Eskola publikoari «lehentasun osoa» emateko eskatu dute Bilbon

Manifestazioa egin dute, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deituta. Eskola «bakarra, publikoa, euskalduna eta inklusiboa» aldarrikatu, eta pribatuari «mugak jartzeko» eskatu dute

Manifestazioaren burua, atzo, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2021eko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Herritar ugarik bat egin dute Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformaren deialdiarekin, eta manifestazioa egin dute Bilboko kaleetan «euskal eskola bakarra, publikoa, euskalduna eta inklusiboa» aldarrikatzeko, eta eskola publikoarentzat «administrazioaren lehentasun osoa» eskatzeko.

Manifestazioa Bizkaiko Hezkuntza Ordezkaritzatik abiatu da, Bilboko Kale Nagusian, eta Arriaga plazan amaitu da, Hezkuntza publikoaren alde. Pribatizazioari ez! goiburupean. Deialdiak eragile askoren babesa zeukan: sindikatu, elkarte eta talde askok bat egin dute deialdiarekin, eta 127 ikastetxe, haur eskola eta guraso elkartek ere atxikimendua azaldu dute. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk ordezkaritza bana bidali dute mobilizaziora.

Manifestazioaren bukaera ekitaldian, antolatzaileek adierazi dute hezkuntza sistema dualak «eskola publikoaren kaltetan» jokatzen duela, «segregazioa, bi mailako ikasleak eta gizarte haustura sortzen dituelako». «Hezkuntza ezin da merkatuaren menpe egon», azaldu dute; «hezkuntzarako eskubidea ezin da egon familien ahalmen ekonomikoaren baitan».

Manifestazioaren antolatzaileen esanetan, eskola publikoa da «inklusiboa den bakarra, gizarte kohesioari ekarpen handiena egiten diona eta gehien euskaldundu eta euskalduntzen duena». Horregatik, uste dute sare publikoa eta sare pribatu edo itundua ezin direla parekatu «tratamendu politikoan eta babes mailan».

Aukera baliatu dute eskaera jakin batzuk egiteko: eskola publikoarentzat «lehentasun osoa» galdegin dute, «eskola bakarra, publikoa, euskalduna eta inklusiboa» aldarrikatu dute, hezkuntza pribatu edo itunduari «mugak jartzeko» eskatu dute, ikastetxeen publifikazioa ahalbidetuko lukeen araudi adostu baten alde egin dute, eta «euskarazko murgiltze eredua orokortzea» proposatu dute: «Ezin da diru publikoarekin finantzatu euskaldundu ez eta integrazioaren kontra jokatzen duten ikastetxe pribatuak».

Hezkuntza akordioa

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hezkuntza akordio berria egiteko ahaleginak ere hizpide izan dituzte manifestazioaren deitzaileek. Haien ustez, eztabaida horretan gogoeta egin behar da hezkuntza sareez, finantzaketaz, murgiltze ereduaz eta segregazioaz: «Ez dugu nahi egungo sistema duala legitimatuko duen akordiorik, eskola publikoa sistemaren erdigunea bihurtuko duena baino».

«Interpelazioa» egin dute Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformako kideek: alde batetik, Eusko Jaurlaritzari, «egoera diskriminatzaile honetara iristeko egin dituen hezkuntza politikengatik»; eta, beste aldetik, sare pribatuko ikastetxeei, «beren pribilegioak mantendu eta segregazioa areagotzen laguntzen dutelako».

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari, berriz, «denona eta denontzat den eskola publikoaren alde egin eta eskola segregazioaren kontrako eta gizarte kohesioaren aldeko konpromiso argia agertzeko» eskatu diote.

Manifestazioa jendetsua, koloretsua eta jai girokoa izan da. Mobilizazioaren buruan, pankarta bat eraman dute Hezkuntza publikoaren alde. Pribatizazioari ez leloarekin; ondoren, Haurreskolak partzuergoaren pankarta joan da, eta atzetik, manifestariak, horietako asko familiak umeekin. Eskola batzuek eta IkasleSindikatuak ere pankartak eraman dituzte.

Ibilbide osoan oihuak etengabeak izan dira: «Gora eskola publikoa», «Hemen gaude, publikoaren alde», «Pribatua puztu, zerbitzuak hustu», «Pribatuaren esku, herria estu», «Publikoa, sare bakarra» eta aniztasunaren aldeko eta segregazioaren kontrako oihuak izan dira gehien errepikatu direnak.

Manifestazioa Kale Nagusian barrena joan da Plaza Zirkularreraino, eta handik Arriaga plazara egin du. Arriagan, pailazo talde batek egin ditu girotze lanak, eta gero, zenbait eskola publikotako kideek agiria irakurri dute. Arriaga plaza txiki gelditu da manifestazioan zihoan jende guztia sartu ahal izateko, eta manifestari askok zubitik ikusi behar izan dute ekitaldia. Amaitutakoan, Plaza Zirkularrerainoko tarte guztia oraindik ere jendez beterik zegoen.

Manifestazioa hasi aurretik, EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteko Lurdes Imazek eta Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformako Maribel Lopez de Luzuriagak adierazpenak egin dituzte. Esan dutenez, hezkuntza akordio berri batez eztabaidatzen ari den honetan, abagune egokia da «sistema eraldatzeko» eta eskola publikoa «hezkuntza sistemaren ardatz bilakatzeko, Europan gertatzen den bezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.