bidea «zaila» izan zela salatu zuen Jone Goirizelaia abokatuak, atzo, oholtzara familiari doluminak azaltzera igotakoan. «Traba asko izan ditugu», laburtu zuen. «Fiskalak ez gaitu une bakar batean ere lagundu, eta gertatutakoaren benetako arduradunak epaituen aulkian eser zitezen saihestu du». Eta horregatik erabaki zuten iaz Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordera jotzea. «Europara jo dugu, hemen lortu ez dugun justiziaren bila».

2018an egindako epaiketa da zehazki NBEra eramandakoa. Prozedura bera.

Zigortu bakarra

2018an heldu zen Bizkaiko Lurralde Auzitegira Cabacas zauritu zuten gauean izan zen Ertzaintzaren operazio taldeko sei kideren aurkako epaiketa. Cabacasen abokatuek hala eskatu arren, fiskalak ez zuen poliziabururik eser zedila eskatu, eta, beraz, epaitu gabe geratu zen 2013an ezagutarazi ziren audioetan, Cabacas zegoen ingurura «zeukaten guztiarekin» sartzeko agindua eman zuen Ugarteko ezizeneko arduraduna. Sei ertzainetako bakarra jo zuen epaitegiak errunduntzat, eta bi urteko espetxe zigorra eta lau hilabeteko inhabilitazioa ezarri zion. Ertzaintzaren erantzuna desegokia izan zela ere ebatzi zuten. Edonola ere zigortutako ertzainak ez zuen espetxe zigorrik bete behar izan, 2021an libre utzi baitzuen Bizkaiko Auzitegiak, bi urtez legerik ez hausteko baldintzarekin.

2012ko apirilaren 9an gertatutakoa izan zuen gogoan Plazak atzoko ekitaldiaren hasieran. Gogoratu zuenez, Maria Diaz de Haro kaleko kantoian, «neurriz kanpokoa» izan baitzen Ertzaintzaren erantzuna. «Hemen ez zegoen inolako arazorik, haiek etorri ziren arte». Gomazko pilota batekin jo zuten buruan Cabacas, eta Zabalak salatu zuen oraindik ere ez dagoela debekatuta holako pilotak erabiltzea. «Ez daude debekatuta», gehitu zuen Amorrortuk ñabardura, «baina ezin dituzte erabili, gizarteak arbuiatzen dituelako».

«Bestelako polizia eredu bat» ere galdegin zuten, «zigorgabetasunik gabekoa», eta erakundeek Cabacasen gurasoak «bigarren mailako biktimatzat» tratatu zituztela ere salatu zuten.

Loreak eta plaka

Txalaparta saio labur baten ostean, Arkaitz Estiballesek hasi zuen ekitaldia, eta hiru bertsotan egin zuen Cabacasen auziak hamar urteotan egindako ibilbidearen kronika kondentsatua. Heriotzaren uneaz kantatu zuen lehenik: «Ospakizun handi batean/ zegoenean Bilbo,/ Deustun armak kargatuta,/ furgonetara igo./ «Entren con todo a la Herriko»,/ ez zentzu, ez motibo:/ oso metro gutxitara egin zizuten tiro./ Gero epaitegietan hil zintuzten berriro,/ baina gure memorian bizi zara, Iñigo». Arduradun politikoei bota zien bigarrena: «Manu [Cabacas] eta Fina [Lizeranzu] zeuden/ azalpenen aiduru:/ «no ha sido un pelotazo»,/ lehen gezurra helburu,/ ta horren erantzuleak/ ezagutzen ditugu:/ Jaurlaritzako poltronan/ bakezaleen guru,/ tirogileak, mandoak/ ta pare bat sailburu;/ zuek egin zenutena ere oroitzen dugu».

Eta, azkenik, urteotan herritarrek senideei erakutsitako gertutasunari kantatu zion hirugarren eta azken bertsoa Estiballesek. «Manu eta Fina jaso/ guztion besarkada./ Gaurtik aurrera, ongi etorri/ Iñigoren plazara./ Nahiz eta bidean izan/ oztopo eta traba,/ seme bat galtzea beti/ ordezkaezina da,/ baina hor zaudeten artean,/ hemen egongo gara./ Orain dauzkazue mila/ seme eta alaba».

Lore eskaintza batekin eta plazari izen berria ematen dion plaka agerian jarriz amaitu zen ekitaldia. Besarkadak, txaloak, eta aldarrikapen modura azken leloa. «Justizia, Iñigorentzat»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.