Javier Esparzaren dilema: EAJz mozorrotu ala Unidad Alavesa izan

UPN beherantz doa aspaldi; arnasa hartu du udal nagusietan, baina ezin du ezkutatu egiturazko ahultasuna. Zirt edo zart egin behar du alderdi eskuindarrak: eragina galtzen jarraitu edo sozialistekin aliantza estrategikoak egin

Javier Esparza UPNko presidente eta Nafarroako Gobernuko lehendakarigaia, maiatzaren 20an, udal eta foru hauteskundeetako kanpaina ekitaldi batean. I. U. / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2023ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Álava como Navarra. 1998ko hauteskunde kanpainan, lelo hori erabili zuen Unidad Alavesa alderdi eskuindarrak. Pablo Mosquera lehendakarigaiak argudiatu zuen Nafarroakoaren gisako foru erregimen bat nahi zuela Arabarentzat ere, Eusko Jaurlaritzak herrialdea baztertzen zuelakoan. Besteak beste, salatu zuen Jose Antonio Ardanza lehendakariaren gobernuak baliabide gehiago jartzen zituela «Araba euskalduntzeko, enplegua sortzeko baino». Unidad Alavesak beste eredu baten alde egiten zuen: UPNk gorpuzten zuen horren alde, alegia.

Izan ere, garai gozoak ziren horiek Miguel Sanzen alderdiarentzat. PSN-CDN-EA hirukoa leherrarazita, aise eusten zion UPNk aginteari bai udaletan bai gobernuan, eta Espainiako eta Europako bozak ere nagusitasun handiz irabazi ohi zituen: 2000. urteko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, adibidez, UPN-PP koalizioak poltsikoratu zituen Nafarroako boto paperen erdiak. Alternatiba sendorik ez zen antzematen ahal.

25 urteren ostean, baina, haizea aldatu da Vianako printzearen plazako egoitzan. Bai: UPN izan zen boto gehien eskuratu zuen indarra iragan maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetan, eta bai: iragan larunbateko udalen eraketan ere, arnasa hartu ahal izan zuen, PSNren eskutik Nafarroako udalerririk handienetan aginte makila eskuratuta.

Eta, hala ere, UPN-n ez daude pozik.

Iruñean, adibidez, azken 35 urteotako zinegotzi kopuru txikiena dute erregionalistek: bederatzi. EH Bilduk aurrez aurre so egin die lehen aldiz aurtengo bozetan —zortzi ordezkari ditu Joseba Asironen taldeak—, eta sorpasso-aren mamua gertuegi ikusi du eskuin espainiazaleak. Garaipen pirrikoa izan da Iruñekoa, gainera, gobernabidea zail izanen baitu Cristina Ibarrolak, gutxiengoan: PPren bi zinegotziak gehituta ere, ez da gai gehiengoa lortzeko.

Eskuina, zatituta

Eskuinaren galera ez da oraingoa, beheranzko eskailera luze baten azken-aurreko maila baizik. Urrun, oso urrun gelditu dira Yolanda Barcinaren burdin eta porlanezko agintaldiak, zeinetan oposizioak ez baitzuen ezer egiteko aukerarik txikiena ere.

Orain, lehen aldiz, eskuin espainiazalea hainbat pusketatan zartatua da Nafarroan; horrek mesfidantza eta ezinegona piztu ditu alderdi bateko eta besteko ordezkarien artean. PPk babesa eman zion UPNri Iruñeko alkatetzari eusteko, baina, halere, Carlos Garcia Adaneroren hitzek agerian utzi zuten bi indar kontserbadoreen arteko zauria ez dela itxi: «UPNren benetako asmoa da PSNrekin gobernatzea, argi dugu hori», esan zuen PPkoak.

Elkarrekiko mesfidantza horren ondorioz, lehen aldiz, ez da beteko Javier Gomara UPNko buruzagi historikoak definitu zuen aliantza eredua: «Nafarroan, gu [UPN]; Nafarroatik kanpo, zuekin batera [UPN-PP]». Aurrerantzean, nor bere aldetik ariko dira UPN eta PP, bai Nafarroan, bai Nafarroatik kanpo. Espainian haizea alde dutela baliatu nahi du Alberto Nuñez Feijooren alderdiak, UPNri beste kolpe bat emateko, eta horretarako, UPNn aritutako izen ezagunak jarri dituzte zerrendan: Sergio Sayas eta Adanero bera, esate baterako. Ikusteko dago eskuineko boto emaileek zer lehenetsiko duten uztailaren 23an: Pedro Sanchez zigortzea, Espainian goranzkoan den eskuineko alderdi nagusiari babesa emanez; ala tradizioari eustea eta UPNri botoa ematea. Erabaki horren araberakoa izanen da, hein batean, Javier Esparzaren alderdiaren etorkizuna: Nafarroan eskuinaren hegemonia berreskuratu ala, azken urteetako joerari eutsita, erreferentzialtasuna galtzen segitu, eragiteko gaitasunik gabe. Kasu horretan, UPN izanen litzateke Unidad Alavesaren bidea hartuko lukeena, desagertu arte.

Ispilua, Sabin Etxean

Unidad Alavesaren bilakaera ezagututa, ez da harritzekoa Javier Esparza eredu arrakastatsuago baten bila ibiltzea, erregionalismoaren enbor zimeletik kimu berdeak ernatzeko. Etxean bertan topatu du inspirazioa: Miguel Sanzen gaztatxoaren teoria famatuan. UPNren eta PSNren arteko hitzarmen bat lortzea da teoria horren helburu nagusia: gobernabidea eta statu quo-a bermatzea indar espainiazale nagusien artean, abertzaleei gobernuaren bidea ixteko.

Urteetan ongi funtzionatu zion estrategia horrek UPNri, baina 2015eko hauteskundeek birrindu zuten Sanzen gaztatxoa, erregionalisten eta sozialisten botoak batuta ere, ezin izan baitzuten galarazi aldaketa politikoa. Hurrengo urteetan, PPren aldera lerratuegi azaldu zen Esparzaren alderdia, eta horrek are gehiago zaildu zuen UPN-PSN ententea errepikatzea. Orain, ordea, abagune bat ikusi du UPNko buruak, aurreko bi legealdietan erdietsi ez zuena behingoz lortzeko: agintea berreskuratzea.

Iragan ekainaren 17an, PSNk erregionalisten esku utzi zuen hainbat udaletako aginte makila, eta horrek garaipen sentsazioa areagotu du UPNko kideen artean. Bai Ibarrolak bai Esparzak keinu argiak egin dizkiete sozialistei, gobernu alternatiboak alde batera utzi eta aitaren etxera itzultzeko eta, batez ere, EH Bilduri ate guztiak ixteko. Iruñeko alkate berriak disimulu handirik gabe erreparatu dio EAJk, PSEk eta PPk Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duten itunari. «Guretzat, EH Bildu da sektarismoa, EH Bildu da atzerapena... Hori eragotzi nahi dugu, eta Nafarroatik kanpo, gure posizioetatik oso gertu dagoen jarrera erakutsi du EAJk berak», esan zuen Ibarrolak, aginte makila hartu osteko lehen adierazpenetan. Funtsean, Unidad Alavesaren leloa berritu nahi du UPNk, 25 urte geroago: Navarra como Álava.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.