Albistea entzun

Poliziak Nicholsi eman zion jipoiak protestak piztu ditu AEBetan

Ostiralean publiko egin zituzten bost poliziak gazte afro-amerikarrari eman zioten jipoiaren irudiak. Grabazioetan ikusten denez, bortizki jo zuten, baita aurre egiteko aukerarik ez zuenean ere
Poliziaren indarkeriaren kontrako manifestazio bat, atzo, Atlantan, Georgia estatuko hiriburuan.
Poliziaren indarkeriaren kontrako manifestazio bat, atzo, Atlantan, Georgia estatuko hiriburuan. ERIK S. LESSER / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Gorka Berasategi Otamendi -

2023ko urtarrilak 29

Poliziaren bortizkeriak haserre olde bat eragin du berriz ere AEBetan. Herrialdeko hainbat hiri garrantzitsutan manifestazioak egin zituzten herenegun, eta gehiago espero ziren Euskal Herriko goizalderako, Tyre Nichols 29 urteko gazte afro-amerikarraren heriotza salatzeko. Memphisko bost poliziak Nichols jipoitu zuten, urtarrilaren 7an, eta hiru egun geroago hil zen, ospitalean. Herenegun, Memphisko agintariek publiko egin zituzten jipoia jasotzen duten bideoen grabazioak. Horietan ikus daiteke poliziek pistola elektriko batekin tiro egin ziotela Nicholsi, eta ostikoak, muturrekoak eta borrakadak jo zizkiotela, baita poliziei aurre egiteko inolako aukerarik ez zuenean ere.

Bideoen edukia publiko egin baino lehen, Cerelyn Davis Memphisko poliziaburuak aurreratu zuen polizien portaera «ankerra» izan zela, eta irudiek Rodney Kingen jipoia ekarri ziotela gogora —Los Angelesko Poliziak bortizki jo zuen 1991n—.

Auzipetutako polizien esanetan, Nichols trafiko urraketa batengatik geldiarazi zuten, bere autoa gidatzen ari zela: «Ausarkeriaz gidatzeagatik». Poliziek soinean zeramatzaten kameretako eta kaleko kamera bateko irudiek erakusten dutenez, Nichols indarka atera zuten gidariaren aulkitik. Gazteak adierazi zien ez zuela ezer egin, eta etxera bidean zihoala. Poliziek ahozpez etzatera behartu zuten, eta piper gasa jaurti zioten aurpegira. Orduan, Nicholsek ihesari ekin zion, eta polizietako batek pistola elektrikoarekin egin zion tiro. Gaztea zortzi bat minutu geroago atxiki zuten berriz, inguruko auzo batean. Poliziek lurrera bota zuten, eta, haietako bik eusten zuten bitartean, ostikoak, muturrekoak eta borrakadak jo zizkioten. Bideoetan, Nichols laguntza eske entzu daiteke. «Ama! Ama!», oihukatu zuen. Etxetik 75 metro eskasera zegoen.

Nichols jipoitu zuten poliziak auzipetu egin zituzten ostegunean, bigarren graduko hilketa eta bahiketa delituengatik, besteak beste. Poliziak —bostak afro-amerikarrak— espetxeratuak izan ziren behin-behinean, baina aske dira orain, bermea ordainduta.

Ben Crump Nicholsen sendiaren abokatuak hiriko agintariei eskatu die Memphisko Poliziaren talde berezi batzuk desegiteko. Horien artean, Scorpions unitatea delakoa, hirian bortxazko krimen gehien jasaten duten auzoak ikuskatzeko sortutakoa. Auzipetutako polizietako batzuk unitate horretako kideak dira.

Jim Strickland Memphisko alkateak azaldu duenez, talde horren jarduna etenda dago, eta Poliziaren «kulturan» jarri du arreta, poliziek hiriko komunitatearekin duten harremana aldatu behar dela adierazita.

Indarkeria baztertzeko deia

Joe Biden AEBetako presidenteak adierazi zuen «haserre» eta «sakonki minduta» dagoela bideoen bidez ezagutu diren gertakariengatik. Irudi gordinek herritar askorengan eragin duten samina aurreikusita, eskatu zien heriotza salatzeko egingo ziren protestak baketsuak izan zitezela. «Haserrea ulergarria da, baina indarkeria ez da onargarri». Ildo beretik mintzatu ziren hainbat hiritako Polizia arduradunak, eta ohartarazi zuten protestarako eskubidea bermatuko dutela, baina ez dutela istilurik onartuko. Nicholsen senideek ere bide baketsuen bidez manifestatzeko eskatu zien protestara irteteko asmoa zuten herritarrei.

Poliziek Nicholsi eman zioten jipoiaren irudiak publiko egin eta ordu gutxira, manifestazioak egin zituzten Washingtonen, New Yorken, Los Angelesen, Sacramenton, Atlantan, Seattlen eta Memphisen bertan, besteak beste. Azken horretan, manifestariek autobide nagusi batzuk moztu zituzten, baina ez zen istilu larririk izan. Gaur goizalderako mobilizazio gehiago zeuden iragarrita.

Polizia indarkeriak arrazakeriaren kontrako manifestazio olde indartsu bat piztu zuen 2020an, Minneapolisko polizia zuri batek George Floyd afro-amerikarra itota hil ostean. Black Lives Matter mugimenduaren eztanda izan zen. AEBetako hiri batzuetan istiluak gertatu ziren. Mobilizazioek eztabaida publikoan txertatu zituzten Poliziaren finantzaketa eta haren egitekoa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa, joan den otsailean, Moskun egin zuten bilera batean. ©VLADIMIR ASTAPKOVICH / EFE

Errusiak iragarri du Bielorrusiara hedatuko dituela arma nuklearrak

Gorka Berasategi Otamendi

Arma nuklearrak ez ugaritzeko nazioarteko konpromisoak beteko dituela nabarmendu du Putinek. AEBek egiten dutenaren pareko neurria dela argudiatu du. Biltegi bat izango du prest uztailerako
 ©JOAN CABASES

«Okupazio baten mende luzaro egonez gero, gorrotoa pizten zaizu»

Joan Cabases

Israelen sorrera ahalbidetu zuen gobernuan egon zen Barag. Ondoren, ordea, irauli egin zuen bere bizimodua eta palestinarrei laguntzen hasi zen. 22 urte daramatza horretan, eta argi du «indarkeria eta mendekuak» ez dutela bakerik eramango Ekialde Hurbilera.
Etxebizitzak eta ibilgailuak, tornadoak hondatuta, AEBetako Rolling Fork herrian. ©@JordanHallWX

Tornado batek gutxienez 26 hildako utzi ditu Mississippin eta Alabaman

Gorka Berasategi Otamendi

Dozenaka dira zaurituak, eta gutxienez lau lagun desagertuta daude. Bilaketa eta erreskate taldeak lanean ari dira goiz-goizetik.

Rahul Gandhiren aldeko protesta isila, atzo, Mumbain. ©DIVYAKANT SOLANKI / EFE

Indiako oposizioburuaren aurkako zigorrek lurrikara politikoa eragin dute

Maddi Iztueta Olano

Lehen ministroaren aurkako difamazio iruzkinak egiteagatik, bi urteko espetxealdira kondenatu dute, eta parlamentuko behe ganberatik bota

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...